Murugainetik Murumendira
%x %A in Aulki Hutsak, Mendian Hil Hirian Hil , Suminetik bakera
Zinema asmatu baino askoz ere lehenago, historian dexente atzeraka eginda, gizakiek mundua interpretatzen zuten mitotik. Mitologia hortik dator, eta horren arabera, Murugainen herensuge bat bizi zen, Mondragoe herriko ikurra hain zuzen ere. Murumendin, bestela, Mari bizi zen, etxea Goierritik kanpoko beste mendi batzuetan ere bazeukan Dama bera.
Mitoaren aurrean zientzia joan da garatzen gizakia mendez mende. Baina, gaur egun ere, badaude hainbat esparru zientziaren irismenetik kanpo oraindik ere (zorionez) gelditzen direnak. Heriotza bezain esparru misteriodunak. Edo maitasuna, dolua ahalbidetzen duen osagai nagusia. Honi buruz hitz egiten dugu bete-betean MHHH pelikulan, eta hausnarketa hauek, normalean, adin batetik behera oso urrun gelditzen dira, Horregatik izan zen hain pozgarria Arrasateko Amaia Antzokian hainbeste gazte ikusi izana (benetako gazteak, 20-30urtekoak).
Juxe Zuazua animatu zen solasaldian parte hartzen, eta isiltasuna eta errespetua zabaldu ziren. Une zirraragarriak izan ziren, sarrerak agortu zirenez hainbat pertsonak galdu zituztenak. Albiste ona da badagoela beste egun bat programatuta Amaian, otsailaren 2an. Albiste txarra da ez dakigula zer lagako digun egiten pandemia luze honek, ea Murumendiko Damak lagunduko digun ala ez.
Murugainetik Murumendira. Deba ibaitik Oria ibaira. Ordizian egin genuen atzo Mendi Filmetik kanpoko bigarren emanaldia. Andoni Ormazabal izan genuen solasaldian, benetan bizia eta sakona izan zena. Pertsona baten ondoan zaudenean eta komunikazio jario natural bat pizten denean, aldez aurretik ezer prestatu gabe, gauza handia da. Eta hori sentitu nuen atzo Andonirekin.
Besaulkietan, Iban Toledo ordiziarra eserita zegoen. Berarekin egin nuen “Aulki Hutsak” 2013an, trilogiaren lehenengoa eta hainbat eta hainbat tokitan aurkeztu duguna. Borobil bat izan zen atzo Iban bertan egon izana. Iztuetako Ainitze eta Gorka lazkaotarrak ere hurbildu ziren, Otsagabian ezagututako lagunak. Han konpartitutako bazkari batean zerbait garrantzitsu piztu zen, dokumental honekin lotutakoa. Patxi Aierbe zaldibiarra ezin izan zen etorri. Baina oso presente eduki dut egun hauetan, berak gomendatu eta laga zidan “Cita con la cumbre” liburua, Juanjo San Sebastianena. Dokumentalaren bibliografiako zutabe sendoetako bat.
Kapela kentzeko moduko heriotzak egon badaude, Iñigo Suberbiolak pelikulan gogorarazten digun moduan. Ordiziako erdigunean izan nintzen horietako baten lekuko orain dela urte batzuk, Zumarragako Etxeko Ospitalizazioan lanean nengoenean, Amaia Apaolaza atenditzeko pribilegioa (letra guztiekin) izan nuen, eta beti gogoratuko naiz etxe horretan zegoen musika giro atsegina. Ezin zen beste modu batean izan musika manager batentzat. Garai hartan, AH hara eta hona mugitzen genbiltzan, eta Angel Katarainek lagundu zigun soinua fintzen. Angel egun haietan ezagutu nuen aurrez aurre, Amaiaren etxean. Atzoko solasaldian, hileta zibilak eta garai berrietako erritoak aipatu genituen. Amaia hil ostean, Fermin Muguruzak aktiboki parte hartu zuen agur zibiletan, kultura mundutik, Baita Ruper Ordorikak ere, besteak beste, Kafe Antzokiko urteroko kontzertuan.
Eta borobila ixteko, trilogiaren bigarrenean jorratutako hausnarketetatik, doluaz eta indarkeriaz, ezinbestean Dolores Gonzalez Katarain “Yoyes”-engana iristen gara. Angelen arrebarengana. Dolu kolektiboei buruz ari garela. Suminetik eta saminetik bakera.
Ederra izango litzateke Murumenditik Murugainera berriro itzultzea. Aretxabaleta zain daukagu, herensugeak uzten baldin badigu hurbiltzen.
Leave a reply