Euskal Herritik kanpora
%x %A in Mendian Hil Hirian Hil
Neure hirian abenduan estreinatzea, Mendi Film Festivalean, Bilbon. Urtarrilean bi saio jendetsu haiek egitea Arrasaten. Datorren hilabetean neure herrian azkenean aurkeztea, Mendi Tourrean, Zarautzen. Eta aste honetan, jaiolekuan.
Burgosen bizi zen amona, amaren aldetik, abuela Mary. Van Golem zinema aretoetatik oso gertu, Briviesca kalean. Burgos nire amonaren etxea zen niretzat. Hango nongotasuna ez daukadan arren, bertan bizi izan ez naizelako, sekulako lotura afektiboa daukat hiriarekin. Oroitzapen on mordoa ditut, horietako batzuk zinemarekin lotutakoak: Txikitan, Gamonal auzoan zinema bat bazegoen, eta anaia, arreba eta lehengusuarekin joaten nintzen arratsaldeko saio bikoitzetara Gabonetan edo. 16:00etan sartu eta 19:00etan edo 20:00etan irten. Gaztetan, Golem aretoak zabaldu zituzten, orain dela 20 urte edo gehiago. Karrera garaian, Burgosera joaten nintzen partzialak ikastera, Aste Santuan. Han egoten nintzen enklaustratuta: gosaldu-ikasi-bazkaldu-ikasi-afaldu-lo zen bizimodua. Amonak esan behar zidan etxetik zeozer ateratzeko. Eta tarte bat hartuz gero, filmen bat ikus-entzutera joateko izaten zen. “La lista de Schindler” bezalako pelikulatzarrak ikusi nituen garai hartan.
Ostegunean Virginia Ruiz erradionkologoak lagundu ninduen dokumentala eman osteko solasaldian. Granadan ezagutu ginen, mundu birtualetik kanpo, Virginia eta biok. 2017ko maiatzean izan zen, H-UCI mugimenduak antolatutako jardunaldi zoragarri batzuetan. Urrun gelditzen dira garai berez hurbil horiek, kongresuak egiten genituenak. Eta urrun gelditzen da osasungintzaren humanizazioa pandemia garai honetan. Honi buruz ere solastatu ginen herenegun erdi betetako Van Golem aretoan: Jendea bakarrik ez hiltzearen garrantziaz, doluaren garrantziaz. Publiko parte hartzailea izan genuen, “Hirian hil” profilekoa. AECC elkarteko psikologoa, medikuak, erizainak, hiritarrak. Angélica González Diario de Burgoseko kazetaria ere hurbildu zen (“Decir adiós en paz”), asko nabaritzen da noiz idazten den bihotzetik eta sinestuta eta noiz den buruko ariketa huts bat. Juan Rodríguez ere besaulkien artean egon zen, Arrasaten izan genuen egoiliar moduan “atzo” arte, eta orain bere hirian dabil lanean. Juanek inork gutxik jorratzen duen gaiari ekin zion gurekin egon zenean, espiritualtasunaz eta zainketa aringarriez. Giro oso polita piztu zen zineman, pelikulan aipatzen dugun etxeko sua bezalakoa.
Bestela, batek baino gehiagok azpimarratu zuen Euskal Herrian dagoen mendizaletasuna, Burgos aldean hain errotuta ez dagoena. Egia da, eta neurri handi batean mendiek egiten gaituzte garen bezalakoak, nire kasua da behintzat. Duela urte batzuk, Burgosko probintzian pare bat Galeusca egin izan ditugu Luisek, Franxok eta hirurok. Lehenengoan San Millán (probintziako altuena) eta Pico Mencilla igo genituen, Demandako mendilerroan. Bigarrenean, Obarenes mendietan (Monte Umión) pozik ibili ginen, Frías eta Pancorbo herri ikusgarrien artean.
“Las montañas nos liberan, nos iluminan, nos redimen. Las montañas nos hacen ser como somos, nos dan y nos quitan la vida”. Iñaki Ochoa de Olza.
Pasa den astean Bizkaiko bigarren udalerrian, Zaldibarren, egon eta gero, eta datorren astean Antzuolara joan baino lehen, Burgosko emanaldia izan da EHtik kanpo egin dugun lehendabizikoa.
Ortzemugan beste batzuk ere antzematen dira.
Leave a reply