You are browsing the archive for 2021 六月.

Hitz egin dezagun eutanasiaz

%x %A in Sin categoría, Zarautz Errukitsua

LaPromesaHeriotza duinaren kontzeptua hainbat pertsonak lotzen dute modu automatikoan bide bakar batekin, orain arte legezkoa izan ez dena espainiar estatuan. Duintasuna zer den definitzea ez da erraza izaten, eta batzuetan lausotasun horretatik epaitzen dugu zer den duina eta zer ez. Subjektibotasun batetik, eta egia esan ezin da beste modu batean izan. Objektiboki definitu daiteke zer den heriotza duina / ona eta zer ez? Bai, badaude kriterio batzuk, nahiko orokorrak direnak eta jende gehien-gehienak ontzat hartzen dituena. Hau guztia gero eta ikertuago dago, Medikuntzaren, Erizaintzaren eta Psikologiaren beste hainbat kontu bezala. Milaka pertsonen kasuak aztertu eta ikertu ostean ondorio batzuetara ailegatzen ari gara azken urteotan: Bakarrik ez hiltzea, sufrimendu gabe bizitza amaitzea, zeure bizitzaren zentzua topatu izana, egindakoarekin pozik egotea bestela baino, ingurukoen gainean zama askorik ez ipintzea zainketetan, agur esan ahal izatea, gehiegi ez luzatzea azken egunak, egiteke dauden kontu garrantzitsuak itxitzat lagatzea eta beste puntu batzuk daude.

Hau guztia da, hain zuzen ere, zainketa aringarriekin egiten saiatzen garena. Heriotza eta bizitzaren amaiera duinaren alde egiten dugu lan. Azken momentuetako sedazioak ipintzeaz aparte lana badugu, batez ere, komunikazioarekin. Gaixoarekin, familiarekin, beste lankideekin. Eta komunikazioa beti ez da erraza. Familiako kide guztiek ez dituzte berdin ikusi behar gauzak, nahiz eta objektibotasun batzuk egon. Lan handia, hitz batean, gauzak ondo egin nahi badituzu. Subjektibotasunak eta ikuspuntu desberdinak hor daude, eta batzuetan korapilotsua da kontua honengatik, ez hainbeste zer medikazioa ipini eta zein ez.

Zainketa aringarriak ez da espezialitate bat berez, oraindik. Medikuntza, Erizaintza eta Psikologiaren atal erlatiboki berria da, 30-40 urte dituena modu formalean eta ofizialean. Ziur nago aurretik pertsona zehatz batzuk gai zirela modu instintiboan gaur egiten duguna egiteko, seguru aski gaur ditugunak baino botika gutxiagorekin. Baina enpatia eta errukia, adibidez, ez ditugu gaur egun asmatu.

Halaber, eutanasia egon bazegoen legala izan baino lehen. Ezkutuka bideratu izan da eta izaten ari da hainbat tokitan munduan zehar. Hau da, errealitate bat da, begiak itxi eta belarriak estali arren. Gizartearen zati esanguratsu bat ozen eskatzen ari zen aspalditik, eta kasu zehatz batzuk ezagutu ditugu Euskal Herrian azken urte hauetan. Zarautzen eta Portugaleten, adibidez. Aurten espainiar legebiltzarrak eman duen urratsa zerbaiten ondorioa izan da, apeta politiko huts bat baino. Ongi etorria beraz. Martxan ipintzeko bidea, bestela, kritikagarria da eta hobetzeko modukoa, noski. Puntu honetan, merezi du Koldo Martinezen hitzak irakurtzeak. Zentzuduna da haren kritika, eutanasiaren aldeko jarrera batetik.

Luze eta zabal entzungo dugu gaiari buruz, geure artean dagoena jada. Goazen beraz hitz egitera, argudioak entzutera, teoriak baino praktikak ekarriko diguna ikustera. Lan egiten dudan ospitalean, Debagoieneko zonaldean, martxan ipini gara formatuta eta prest egoteko erronkari aurre egiteko. Osakidetzako beste osasun eskualdetan ere berdin, herren baina aurrera. Badakigu espaniar estatuko beste lurralde batzuetan askoz atzeraturik daudela gauzak, inoiz abiatuko badira zenbait lekutan….

Hitz egin dezagun ba eutanasiari buruz. Geurean adibidez, “La Promesa” dokumentala Zarautzera ekarri nahi dugu aspalditik, komunitate errukitsuaren ekimenaren barruan. Berez, antolatze lanetan hasiak ginen, koronabirusak dena gelditu zuenean. Ea oraingoan lortuko dugun, lehen erdi aipatutako Portugaleteko kasu ezaguna gure herrian lasai jorratzeko.

Ene baitan bizi da

%x %A in Bizi gara!, Mendian Hil Hirian Hil , Oroimenean

LesakaGeure haurtzaroa ez zen oso desberdina izan beste hainbatenarekin. Uda izaten zen urteko sasoirik hoberena eta esperotakoena, Gabonekin batera. Gaztaroan, zer esanik ez, gehitzen zenituen beste faktore interesgarri batzuk, herriko jaiak adibidez. Eta helduaroan ere udak mantentzen du lehentasunezko posizioa, oporraldiekin. Euskal Herritik kanpo bizi ginenean, Lekeitioko udatiarrak izan ginen urtez urte, hutsik egin barik. Eta bazegoen une berezi bat, tradizio bat, urtero mantentzen genuena: Egun euritsu bat aprobetxatzen genuen aitaren bihotzeko herrira joan eta hango familia bisitatzeko. Lekeitiotik joaten ginen Ondarroarako errepide bihurritutik Gipuzkoa aldera, eta hortik Nafarroako iparraldera.

Hondartza aldatzen genuen barnealdeko bazter horiekin, Bera eta Lesakakoak, sarritan baita Lapurdikoak ere. Liluragarria zen mundu hori niretzat txikitan, frantziar kutsu horrekin. Neurri handi batean baserriaren mundua, herriarena, euskararena. Barru-barruan txertatuta gelditzen diren kontuak dira. Hori guztia nire baitan bizi da ordutik. Lotura beste bide batzuetatik gorde izan dut ilea galtzen joan naizen heinean, eta sendotuta gelditu zen lau urte zehatzetan, amatxi, abuelo, aita eta ama bertan Lesakan lurperatu genituenean. Maddi Ane Txoperenaren “Ene baitan bizi da” liburua irakurtzean hainbat pasarterekin bat egiten nuen, deskribatutako giroarekin. Lizuniaga eta Ibardin mendateetako alde batekoa zein bestekoa.

Atzo, udaren atarian, aitaren herrian aurkeztu genuen dokumentala, Felipek lagundu ninduen. Lesakara joateko egun horietakoa izan zen, euri pixka bat tartean. Egun batzuk lehenago Etxalarren mendi buelta ederra egin genuen Kaik eta biok. Eta atzo beste tontor biografikoa izan genuen pelikulari esker. Beste zirkulu bat, lotura apur bat gehiago sendotzeko. Orain loratzen diren zuhaitz hauek dira duela 40 eta piko urte ereindakoak eta urtez urte ureztatuak. Sekulakoa da hau sentitzea ene baitan. Ez dauden horiek bertan bizi dira.

Bizir! (2)

%x %A in Bizi gara!, Mendian Hil Hirian Hil

Bizir Eguna 2021Ohituegiak gaude festa ondorengo paisaje zikin tamalgarriak ikustera. Gazteak inzibismoarekin eta zikinkeriarekin lotzeko ohituegiak, edonon botatako plastiko eta kristalekin. Izurrite hori errealitate bat da, batzuontzat ulertezina, atzeraka begiratuz gero eta geure gazte denborak gogoratuz gero (geure argilun guztiekin, noski).

Albiste ona da gazteak-ganora-garbitasuna hirukotea posiblea dela, hedabide handietan ikusiko ez dugun arren. G-z hasten dira hiru hitzak, baina beste letra batzuekin hasten diren elementuak ere gehitu ditzakegu: mendia, festa, musika, bizipoza, omenaldia… Bai, posiblea da. Atzo bertan honen guztiaren lekuko izan nintzen, Kurtzebarri azpian. “Bizir Eguna” antolatu zuten Mikel Cresporen lagunek, haren omenez. Pandemiak baldintzatuta, baina aurrera. 2020an ez bezala, dena bertan behera gelditu behar zenean. Aurrera 20 urtekoak, 40 urtetik gorakoekin batera, gehi txakurtxoren bat. Aurrera Egillorkoak, Juxe Zuazua, Txema Crespo eta Lide Crespo. Aurrera Izaskun Andonegi, atzo gerturatzerik izan ez zuena.

100 urtetik gora izango dituzten haritz horien azpian abestiak bata bestearen atzetik kateatu genituen (ikusi irudia), Beñat Arrietak gitarra hartuta. Eta, momentu batean, Ander Navarrok irakurri zuen gutunean Mikeli kontatzen zion iaztik aurrera koronabirusarekin gertatzen ari dena, eta beste hainbat kontu. Kontatu zion “Mendian hil. Hirian hil” izenburuko dokumental bat Euskalduna jauregian estreinatu genuela, eta bertan agertzen dela Mikel bera Iñaki Ochoa de Olza, Atxo Apellaniz, Xabi Ormazabal eta beste handi batzuekin batera. Gure artean jada ez daudenak, badauden arren. Atzo Mikel egon zen moduan.

Bihotzez egindako gauzak ondo edo oso ondo ateratzen dira. Eguzkipean, euripean, behelainotan edo dena delakoan, hori beti gutxienekoa da. Garrantzitsuena da oroimena pizturik mantentzea, patata tortilla, sagardoa, gazta eta menbrilloa partekatzen ditugun moduan, tristura, nostalgia, alaitasuna, zirrara eta emozio guztiak ere elkarbanatzea. Hau bai dela bizir, hau!

Mila esker zeuen etxeko atea zabaltzearren, beste behin, Egillorren edo Zaraiako basoetan.

 

Doluak eta gazteak (2)

%x %A in Dolua, Zarautz Errukitsua

doluakgazteakPaziente bat bizitzaren amaieran ospitalean artatzen dugunean, are gehiago azken egunetako egoera baldin bada, kontu garrantzitsua da senideei ondo azaltzea zer datorren, nola izan daitekeen eta orokorrean aurreikusi daitekeenaz informatu.

Badago kezka bat, beste hainbaten artean, errepikatzen dena, eta da ataka haietan ilobekin nola jokatzea. Normalean pazientearen seme-alabak izaten dira interlokutoreak, adinekoa baldin bada, eta seinale ona izaten da ilobei buruzko galderak egiten dizkigutenean. “Bisitan etorri ahal dira, komenigarria da?”, “badakite aitajauna oso gaixorik dagoela, baina esan beharko genieke heriotza badatorrela?”, “hiletara ez dakit haurrak eraman beharko genituzkeen ala ez”, …

Prozesu hauetan haurrak, nerabeak eta gazteak integratzeak garrantzi handia dauka. Helduen artean bezala, beste adin tarte horietan ere desberdinak dira heriotzari eta doluari aurre egiteko bakoitzak duen jarrera. Adituek esaten dutenaren arabera, 6 urtetik aurrera heriotzaren kontzeptua bereganatzeko gai dira umeak normalen, batzuk lehenago ere. Heriotza zerbait misteriotsua da, eurentzat bezala geuretzat ere. atzera bueltakori

Arizmendi ikastolan, azken urte hauetan, Maite Urzainek eta Eider Otxoak jardun dute doluaren ingurukoak azaltzen irakasleei eta gurasoei, eta material oso baliotsua kontsultagai dago euren webgunean. Zer egin behar den eta ez den egin egin behar momentu haietan, eta bibliografia eta filmografia erabilgarriak azaltzen dira esteka horretan.

Antzuolako eskola publikoaren ibilbidea ere ezaguna da, beste arlo batzuetan bezala honetan ere. Niretzat sorpresa izan zen zein ondo landuta daukaten dolua ikasleekin jakitea, sorpresa oso atsegina.

Gipuzkoa mailan, luzea da Bidegin elkartearen ibilbidea ere, doluan orokorrean eta eskola eta ikastetxeetan zehazki. Gida gomendagarria eskaintzen dute haien webgunean: Donostiako elkarte hau, Izaskun Andonegik sortutakoa, sarea eratzen ari da Euskadi mailan beste komunitate eta elkarte batzuekin, komunitate errukitsuak edo hiri/herri zaintzaileak deitutakoak. Helburu nagusietako bat mugimendu honetan, hain zuzen ere, hezkuntza munduan zaurgarritasuna, zahartzea, gaixotzea, zainketak, heriotza eta dolua bezalako gaiak jorratzea da. Gasteiz, Getxo, Santurtzi, Zarautz eta Orio dira beste adibide batzuk, baita Iruñea ere. Izan ere, Nafarroan abiatu zuten oso egitasmo interesgarria duela urte batzuk, beste batzuontzat oso inspiragarria izan zena, “Proyecto Sé+”.

Sarritan, hauxe komentatzen dute hainbatek, eta arrazoiarekin: Heriotza apur bat normalizatu ahal izateko, txikitatik irakatsi egin beharko zen. Hala da, baina ñabardura batekin: Hezkuntza zentroetan bezala etxean ere geurea egin behar dugu. Bakoitzak geure modura, baina honetaz ere hitz egin behar da, sexualitateaz, balio etikoetaz, ekologiaren garrantziaz eta buruan dituzuen beste gai horietaz guztietaz bezala. Formakuntza ongi etorria da beti: tailerrak, ikastaroak, liburuak, pelikulak, hitzaldiak… Eta hauekin batera, denok barruan dugun gaitasun bat indartzea, enpatia. Besteen lekuan ipintzeko gaitasuna, alegia. Hau, beste gauza batzuk bezala, entrenatu daiteke. Behin eta berriz aurre egiten egoera ez hain errazei. Norbait ondoan izanez gero heriotzaren bat eduki duena, saiatu bere larruan ipintzen eta pentsatzen zer gustatuko litzaizukeen zirkunstantzia horietan egonez gero. Ariketa hauek, azken finean, laguntzen gaituzte heriotzari beldurra apur bat kentzen. Besteen doluetan enpatia landu izanez gero, geure dolu propioei hobeto aurre egiten lortu dezakegu. Eta, zer esanik, geure seme-alabei edo lobei laguntzeko. Heriotzari eta doluei aurrez aurre begiratzeko gaitasuna indartuz gero, beste segurtasun bat transmititu dezakegu ama edo aita moduan, izeko edo osaba moduan, eta abar.

Badaude beste helduleku batzuk, noski, eta espiritualtasuna sendoenetarikoa da. Gaur egun, kristautasun tradizionala oso ahulduta dago adin tarte batzuetatik behera. Eta, aldi berean, beste erlijio batzuen osagaiak heltzen ari dira gurera, bereziki Asia aldetik datoztenak. Osagai budistak eta hinduistak harrera ona dituzte hainbatengan, eta besteak beste heriotzak dakarren angustia arintzen laguntzen dute. Erlijiorik gabe ere, espiritualtasun laikoa gero eta indar handiagoa hartzen ari da. Eta hau, zalantzarik gabe, oso lagungarria izan daiteke.

Azken finean, gai hauekin sentitzen dugun larritasunak izaera existentziala dauka, neurri handi batean. Geure seme-alabek galdetzen dizkiguten galdera horiek zer dira ba? Galdera existentzialak, ezta? Jaio baino lehen eurak non zeuden galdetzen digutenean, edo amandrea edo aitajauna hil eta gero nora doazen.

Honaino zertzelada batzuk gaiari buruz. Interes handikoa da arlo hau jorratzea, badugu non sakondu hemendik aurrera.

 

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

跳至工具栏