You are browsing the archive for 2021 八月.

After life

%x %A in Dolua, Zineman

AfterLifeBeste aholku bat Netflixen serieen artean. Komedia beltz ingelesa, tarteka beltz-beltza. “After Life”-k kontatzen du adin ertaineko gizon alargundu berri baten istorioa. Haren tristura eta amorrua adierazten ditu ironiaz, sarkasmoaz eta tarteka oso modu mingarrian inguruko pertsonentzat. Haren txakurrak ematen dio arrazoi bakarrenetarikoa bizirik jarraitzeko, bere buruaz beste ez egiteko.

Bigarren denboraldian, pertsonaia nagusia (Ricky Gervais aktoreak antzeztua, argazkian ezkerrean) joaten da leuntzen bere jarrera, eta haren bizitzaren atea zabaltzen die, apur bat bada ere, beste pertsona batzuei. Besteak beste, hilerrian ezagutzen duen Anne pertsonaia maitagarria (argazkian eskuinean), bera ere alarguna.

Doluaren inguruko umorezko seriea da, bizitzak aurrera egiten duenean gertatzen diren argilunak erakusten dituena. Ekoizpen xumea da, gustura ikusten da, eta aktore nagusiaren papera bikain antzeztuta dago. Gomendagarria.

 

PD.- Atzo amaren urtebetetzea izan zen, 80 urte bete izango luke. Bizitzak aurrera egiten du, bai horixe.

Guarpenaren alte

%x %A in Mendian Hil Hirian Hil , Oroimenean

FidelaBernatLiluratu ninduen gaztetan. Exotikoa, antzinakoa, erabat erakargarria topatu nuen. Bolada bat ibili nintzen Erronkariko Uskararekin gora eta behera, 20 eta piko urterekin, eta garai berean hasi nintzen Nafarroako Pirinioa ganoraz deskubritzen. Zorrotzako lagun batzuekin 2-3 asteburu eman nituen hango bazterrak ondo ezagutzen, 1990eko hamarkada hartan.

Behin eta berriz itzuli izan naiz, batez ere ondoko ibarrera, Zaraitzura. Baina ondo gogoan dut Izaban behin topatu nuena, hileta-segizio tradizional bat, herria zeharkatzen. Montxo Armendarizen pelikula bat izango balitz bezala, baina bizitza errealean. Hango euskararekin batera, beste hainbat tradizio galtzen joan dira denborarekin.

Lehengo egunean Aitor Elduaienek galdetu zidan honi buruz Izabako Mendi Tourrean, MHHH eman ondorengo solasaldian. Heriotzaren kontzientziaren galerari buruz. Bai, hori ere galtzen joan gara, baina hain zuzen ere Erronkaribar edo Zaraitzuko ibar menditarretan zeozer gelditzen dela esango nuke, Iruñeko karriketan hainbeste ez dagoena. Uskararen oihartzunak bezala, zeozer hori. Mendialdean edo kalean hiltzea oraindik ere desberdina delako.

Ederra izan zen aurrekoan geure pelikula aire librean ikus-entzutea, izarren azpian, publiko gehiengo mendizale horren aurrean. Herriko auditorio ireki hartan, gainera, Zorrotzako aspaldiko bi lagun horiek egon ziren. 20 eta piko urte lehenago handik ibili ginen, Belagoako orduko aterpetxean. Asteburu haietako batean Burgira hurbildu ginen Pili Lanuzari entzutera, 8.000ko bat igo zuen lehendabiziko emakume nafarra berau. Berak esandako esaldi hori ordutik daramat nirekin, mendiak ez dira Himalaian hasten, geure inguruan baino, Abodiko tontorretan, Orhi, Ezkaurre edo Mahaian. Mendizale arrunta izan, nire kasuan bezala, Felipe Uriarteren sailkapen berriaren arabera, ala mintza treker, bulderzale ala bideberritzailea.

Sinestu ala ez, denborak aurrera jarraitzen du, ez gara duela 20-25 urte ginen horiek. Aldi berean, atzean pertsonak, bizipenak eta lekuak gelditzen dira. Geure esku dago oroimenari eustea.

 

Guarpenari ezau akabatan tenpra

(Oroimenari ez zaio amaitzen denbora)

 

The Troubles eta haratago

%x %A in Suminetik bakera, Zarautz Errukitsua

The TroublesZarautzen compassionate communities” saltsa honetan hasi baino lehen, herrian beste talde batzuk zer egiten ari ziren aztertu genuen. Eta, aldi berean, munduan nola funtzionatzen ari ziren beste komunitate errukitsu batzuk estimulagarria bezain ezinbestekoa izan zen guretzat. Gai deserosoak eta ezkutatuak hasi ginen jorratzen Death Cafeetan, heriotzaz orokorrean, zehazki minbiziaz, Alzheimerraz, zainketa aringarrietaz, etxeko ospitalizazioaz, suizidioaz, dolu perinatalaz…

Munduan egiten ari zirena begiratuta, indarkeria politikoak edo terrorismoak gogor jotako bi herrialde kontuan hartzekoak ziren (eta dira), komunitate gupidakorrak modu esanguratsuan garatzen ari zirenak: Kolonbia eta Irlanda. Nire buruari galdetzen non ea gaia jorratuko zuten, edo tabuen artean tabuena izango litzateke. Funtsean ea gai garen modu honetan etorritako heriotzaren doluei buruz hitz egiteko, osagai distortsionatzaileak albo batera lagata (politika, historia,…), eta faktore humanoetan eta emozioetan bakarrik enfokaturik. Gasteizen, Zarautzen eta Getxon bizipen ederrak izan genituen, hiri errukitsu moduan, “S(u/a)minetik Bakera” obra eszenikoa aurkezturik. Udazken honetan hiru horietako batean errepikatzeko ilusio handia daukagu.

Asuntoa da uda honetan Irlandan egon garela oporretan, eta besteak beste Derry eta Belfast bisitatu ditugula. Lehenengoan azaletik igaro ginen gehiago, baina bigarrenean bete-betean busti ginela orain dela 50 urte piztu ziren gatazka politikoen ondorioekin. Ulsterren gertatutakoa, desberdintasunak desberdintasun, beti izan da prozesu paralelo modukoa, hemen gertatzen zenarekin aldean. Telebistan eta zineman ikus-entzunda, bazen garaia bertatik bertara horren guztiaren aztarnak behintzat ezagutzekoa.

Hasi ginen Black Cab Tour batekin, alegia, ibilaldi gidatu bat taxi batean hala Shankill Road nola Falls Rd. aldeetan. Horren bidez, gidaria kartzelan egondako baten bat izan daitekeelarik, zonalde unionistan zein errepublikarrean gelditu diren hormetako pintaketak, harresiak, txarrantxak eta abar ikusi ditzakezu, gidariaren komentarioekin. Historian atzerako bidaia egitea bezalakoa da, oso gomendagarria. Baina iraganaldiaz gain, orainaldia ere oso presente dago. Orduko pintaketekin konparaturik, gaur egun egindakoak beste ildo desberdin bat daukate. Amek, izebek eta amonek bereiziki hitz egiten dute itxaropenaz, adiskidetasunaz, maitasunaz eta zainketetaz. Gogoratzeaz, errespetuaz eta lehengoratzeaz. Gogor borrokatzea gizarte lehengoratzaile baterantz. Osagarri moduan, Ulster Museum-ek atal oso interesgarria dauka indarkeria politikoaren hamarkadei buruzkoa, baita orokorrean Ipar Irlandako historiari buruzkoa ere.

Bidaiatzea da apur bat leihoak zabaltzea eta haizea mugiaraztea.

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

跳至工具栏