Bigarren olatuan

%x %A in Bizi gara!, Onkologikoak ez direnak

rokaputaPandemiari buruz berbetan, Goiena Telebistan egon nintzen duela hilabete bat, azkeneko aldiz, Txomin Madinaren saioan. Elkar agurtu genuen desio onekin, hurrengo hilabetean egoera egonkorra eta lasaia edukiko genuelakoan. Izan ere, momentu horietan koronabirusaren PCR positiboen zenbakiak beherantz zetozen Hegoaldeko lau probintzietan, 3 aste jarraian horrela egon zen, ospitaleratutako gaixoen kopurua ere egonkor zegoen. Arrasaten, Gipuzkoan eta EAE osoan. Nafarroa zen herrialde kezkagarriena, orain den bezala.

Gauzak modu azkarrean okerragotu dira, urrun gaude oraindik martxo eta apiriletik, baina bilakaera kezkagarria da. Lehenengo olatuan ez bezala, Gipuzkoa da herrialderik kolpatuena, eta orduan intzidentzia tasa baxuak eduki zituzten udalerriek orain datu okerragoak dituzte. Zumarraga da momentu honetan ospitale eta zonalderik okupatuena, eta ondorioz Donostia Ospitaleak ere gaixo birusdun kopuru altuegia dauka. Bestaldean, Gasteizko datuak dexente hobeak dira lehenengo olatuan baino, zorionez Debagoieneko pazienteentzat. Arrasateko ospitalean ere kontuek ez dute gainezka egin, eta datozen asteetan ikusiko dugu ea eutsiko diogun.

Etxealdi edo konfinamenduko mamuak berriro hemen ditugu, Ipar Euskal Herrian bertan eta Frantzia osoan neurria martxan dago, apur bat leunagoa bada ere. Etsigarria da, edozein modutan, atzeraka egin izana berriz ere. Bakoitzari berea eman beharko genioke, eta ez errudunak bilatu modu arin eta sinplean. Familia barneko eta lagun arteko topaketetan hainbat kasu antzematen dira, %25-33a dira. Non gertatzen dira kutsatzeen gainontzeko %66-75a? Lanean, garraio publikoan? Jarduera ekonomikoa martxan mantentzeko mugimenduetan infektatzeko aukera dago, eta beste aldean langabeziaren arriskua. Oreka konplikatua.

Ataka honetatik ateratzeko, eskala handian egiten ari dira PCR probak uztailetik aurrera. 5.000, 7.000, 9.000 egunean. Arakatzaileek sekulako lana egiten ari dira, laborategiek ere esfortzu itzela egiten dute, aitortzeko modukoa. Sare horretan, Lehen Mailako Arretako familia medikuak eta erizainak jo eta ke dabiltza. Gogor ari dira pairatzen pandemia honen gainkarga osasungintzaren oinarrietan, osasun zentroetan. Aurrez aurreko kontsultak murriztu behar izaten dituzte, eta telefonoz egindako jarduera hartzen diete denbora gehiena. Hau ez da ondo ulertzen gizartearen aldetik, sarritan gaixoek jotzen dute Larrialdietara, osasun sistema hankaz gora ipini du birus honek.

Argi eduki behar dira gauzak eta, perspektiba galdu gabe, hor jarraitzen duten minbizia, Alzheimerra eta hainbat gaixotasun kroniko egunerokoan mantendu. Lehenengo olatuan, birusdunak ez diren paziente guztiekin harremana mantentzea mesedegarria izan da eurentzat, lehenik eta behin, baina baita osasungilearentzat ere, nire kasuan behintzat hala izan da. Eta berdin bigarren olatu honetan. Bakardadea eta isolamendua dira saihestu beharreko egoerak, beti ere bakardade hori norberak bilatutakoa ez denean, kasu gehienak alegia. Eta horiekin lotutako buruko desoreka guztiak, sufrimendua ekartzen duten antsietatea, larritasuna, depresioa eta beste asaldura psikiko eta psikiatriko batzuk, azken 7 hilabete hauetan sarriegi ikusten ari garenak. Batik bat adineko pertsonengan.

Eta zelan dago osasun mentala osasungileengan? Ikerketa zehatzak ez ditut irakurri, hilabete hauetan garatutako iritzi pertsonala baino ez da hau. Egoera emozionalari buruz, esango nuke haserrea dela hedatuena. Haserrea egoera etsigarriarekin berarekin, gizalegezko portaerak erakusten ez dituzten herritarrekin, agintariekin, … Nekea da ohiko beste ondorio bat. Nire kasuan, tristura da tarteka sentitzen dudana, hiritar moduan beti ere, pertsona moduan. Horregatik argi daukat bizipoza bilatu behar dugula, depresioetan ez sartzeko, erresilientzia lantzeko. Horregatik dira beharrezkoak kultura, mendia, kirola eta abar. Aire librean kutsatzeko posibilitatea askoz ere baxuagoa. Eta leku itxietan, nabarmentzekoa da zein kasu gutxi topatu dira kultura ekitaldietan, kontzertuetan, antzerkian, zineman eta abar. Zinemaldiko datuak ikusgarriak izan dira zentzu honetan.

Panorama are gehiago argitzeko, koronabirusaren aurkako lehenengo txertoak abenduan iritsi daitezkeelako zantzuak badaude. Mesfidantza dago arlo honetan, beldurra barne, balizko albo ondorioei dagokienez. Tratamendu espezifikorik ez daukagunez, txertoa da estrategia kimiko nagusia. Gripearen aurkakoa lehenago, gainkarga asistentziala ez gehitzeko, eta eskuragarri egongo denean Covid19aren kontrakoa. Profesional mordoa dabil pandemiaren hasieratik txertoen bila, une honetan hamar bat txerto kalera ateratzeko prestatzen dabiltza. Beti kontuan hartzekoak dira farmakoen eta txertoen albo ondorioak, baina baita gaixotasunek eurek eragiten dituzten arriskuak, kasu gehienetan handiagoak direnak, heriotza barne jakina. Zalantza gutxi ditut nik txertoari buruz, aje guztiak gora-behera, daukagun egoera tamalgarria baino zerbait hobea izango delako beti. Lehenengoa izango naiz ipintzen, martxan egongo denean.

Amaitzeko, Twitterren baldin bazabiltzate, gomendatzen dizuet irakurtzea bereziki aktiboak diren eta material eguneratu eta interesgarria txiokatzen duten erreferentziazko pertsona hauek: Gorka Orive, Ugo Mayor eta Jonathan Caro (EHU), Ana Galarraga (Elhuyar) eta Javi Yanguas (Aubixa, La Caixa). Jonathan eta Javi, bereziki, zahar-egoitzen egoerari eta adinkeriari buruz,azken hau beste baterako utzi dezakegun beste gai interesgarri bat.

Osasuna!

1 response to Bigarren olatuan

  1. ANA said on %x %A

    Agertu da! Dena bustitzen, berriz ere nabarmena da suntsitzeko duen ahalmena, gizarteko arlo guztietan. Ez da erraza izango hori dena kudatzea, baina zientziari eta osasun-sareari mirari azkarrak eskatzen badizkiegu, gutxienez, baliabide askoz gehiago izan beharko lituzkete aurretik.
    Txertoaren zain! Kontzientziarik eta txertaketa masiborik ez badago…. Posible izango da berriro bizitza ” normal” bat izatea?
    Nekea, tristura, etsipena..nagusitzen dira, baina espero ez dezagun inoiz esperantza puntu bat galdu:
    Pozak badaki hegan, guk baino gorago!….
    Zuk ikusi ez arren, beti hortxe dago.
    BIzipoza!!!!! Beti!

Leave a reply

电子邮件地址不会被公开。 必填项已用*标注

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

跳至工具栏