You are browsing the archive for 2021 十一月.

Zera hori

%x %A in Bizi gara!, Mendian Hil Hirian Hil

galicia-profunda“Aulki Hutsak” Galizian ez aurkeztu izanaz penarekin gelditu nintzen. Lurralde hartan ez daukat familiarik edo lotura horietakorik, baina bertara itzuli izan naiz behin eta berriz bizitzan zehar. Zerbait oso erakargarria dauka niretzat, Asturiasek ere badaukana. Zera hori.

Lugo izan zen ezagutu nuen lehenengo hiria, oso gaztetan, zer eta ingelesezko kolonia batera joan nintzenean anaiarekin uda batean. Bertako behe-lainoak eta harresiak ezagutu nituen, bestela, Jose Ramon Monterroso lagunari bisita egitean. Ordurako Medikuntza karrera amaituta geneukan, Madrilgo Complutenseko fakultatean elkar ezagutu genuen, musean bikotea ginen eta adiskide handi bihurtu zen orduz geroztik. Bizitzan ez daude hainbeste lagun maila horretakoak, bera da horietako bat. Eta berak antolatu zuen, hiriko kartzela zaharra izandako eraikinean, eta mendi taldearekin batera, MHHHen emanaldia. Joao Aveledo aspaldiko laguna ere bertara hurbildu zen, eta ederra izan zen familia bat ikusi izana, 6 urteko alabatxoarekin. Gaia bazekiten zein zen, eta ekarri zuten neskatoa.

Galiziako bidaia honetan, “Santiagoko bidea” oinetako babarik eta nekerik gabe egin dut. Bilbotik Compostelara hegazkinez ordu batean. Dokumental hau Santiagon izan zen kontzebitua, 2019ko urrian bertan izan ziren zainketa aringarrietako jardunaldiak. Eta hor piztu zen lan hau egiteko hasierako ‘brainstorming’ hura. Urte bi geroago horra itzuli naiz, beste zirkulu bat itxiz.

Allariz izan zen bigarren geltokia, bisitatzea merezi duen herri eder horietakoa da, ukitu erromanikoak eta guzti. Presondegia izan zen beste garai batean gaur egungo kultura etxea (kasualitatez, Lugon bezala). Eta hangoak dira Mikel Cresporen izeba baten sustraiak. Ana izeba eta Josu osaba egon ziren, eta oso berezia izan zen solasaldia horregatik. “Sutondoa” piztu genuen, eta hausnarketak eraman genituen herriko taberna zahar eta dotore batera. Pelikularen baten kokagunea izan zena.

Ourense izan da hirugarren eta azken geldialdia. Franxo laguna, Galeusca-koa, honen atzean egon da. Marcos Valcárcel (kartzela berriro) izena zuen auditorioak, eta emanaldia Club Alpino Ourensan-ek antolatutako ikus-entzunezko astearen barruan egon da. 50 urte bete ditu aurten mendi taldeak, nik bezalaxe, 1971koak gara biak. Giro goxoa izan genuen, sutondoa berriz ere, solasaldian eta afarian. Baina are politagoa izan zen goizean eta arratsaldean mendi aldean ibili izana, antzinako castro hura eta hondatutako monasterio bat, basoaren barruan, bisitatzean. Dena hiriaren inguruetan. Borobila.

Asteburu luze honetan momentu “enxebre” hauek guztiak bizi izan ditut. Zera hori.

 

Info+: O médico e cineasta Iñaki Peña exhibe en Lugo o seu documental sobre o dó – G24

Beste zortzimilako bat

%x %A in Bizi gara!, Mendian Hil Hirian Hil , Zarautz Errukitsua

torelloBartzelonako aireportutik trena hartu behar duzu Sants geltokiraino. Eta hor beste tren bat hartu, L’Hospitaletetik Puigcerdà-rano joaten den lineakoa. Denbora behar da, baina azkenean iristen zara Osonako hiriburura. Vic tamaina ertaineko hiria da, Zarautzek halako bi biztanle dituena. Bertan lan egiten du Zainketa Aringarrietako pope handietako batek estatu mailan, Xavier Gómez-Batistek. Eta bertan abiatu zuten komunitate errukitsua edo zaintzailea duela 6 urte, geure erreferentzietakoa izan dena: Vic ciutat cuidadora, Katalunian sortutako lehenengoa.

Vic-ekoa zen Jaume Balmes (Bartzelonako kaleari izena eman ziona, uste dut), Quimi Portet (“El último de la fila”; Nafarroa Beherean edo Zuberoan hor nonbait erdi galdurik bizi izan zen, bolada batez), Marta Rovira politikari erbesteratua edo Raul Lopez (saski jokalaria, Bilbon ere ibilitakoa). Hangoa da Susana Llavina zarauztarra ere, MHHHeko protagonista. Hiriak ikusteko moduko katedral dotorea dauka, detaile erromaniko ederrak dituena, Larruaren museoa ere badauka, sekula bisitatu gabe neukan horrelakorik. Plaza nagusi ikusgarria dauka. Baita mendi liburu-denda gomendagarria ere. Eta ondo jateko txokoak, bai horixe. Gogoekin gelditu nintzen barraskiloak jateaz, dena ezin da.

Baina bidaiaren xedea, berez, apur bat iparralderago dagoen herria zen. Torelló Mountain Film Festival antolatzen dute bertan duela ia 40 urtetik, Penintsulako beteranoena da, baita garrantzitsuena ere, Bilboko Mendi Filmekin batera. Gustura, oso gustura ibili nintzen zinemaldian ere. Susana eta Felix ezin ziren etorri, baina Susanaren senideak egon ziren proiezkioan. Katalanez egin ahal izan nuen aurkezpena, duintasunez esango nuke. Pozik nago tren hau hartu izanaz, bizitzan behin pasatzen den horietakoa izanik. Izaskun Andonegik dokumentalaren amaieran esaten duen moduan, ez dakigu aurrean etorkizunean zer daukagun, baina beti izango dugu beste tontor bat gure zain. Zerrendan dagoen horietako bat Pica d’Estats da, Kataluniako garaiena. Egunen batean egingo ahal izango dugu Galeuscako espedizio bat hara? Inshallah.

Galizian izango da hurrengo asteburu potentea.

Jarraituko du.

 

Info+ Festibaleko Twitterren.

Hegan

%x %A in Aulki Hutsak, Mendian Hil Hirian Hil , Suminetik bakera, Zarautz Errukitsua

miruaBilbotik Bartzelonara doan hegazkinean noa. Begiak itxi ditut. Aste trinkoa izan da, estres handikoa. Bereziki zainketa aringarriak behar dituzten pazienteak izan ditut ospitalean eta kontsultan. Egun hauek kanpoan egongo naizelako, eta hurrengo asteburuan ere, baita azaroko azken aste osoan ere. Lana pilatzen da eta emozionalki kudeatu behar duzu pazienteek eta senideek dakartena: Sufrimendua, beldurra, zalantza, bertigoa, esker ona, haserrea, tristura, damua, poza…

Pirinioetako tontorrak ikusi ahal izan ditut, elurtuta. Denbora luzea zen hegaldi bat ez nuela hartzen. Udalatxeko tontorrean ere elur malutak ikusi nituen aurrekoan. Arrasaten, astelehenean aldez aurretiazko borondateei buruzko hitzaldia antolatu zuen Nagusien Kontseiluak, eta hizlari moduan gonbidatu ninduten. Kulturate aretoa beteta, gaiak pizten duen interesa seinale.

Katalunian azkeneko aldiz “S(u/a)minetik bakera”-rekin egon ginen Aitor, Maider eta hirurok, 2018ko urtarrilean. Sumineko garaiak izan ziren haiek, sosegu handiagoa topatuko dut orain. Gaizki orbaindutako zauriek izan dezaketen sosegua behintzat. Zarautzen, asteazkenean, heriotza baino lehen aldez aurretik hasten den doluari buruz hizketan egon ginen, dementziekin lotuta batik bat. Maria Victoria Lucero eta biok hizlari, Afagik eta Zarautz Herri Zaintzaileak antolatutako ekitaldia izan zen, harrera oso ona jaso zuenaModelo zineman.

Ostegunean, Errenterian izan nintzen. Maiderren herria. Leihotik begiratuta, hodeiak ikusten ditut orain gure azpian. Orereta niretzat Gabonak dira, Olentzero Pello eta Aiora txikiak zirenean, neure gurasoak bizirik zeudenean, txistulariak; Urdaburu, Listorreta, Añarbe, Urdaburu mendi taldearen borda Ezkaurreko magaletan; Miren, Jon, Arantza, Aurita, amona Isabel, Joxe Manuel, Jon, Ainhitze… ; Imanol, Mikel, Pilartxo, Joxe Mari, Gema, “Aulki Hutsak”. Niessen aretoan egon ziren aipatutako bidelagunetatik asko. Beste batzuk ez daude jada.

Mendi Film 2021 ate joka dagoen honetan, Mendi Tourreko azken emanaldia egin dugu ostiralean Elgoibarren. Lankide baten doluan alboan egoteko arratsaldea ere izan zen, garagardotan. Baita Iñaki Izan bidelagunarekin egotekoa ere. Herri Antzokiak ere itxura ederra izan zuen, publikoaren epeltasuna jaso genuen. Sua piztuta zegoen han ere. Alde batean Karakate, eta bestean Kalamua eta Morkaiko.

Eta orain, aste mamitsu honen buruan, Osona dut zain: Torelló eta Vic.

Jarraituko du.

Kontrasteak

%x %A in Mendian Hil Hirian Hil

udazkena2Azken aste honetan udazkena itzuli da azkenean. Bueltatu dira euria eta lainoak, iparra gailendu da hegoaren gainean. Ongi etorriak. Bestela ere, kontrasteetako egunak izaten ari dira hauek. Hildakoak bereziki gogoratzen ditugun egunak ditugu.

Aurreko ostiralean, dokumentalaren emanaldia antolatu zuten Arantzan, Bortzirin. Beste behin bakarrik egona nintzen herri hartan, Mendaurrera igotzeko. Hain zuzen ere “Aulki Hutsak” prestatzen ari nintzenean. Lehengo egunean, ederra izan zen gaueko iluntasunetik espazio goxo batean sartzea. Herriko liburutegi txikian izan zen proiekzioa, lekua zegoen dozena bat pertsonarendako, eta oso giro ederra piztu zen, berogailuko suak epelduta. Solasaldian hagitz gustura egon ginen, eta bueltako bidea aprobetxatu nuen Lesakako hilerritik pasatzeko eta tarte bat pasatzeko, iluntasunean, aita, ama, amatxi eta abueloaren hilobiaren alboan.

Domekan, berriz, oso bestelakoa izan zen kontua Lea-Artibai aldean. Kontrastea nabarmena izan zen Nafarroatik Bizkaira, hizkeraz eta paisaiaz gain. Markinatik igaro zen Mendi Tourra, eta ederto igarri zen. Aretoa bete zuen jendeak, tartean Eva Bilbao eta Agustin Erkizia bidelagunak. Ziur aski solasaldi luzeago baten esperoan geldituko ziren, ginen. Amaitzean, pertsona batek kontatu zidan ekainean markinar bat hil zela mendian, eta oso presente izan zutela. Balio dezala emanaldi bakoitzak omenaldi hauek egiteko, publikoki adieratzen direnak edo geure baitan gordetzen ditugunak.

Azken kontrastea “Dando vida a la muerte” festibala izan da. Euskal Herritik atera gara beste behin ere, birtualki bada ere, besteak beste Mallorcara bidaiatuz. Bigarren edizioa da aurtengo jaialdiarena, besteak beste plazaratzen dituena horma horiek, proposamen bakar batekin, esaldi bat amaitzearena: “Hil aurretik nahi dut…”. Death Cafeak, ipuin kontalaria eta hitzaldiak dira beste ekimen batzuk, eta zineforuma. Izaskun Andonegi eta Amaia Gozategik lagunduta egon nintzen Orion, eta jendearen beroa izan zuten Hondarribian ere, aldi berean. Leku bietan bildu ginen talde bana, “sutondoan”.

Oso eskertuta.

 

“Los alpinistas no somos idiotas. O por lo menos no completamente idiotas. No vamos a la montaña a morir. De las montañas emana una energía que nosotros absorbemos, que nos llena, nos ilumina, que acaso exorciza nuestros demonios y nos redime. Que nos mueve, al fin y al cabo”. Iñaki Ochoa de Olza.

 

 

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

跳至工具栏