You are browsing the archive for 2021 九月.

Zaharra izatea

%x %A in Bizi gara!, Zaintzaileak, Zarautz Errukitsua

pasos-hacia-una-nueva-vejez_javier-yanguasAdinekoen asteak antolatzen dabiltza gure herrietan egunotan. Herri honetara, adibidez, urriaren 5ean Julio Gomez ekarriko dugu, zainketa aringarrien nazioarteko egunarekin ere bat egiten, Zarautz On eta Zarautz Herri Zaintzailearen arteko urteroko  elkarlana da, laugarren urtez egingo duguna.

Arrasaten, bestela, atzo mahai inguru bat antolatu zuten zahartzaroari buruzkoa, ikuspuntu desberdinak jaso nahian. Bertan egon ginen Izarra Gonzalez (erretiratua), Miguel Laspiur (Arizmendiarrieta Lagunak), Olatz Etxabe (Iturbide egoitza) eta ni neu. Erantzun behar izan genuen lehenengo galdera, bere horretan, mami handikoa zen: Noiz hasten da bat nagusi egiten, zahartzaroan sartzen?

Neure seme-alabei galdetuz gero, 40-50 urterekin erantzungo zuten akaso. Hau da, gurasook daukagun adina. Neuk ere horrela pentsatzen nuen gaztetan, eta horrela esaten nion aitari, zaharra deitzen nion. Haren erantzuna beti zen berdina, zahartzaroaren alternatiba okerragoa zela, ez iristea alegia. Bizitza tarteka oso krudela da, batzuetan galdetzen diot neure buruari zergatik tematzen zen hori esaten. Izan ere, aita marra ofizialean gelditu zen, 64 urterekin hil zen, 65ak egiteko hilabete bat baino gutxiago geratzen zitzaionean.

Dena den, seme-alabak ez dabiltza oso oker. Hilabete honetan iritsi zait koloneko minbizia goiz detektatzeko programan parte hartzeko deia, 50 urte betetzear nagoelarik. Gainera, azken bolada honetan pentsiodunen borroka neuretzat hartzen dut. Asko eskertzen diet egiten ari direnagatik, jo eta ke, eta aldi berean argi daukat oraingo pentsiodunak baino gu geu egon beharko ginela hor, manifestazio eta mobilizazioetan. Gazteagoak garenon etorkizuna da kolokan dagoena, ez eurena.

Beraz, noiz sartzen gara zahartzaroan? Atzo gogoratu nien ekitaldira etorri zirenei pandemian gertatu dena, askorentzat oso inpaktantea izan dena: Paziente larriak zainketa intentsiboetara noiz bidali ditzakegun eta noiz ez. Ez da koronabirusarekin soilik gertatu den gauza bat, hau guztia baino lehen beti planteatzen den dilema baizik. Badaude argi dauden kasu batzuk, bidaltzeko ala ez bidaltzeko. Eta erdian, zalantzak eragiten dituzten kasuak. 80 urteko muga da inon idatzita ez dagoen baldintza, behetik bai eta goitik ez. Noski, badaude 80 urtetik beherako pertsonak funtzionalki edota kognitiboki oso kaltetuta daudenak, eta bidaliko ez genituenak. Eta alderantziz. Pandemiak ekarri duena izan da zorroztasun handiagoa, eta kasu tamalgarriak izan ditugu adinaren arabera bakarrik, kontuan hartu barik autonomia maila eta buruko fakultateen egoera.

65, 70, 75, 80 urte? Gazteak/zaharrak dikotomia planteatzen badugu, txarto hasiko gara nire ustez. Adin ertainekoa ez da oso kontzeptu erakargarria izango, baina hor gaude gutariko asko sartuta, 40-65 urteko tarte horretan (bota gora beheko muga nahi baduzu, baita goikoa ere). Gazteak dira 20-30 urtekoak, zaharrak 80-90 urtekoak. Bai ezta? Eta hemen dator sorpresa: Zaharra edo adinekoa izateak ez du esan, automatikoki, makala, ezdeusa edo baliorik gabekoa. Zaharra eta txarra ez dira sinonimoak. “Zaharra, agurea edo atsoa” ez dira irainak, edo ez ziren izan beharko.

Oso oinarrikoa da hau guztia, baina mota guztietako eufemismoak erabiltzen ditugu egunero hitz tabuak ez aipatzeagatik. 80 urte inguruko paziente batek, gaixotasun aurreratuarekin eta klinikoki larri zegoenak, esan zidan “vejez prematura” zela etorri zitzaiona, Gazte sentitzen zen… baina ez zen. Lege naturala da, 40-45 urtetik aurrera gehien-gehienok galtzen goaz, ilea, indarra, ikusmena, entzumena, oroimena… Biologia hutsa da. Gaur erizain batek esan dit 86 urteko paziente bat ez dela hain zaharra, zaharragoak izaten ditugula. Noski. Baina kontuan hartuta Euskal Herrian horixe dela emakumeen batez besteko bizi-itxaropena, ez dakit ba. Hau da, emakumeak gure herrialdean, batez beste, 86 urterekin hiltzen dira.

Esparru subjetiboa da, zenbakiek ez dute besterik gabe agindu behar, ados. Salbuespen harrigarriak denok ezagutzen ditugu, bejondeiela, Eta bitartean, inork ez du zaharra izan nahi. Nik bai, zalantza barik gainera. Iristea asko gustatuko litzaidake, lorpena izango litzateke. Aitak arrazoia zeukan. Ama ere bidean gelditu zen, 73 urterekin. Zaharra izan eta ahalik eta egoera onenetan, badaezpada ere. Ez dakit 75 urte arte tokatuko zaigun lan egitea…

 

PD.- Argazkian agertzen da Javi Yanguas gerontologoaren liburuaren azala. Adinekoen esparru honetan aditu ezaguna da bera, eta liburuak itxura bikaina dauka.

Sara Etxalar

%x %A in MikroIpuinak

EtxalarMugan, bi herrialderen artean, kontrabandisten lurraldea izandako hartan. Sara Etxalar herrigunetik gora pare bat kilometrotara bizi da, zubi zaharra gurutzatu eta hilerritik gora. Karabineroa izan zen Daniel senarra, basozaina Mikel semea eta bankaria Usoa alaba. Emagina izandakoa bera, herriko praktikantea, botikariaren laguntzailea eta belar biltzailea.

Sorginen herritik hurbil jaiotakoa, gaztetan ezagutu zuen kanpotik jindako Daniel erretzaile ixila, eta errota zaharra izan zuten bizitoki neguz negu aldameneko herrian. Gaur egun urtegiaren hondoan gelditu den etxe hartan sortu ziren seme-alabak. Mikel baserrian berarekin bizi da, Usoa karrikan. Ehiztariekin nahiko lan ez, eta hilarri borobilak lantzen ere dabil semea, hain ezagunak eta erretratatuak diren horiek. Alabak anitz urte hiriburuan eman zuen, baina gauzak dauden moduan egonda herrirat itzuli da.

Bizitzaren neguan dago Sara, herioaren muga horretan. Bilobak orain gehiagotan igotzen dira, zorionez Ainhoa mendizale amorratua da eta sarritan biltzen da supazter-txokorat, hortik ibili ondoren. Bota eta galtzerdi bustiak lehortzen jarri eta amatxiren istorioak entzutera aulki baxu horretan eserita. Unairekin berriz baserri inguruan paseo txikiak ematea anitz gustatzen zaio Sarari. Ahal izanen duen bitartean, ohantzeak ez jaten saiatuko da. Ainhoa xelebrea eta are barregarria da, baina pazientziarik ez du. Unaik bai, ordea. Horri esker hainbertze errezeta eta sekretu bereganatu ditu.

Txakurra ere ez da oso urruti ibiltzen. Mikelekin edo Ainhoarekin batera basoan zehar ibiltzea da munduan gehien gustatzen zaiona, baina azken garaiotan Sararen ondoan egoten da, zerbait usaintzen du. Ardiak kendu zituztenean, gainera, langabezian gelditu da. Usoa batzuetan damutzen da, faltan botatzen du amak egindako gasna, baina erabakia argi zegoen. Datorrena argi dago, bakoitzak haren modutara egiten dio aitzin. Aitarena azkarra izan zen, ez zuten aitatxi ezagutu bilobek. Amarena polikiago dator. Hirirat ez dute joan beharko aitarekin bezala, ospitalerat, gauzak ongi.

Sara Etxalar azken elurtearen zain dago, bare eta ixilik. Ia dena erranda dago. Unai da haren aitor-entzulea. Eta erretorea, latinoamerikarra bera, ongi bidean doana hizkuntzarekin. Agindu dio bera jada egonen ez denean ere jarraituko duela ikasten, eta elizako organoari nota eder horiek ateratzen. Adineko emakumeak ez du nahi bera lurperatzea, agindu die erraustea eta ontzi batean senarraren hilobiaren ondoan paratzea, eta harrian zera zizelkatzea: “Pertsona ona izaten saiatu zen. Ez zuen beti lortu”.

Bitartean, euria ari du, kanpoan behelainoa eta barrenean epel. Egur gehiago bota du norbaitek sutara.

 

Amatxiri dedikaturik.

Summer of Soul

%x %A in Musikan, Suminetik bakera, Zineman

Summerofsoul1969ko udan, NYCko Harlem auzoan, musika jaialdi handia antolatu zuten. Musika beltzen inoizko festibalik handiena, denboran (eta ia espazioan ere) lehiatu behar izan zuena Woodstock erraldoiarekin, New York estatuan antolatutakoa hura ere. Historiako orrialdeetan oihartzun dexente apalagoa izan zuen arren, egun haietako emanaldiak grabatuta eta nonbait gordeta gelditu ziren. Norbaitek biltegi hartatik erreskatatu eta dokumental bikaina egin zuen arte, lehengo egunean zineman ikus-entzun ahal izan genuena. Oso deskubrimendu pozgarria izan da, “Searching for Sugar Man” dokumental gogoangarriaren parekoa edo ia.

Komunitate baten duintasuna sendotzea kulturaren bidez, zehazki musikari esker. Horrela laburbildu dezakegu uda hartan gertatutakoa. Kontuan hartu behar ditugu hamarkada hartako lau mugarriak: John Fitzgerald Kennedy-ren hilketa 1963an, Malcolm X-rena 1965ean eta Robert F. Kennedy eta Martin Luther King-enak 1968an. Afroamerikarren eskubide zibilen alde lan egindako pertsona gako hauen heriotza biolentoek Harlemeko kaleetan erantzun biolentoak eragin zituzten urte haietan. Eta indarkeria haren antidoto edo prebentzio moduan muntatu zuten hain zuzen ere musika jaialdia aste haietan.

Bizipoza da dokumentalak transmititzen duena, iluntasunaren gainetik argia eta indarra. Soul, R&B, gospel eta musika beltz eta latinoen erritmoen bidez bakea, zentzu batean. Nina Simone, B.B. King, Stevie Wonder, Gladys Knight eta beste artista beltz batzuen zerrenda luzea topatuko duzue harribitxi honetan, zinema aretoetan edo etxean bertan ikus-entzuteko aukera duzuena.

PD.- “Summer of Soul: Cuando la revolución no pudo ser televisada”. El Sótano, Radio 3.

 

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

跳至工具栏