Bizir! (2)

%x %A in Bizi gara!, Mendian Hil Hirian Hil

Bizir Eguna 2021Ohituegiak gaude festa ondorengo paisaje zikin tamalgarriak ikustera. Gazteak inzibismoarekin eta zikinkeriarekin lotzeko ohituegiak, edonon botatako plastiko eta kristalekin. Izurrite hori errealitate bat da, batzuontzat ulertezina, atzeraka begiratuz gero eta geure gazte denborak gogoratuz gero (geure argilun guztiekin, noski).

Albiste ona da gazteak-ganora-garbitasuna hirukotea posiblea dela, hedabide handietan ikusiko ez dugun arren. G-z hasten dira hiru hitzak, baina beste letra batzuekin hasten diren elementuak ere gehitu ditzakegu: mendia, festa, musika, bizipoza, omenaldia… Bai, posiblea da. Atzo bertan honen guztiaren lekuko izan nintzen, Kurtzebarri azpian. “Bizir Eguna” antolatu zuten Mikel Cresporen lagunek, haren omenez. Pandemiak baldintzatuta, baina aurrera. 2020an ez bezala, dena bertan behera gelditu behar zenean. Aurrera 20 urtekoak, 40 urtetik gorakoekin batera, gehi txakurtxoren bat. Aurrera Egillorkoak, Juxe Zuazua, Txema Crespo eta Lide Crespo. Aurrera Izaskun Andonegi, atzo gerturatzerik izan ez zuena.

100 urtetik gora izango dituzten haritz horien azpian abestiak bata bestearen atzetik kateatu genituen (ikusi irudia), Beñat Arrietak gitarra hartuta. Eta, momentu batean, Ander Navarrok irakurri zuen gutunean Mikeli kontatzen zion iaztik aurrera koronabirusarekin gertatzen ari dena, eta beste hainbat kontu. Kontatu zion “Mendian hil. Hirian hil” izenburuko dokumental bat Euskalduna jauregian estreinatu genuela, eta bertan agertzen dela Mikel bera Iñaki Ochoa de Olza, Atxo Apellaniz, Xabi Ormazabal eta beste handi batzuekin batera. Gure artean jada ez daudenak, badauden arren. Atzo Mikel egon zen moduan.

Bihotzez egindako gauzak ondo edo oso ondo ateratzen dira. Eguzkipean, euripean, behelainotan edo dena delakoan, hori beti gutxienekoa da. Garrantzitsuena da oroimena pizturik mantentzea, patata tortilla, sagardoa, gazta eta menbrilloa partekatzen ditugun moduan, tristura, nostalgia, alaitasuna, zirrara eta emozio guztiak ere elkarbanatzea. Hau bai dela bizir, hau!

Mila esker zeuen etxeko atea zabaltzearren, beste behin, Egillorren edo Zaraiako basoetan.

 

Leave a reply

电子邮件地址不会被公开。 必填项已用*标注

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

跳至工具栏