You are browsing the archive for Humanizazioa.

Aitzindariak

%x %A in Humanizazioa, Suminetik bakera

2015-11-10, Errenteria. Memoriaren Eguna.1956 geroztik biktimen dokumentua aurkeztu dute. Alderi guztiak  eta bi aldeko biktimeek parte hartu dute. 10-11-2015, Errenteria. Día de la Memoria: presentación del documento sobre víctimas en la localidad desde 1956. Han tomado parte representantes de todos los partidos políticos y de víctimas de las dos partes. Txema Herzog ex concejal PP en Orereta saluda a Miguel Buen ex alcalde de Orereta por el PSOE junto a Julen Menoza actual alcalde de Orereta de EHBildu

Askorentzat Errenteriakoa ustekabea izan da, baina ez dago kasualitaterik. Gauza handiak ez dira sortzen gauetik goizera. Sukaldean prestatzen dira emeki, bor-bor egosten dira lapikoan denborarekin, antzinako eran, presa barik. Eta atzean beti daude pertsona handiak, gutxi batzuk sarritan. Bake jendea kasu honetan.
Ispilu ezin hobea geure burua begiratzeko. Plaza ezin ederragoa geure ekimena aurkezteko. Hau ere ez gabiltza prestatzen mikrouhinekin, badoa gorputza hartzen pittaka-pittaka, arimatik abiatuta, bihotzetik. Ez da kasualitatea SB-ren narratzaile taldean errenteriar bi egotea. Errenteria-Orereta, bi izen dituzten leku guztiak bezala bidegurutze interesgarria, ia mugakoa. Gipuzkoako hirugarren udalerririk populatuena eta EHko hamabigarrena. Humanizazio lanetan, s(u/a)minetik bakera.
Gatazka denetan deshumanizazio bat egoten da askotan, balio humano asko zalantzan jartzen dira. Esan nuen orain humanizazio infinitoraino joatea dagokigula. Iraganarekiko politikoki bahitu modura jokatzen ari gara denok. Badago espazio bat etorkizunari heltzeko, termino humanoetan kokatuta.

Zorioneko zoramena

%x %A in Aulki Hutsak, Humanizazioa

granadaUrte bat igaro ostean, HUCI proiektuaren bigarren jardunaldietan geure aulki hutsak Bartzelonan berriro egon eta gero, zorioneko zoramen honetan ostera ere parte hartu dugu AH eta biok. Oraingo honetan bete-betean, egitasmo honen atzean eta inguruan dauden hezur eta mamizko pertsonak ezagutuz, Granadan: Gabi Heras, José Manuel Velasco, José Carlos Igeño, Ruth Molina, Alfredo S Moraza, Mamen Segovia, Meritxell Naranjo, Enric Benito, Joan Carles March, Virginia Ruiz, … Gainera berriz ere topatu dut Jose Ignacio Ricarte aspaldiko laguna Ibizatik eta Leticia Ruiz granadarra, mediku humanista, lankidea izandakoa eta konplizea, Gasteizko taldea Iñaki, Elena, Patxi eta Esperanza. Baita ezagutu dudan jende berria ere.

Sinpletasuna azpimarratuko nuke lehenik eta behin. Bestelako osasun biltzarretatik urrun, sinpletasuna, naturaltasuna eta gertutasuna izan dira jardunaldi hauetan sumatu ditudan ezaugarri nagusiak. Formatu honen barruan, pasa den martxoaren 23an ekimen masiboan parte hartutako Death Cafe guztien kartelak erakutsi zituzten, tartean Zarautzekoa eta Gasteizkoa.  Leticia RR-ren “Límites” argazki erakusketa ere ikusi ahal izan nuen. Eta jardunaldien mamiari dagokionez, Joan Carles eta Bimbelak egindako sarrera hitzaldia, ZIUetatik pasatutako gaixoen testigantzekin osatutako mahai inguru hunkigarria. Emergentzietan, Pediatrian, Onkologian, Neurologian eta Nefrologian dauden ekimen batzuk, humanizazioarena arlo guztietako kontua delako. Musikoterapia ZIUetan, erabat zoragarria. Pazienteak bentilatzeko beste modu zoro bat. Eta errukia HU-CIn.

Lehenengo egunean, 6 tailerren eskaintzaren barruan doluari eta aurretiazko borondateei buruzkoa eman genuen María Escudero eta biok. Ia-ia beteta eduki genuen gela, gehiengo absolutua erizainak zirela, gehienak emakumezkoak, andaluziarrak, ekialdekoak edo mediterranearrak, eta Intentsiboetako esparrukoak. Solasaldi mamitsu eta luzea gozatu genuen, eta post scriptum moduan Miguel Hernandezen poema elegiakoa lagatzen dizuet. (Gràcies Lluís! ).

 

 

Errukia

%x %A in Humanizazioa, Sin categoría, Suminetik bakera

errukiaErrukitu gaitezke diktadore txiletar batekin, eta ontzat eman bizitzaren azken hilabeteak kartzelatik kanpo pasatzea. Hilabete horiek zenbat diren kontuan hartu gabe. Gaixotasun sendaezina eta aurreratua kontuan hartuta. Gure buruari galdetu barik ea pertsona hori inoiz errukirik sentitu zuen beste milaka pertsona horiekin, hildako haiekin guztiekin, desagertutakoekin, torturatuekin. Ez dakigu berak inoiz sentitu zuen gupidarik edo antzeko zerbait, damurik. Ea sekula barkamena eskatzea burutik pasatu zitzaion noizbait, edo behin burua galduta bere senide edo gertuko baten bati.

Badakiguna da gu(tako batzuk) gai izan garela erruki minimo bat sentitzeko diktadore txiletar horrekin, edo estatu kolpea emandako guardia zibil batekin, edo terrorismoaz akusatutako beste guardia zibil horrekin. Ideologia begiratu barik, zein lubakitan zeuden (geunden) kontuan hartu gabe. Gutxieneko gupida guk.

Ez dakigu Josu Uribetxebarria inoiz errukitu zen bere biktima izandakoekin, damua sentitu edo barkamena eskatu ote zuen. Berdin Oier Gómez-ekin. Horrela, izen-abizenekin. Badakidana da gupidagabe agertzeak pertsona batzuekin eta beste batzuekin ez, ideologiaren arabera, asko urruntzen gaituela profesionaltasunetik, gizalegetik, praktika onetatik, humanizaziotik, zainketa aringarrietako funtsetik azken finean.

Bai, gutaz ari naiz.

 

 

Hitz egin dezagun bizitzaz

%x %A in Bizi gara!, Dolua, Humanizazioa

deathcafeSexua zen debekatutako esparrua eta tabu handia duela hamarkada batzuk. Orain agerian dago, eta bere partez bizitzaren beste arlo batzuk ordezkatu dute. Heriotza da horietako bat, postmodernismoaren lizunkeria berria. Beste gauza itsusiekin batera ezkutatzen saiatzen garena, plazerra ematen ez dutenak, estetikoki atseginak ez direnak. Zahartzearen prozesua moduan. Soberan dauden gauzak, ukatzen ditugunak, euria bera bezala hainbatentzat…

Hala ere, hutsalkeria guztien azpian egarria egon badago, eta handia gainera. Azken urte hauetan konprobatu ahal izan dut: leku askotan sartzea bortitza izango zen modu berean, naturala eta erraza da jarioa beste bazter batzuetan. Bazterrak beti ere, baina gizartearen zati biziak direnak. Heriotzari buruz hitz egiten dugunok bizidunok garelako, bizirik gaudenok. Dolutik, filosofiatik, espiritualtasunetik, literaturatik, artetik, musikatik, zinematik.

Eta umoretik. Pasa den astean konprobatu genuen Zarautzen, jende biziak osatutako herri bizian. Umoretik ere bai. Infusio, kafe eta bizkotxoen artean, oso jende desberdina batu ginen. 6 osasungileak ginen, baina 8 ez. 7 emakume eta 7 gizon, emakumezkoen presentzia nagusia oraingo honetan berdinketa batean amaitzen. 50 urtetik beherakoak eta hortik gorakoak kopuru berdinean egon ginen presente, azken hauen ohiko nagusitasuna ezerezean geldituz. Komunitate budista batetik etorri ziren, parrokia batetik, esoterismoaren mundutik, minbiziaren atzaparkadetatik (orainaldian bete-betean), kaleko normaltasunetik.

H-ren mugimendukoek eman ziguten bultzada Amaiari eta bioi hau martxan ipintzeko, eta orain indarrarekin gelditu gara beste saio bat herrian antolatzeko. Gasteizen ere gauza bera gertatu da. Eta munduan zehar, dirudienez, ere bai.Tabuak erakargarriak izango dira azkenean, gauza lizun guztiak bezala, hori izango da. Norberaren arrazoi guztiekin batera.

#hitzegindezagunheriotzaz

Info+: Zarauzko saioaren lapurpen bideoa

Bake jendea

%x %A in Humanizazioa, Suminetik bakera

GetariaBakeaPolitikari guztiak ez dira berdinak. Edo futbolari, mediku,erizain guztiak (tira, erizain guztiak igual bai)*… Topikoak, etiketak eta epaiak behar ditugu arnas hartzen dugun haizea bezala, baina errealitatea bestelakoa da.

Getarian egon nintzen pasa den asteazkenean arratsaldez, “Zubigintza eta saregintza euskal bake prozesuan” solasaldi mamitsuan. Mahaian, Iker Uson (Baketik) moderatzaile, eta Juan Jose Ibarretxe (Agirre Lehendakaria Center) eta Julen Mendoza (Errenteriako alkatea) hizlari. Bake gizonak, bete-betean, hezur-haragizko pertsonak, sinesgarriak. Medikuntza edo osasungintza humanizatu behar dugula esaten dugunean berdin aplikatu daiteke beste edozein esparrutan, politikagintzan adibidez. Eta Getariako mahaian ikusten genuena bake jendea zen. Iberdrolan, Petronorren edo ez dakit zein enpresatan amaitu ez den lehendakari bat (1999-2009). Ustelkeriagatik ikertuta ez dagoen alkate bat (2011-).

Beste alderdi politiko batzuetan ere adibideak ez dira falta, eta gustatu zitzaidan Ibarretxek behin baino gehiagotan aipatu izana “Ahotsak” mugimendua, bake emakumeek osatutakoa, gogoratuko zarete: Gema Zabaleta, Jone Goirizelaia, Ainhoa Aznárez, Kontxi Bilbao, Nekane Alzelai, Elixabete Piñol, Gemma González de Txabarri, Itziar Gomez,… Gustukoa izan nuen halaber Ibarretxek pobrezia eta justizia soziala eza kontzeptuak kontrajarri izana bakearen definizioarekin. Eta pertsonen identitatea, kultura eta hizkuntza gako garrantzitsu moduan plazaratu izana.

Julen Mendozaren aurkezpenak laburbildu zuen Errenteria-Oreretan 2011tik alkatetzan dagoenetik egindakoa, alderdi guztiak bildu izana bakegintza eta elkarbizitza foro batean, adostasuna lortu izana indarkeriaren kontzeptuaren barruan sartzen denarekin (atentatuak, bahiketak, mehatxuak, jazarpena,  torturak, …). Honen haritik aipamen batekin gelditu naiz bereziki: Zelan ETAk mehatxatutako pertsona batek adierazi zuen, puntu bateraino iritsita, nahiago zuela hilketa jasatea bahiketa baino, sufrimenduaren beldurraren adierazle. Halaber, poliziak jazarritako beste pertsona batek nahiago zuen tiroketa batean hiltzea poliziaren eskuetan amaitu eta tortura pairatzea baino.

Galderen txandan, amaieran, Iker Usonek azpimarratu zuen bakearen aldeko saregintza Gipuzkoan dagoela batik bat presente, 12 udalerritik gora martxan dagoelarik, Errenteria buru, baina baita Azpeitia, Lasarte-Oria, Andoain, Tolosa edo Getaria bera ere. Bizkaian apenas, Nafarroan zeozer, Araban ezer ez eta Ipar Euskal Herrian, denon buruan, Luhusoko bakearen artisauak.

Konponbidea behetik gorako bidean dator.

 

*Txantxa besterik ez da.

Pilula urdinak

%x %A in Bizi gara!, Humanizazioa, Literaturan

pilulaurdinakSuposatzen dut 40 urtetik aurrera jendeak ekiten diogula liburuak berrirakurtzeari. Neuk behintzat bai. Gazteleraz ez dakit zehazki noiz irakurriko nuen, baina ordurako garai berriak ziren HIESdunentzat, etorkizuna erabat aldatuta, Mendebaldeko mundu honetan behinik behin. Lehenago heriotza zen kasu gehien-gehienen ortzemuga (eta oraindik bada Afrika beltzean eta munduko hainbat eta hainbat tokitan). Baina gauzak asko aldatu dira urte hauetan guztietan geurean.

Frederik Peetersen komikiak hori islatzen du lehenik eta behin. Baina baita bikote heterosexual baten harremana ere, emakumearen semearen aita gizon hori ez denean. Beraz emakumearen seme txikiaren eta bikotekidearen arteko hartu emanek ere garrantzia daukate istorioan.

Baina borobiltzeko, eta osasungintzaren humanizazioa aldarrikatzen dugun honetan, pasarte bat dago hona ekarri nahi dudana. Emakume HIESdunaren medikua eta bikotekidearen arteko harremana alegia. Edo protagonista arrak medikuoi buruz pentsatzen duena:

Batzuk halako harrokeria axolagabe batez bildu ohi dira, beste batzuk hipokrisiaren muga-mugan dagoen gehiegizko arretaren atzean ezkutatzen dira…

Baina hemengo hau oso begikoa dut… Ez du bere burua oso serio hartzen, gorabeherak izaten ditu, bihozbera ematen du, eta uste dut Catik eta biok asko zor diogula.

 

Aste honetan

%x %A in Bizi gara!, Humanizazioa, Sarean, Zineman

baleagetariaHitz egin genezake aste honetan egunkarian argitaratutako artikulu mamitsuari buruz, “Ez dira oheburuan ahituko” , Arantxa Iraolak idatzitakoa eta Larraitz Chamorroren kasu lazgarria jasotzen duena, eta Mabel Marijuan, Iñaki Olaizola eta Alberto Melendez adituen iritziak plazaratzen dituena. Hitz egin genezake eta berba egin beharko genuke eutanasiaz eta lagundutako suizidioaz. Momentuz geldituko gara Miren Amurizak idatzitako artikulu ederrarekin, “Txoria txori”:

“Indarkeria deritzogu norbaiti, bere borondatearen kontra, bizitza kentzeari. Zer besterik esan liteke norbait, bere borondatearen kontra, bizirik egotera behartzeaz?”

Hitz egin genezake aste honetan ere ikus-entzun dudan dokumental sorta liluragarriari buruz (eskerrik asko Gabi Heras beste behin ere), “Human” izenburu xumea duena baina alimaleko lan handia izan dena. 3 bolumenetan banatutakoa, ordu bat eta erdi ingurukoa bakoitza, ikus-entzun ahal izan dudana aste honetan gripea edo dena delakoari esker (!). Yann Arthus-Bertrand-ek 3 urtez egon da proiektu honetan, 2.000 pertsona inguru elkarrizketatuz 60 herrialdetan eta hainbat hizkuntzatan. Zuzendariak curriculum bikaina dauka hartutako irudi ikusgarriei esker, eta ederko islatzen da lan honetan. Izan ere, zerk egiten gaitu gizaki? Maitasunak, indarkeriak, sexuak, zoriontasunak, …?

Edo hitz egin genezake aste honetan Getariako moilan agertu den baleari buruz, animalia hauek gizakiongan sortzen duten lilurari buruz historia guztian zehar aspaldiko garaietatik, zirrara antzinakoa, sakona, haurtzarortik datorkiguna eta euskal kostaldeko hainbat armarritan irudikatuta dagoena. Herman Melville idazlearengan sortu zuen lilura bera da azken finean (“Moby-Dick”, 1851), Niki Caro zinema zuzendariarengan (“Whale Rider”, 2002) edo Lander Garro blogariarengan (“Balea Getarian”).

 

 

 

Extremis

%x %A in Humanizazioa, Zineman

extremisUdaberri aldean blogera ekarri nuen HU-CI izeneko mugimenduaren berria, gero eta handiagoa egiten ari dena eta zabalduz doana munduan zehar. Udazken honetan, Kaliforniako ospitale baten Zainketa Intentsiboetako Unitate batean jasotako testigantzekin dokumentala egin du Dan Kraussek, “Extremis” izenburukoa eta bete-betean ildo beretik datorrena.

Zientzia, fedea eta humanitatearen arteko elkargunea. Heriotza aukera moduan jasotzen duena, familiek eta sendagileek (erlojuaren aurka) hartu beharreko erabakiak, pizten diren emozioak,… Geurean ere Koldo Martinez, Felix Zubia edo Iñaki Saralegi bezalakoak saltsa hauetan buru-belarri dabiltza, eredua gertu daukagu.

Hemen Javier Martínez de Sarríak egindako iruzkin mamitsutik aukeratutako pasarte bat, “Extremis; Afrontando la Decisión Final”:

Afortunadamente el sentido de la dignidad está volviendo a su sitio. En este documental se da un atisbo del movimiento de retorno a la muerte digna.

La lucha por el derecho a decidir sobre la propia vida ha sido abanderado sobre todo por ciudadanos/pacientes. En este caso la heroína es una doctora, Jessica Nutik Zitter, cuya compasión le empuja a tomarse la molestia, el tiempo y -por qué no decirlo- el mal trago de descubrir y respetar el deseo del paciente, cuando ya no hay más que hacer.

 

Info+: Zainketa aringarriak eta zinema.

H-rekin

%x %A in Aulki Hutsak, Humanizazioa

HUCIHumanizazioa. Haizerauntsia, Huracán, Hurricane,… Heras, Gabi. 2014ko otsailean abiatu zuen “Proyecto HU-CIizeneko bloga intentsibista madrildar honek, zainketa intentsiboetako bere espezialitatetik beste espezialitateetara zabaltzeko asmoz, nazioarteko mugimendua, gazteleraz eta ingelesez. Gaur egun osasun arloko blogik ezagunenetarikoa da, eta mugimendu osoaren aktibitatea erabat frenetikoa da, sare sozialetan, hedabideetan, biltzar eta foroetan.

Heriotza da zaintzen ari diren esparru bat, eta nik beti gogoan izango dut zelan jaso nuen interkontsulta hori Zainketa Intentsiboetako Unitatetik, Gurutzetako Ospitalean, neu  Zainketa Aringarrietako kontsultan nengoen hartan. Ematen zuen bi espezialitateen arteko lotura bera ezinezkoa zela, gure presentzia zerbitzu hartan jokoz kanpo zegoela. Eta azkenean zer eskatzen ziguten eta albiste txarrak emateko lana hartzea.

Hurrengo kontaktua Koldo Martinezena izan zen, dokumentala egiteko zertzelada hori eman genuenean, bere hitzetan “niretzat zainketa intentsiboetako unitateak oso leku egokiak dira zainketa aringarriak egiteko.” Berriro kontraesana, baina hortik abiatu nintzen horri buruzko artikuluak irakurtzen. Hor mundu bat zegoen eta deskubritzen ari nintzen, Iñaki Saralegui ere ezagutu nuen, martxan nengoen.

Harremanetan ipini gara duela gutxi “haizerauntsia” eta biok, bitxia da zenbat gauza posible dituzun amankomunean eduki pertsona batekin berau modu birtualetik kanpo ezagutu gabe. Bere eskuzabaltasunari esker ia 230 DVD banatu dizkiete egun hauetan HU-CIren II. Jardunaldietan Bartzelonan inskribatutako pertsona guztiei. “Aulki Hutsak” bihotz gehiagotara iristen, bi munduak berriro konektatzen.

Harrigarria, edo ez hainbeste. Hau guztia posiblea ez ezik egin beharrekoa da gizakion artean.

Haparan.

 

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

跳至工具栏