Sara Etxalar
%x %A in MikroIpuinak
Mugan, bi herrialderen artean, kontrabandisten lurraldea izandako hartan. Sara Etxalar herrigunetik gora pare bat kilometrotara bizi da, zubi zaharra gurutzatu eta hilerritik gora. Karabineroa izan zen Daniel senarra, basozaina Mikel semea eta bankaria Usoa alaba. Emagina izandakoa bera, herriko praktikantea, botikariaren laguntzailea eta belar biltzailea.
Sorginen herritik hurbil jaiotakoa, gaztetan ezagutu zuen kanpotik jindako Daniel erretzaile ixila, eta errota zaharra izan zuten bizitoki neguz negu aldameneko herrian. Gaur egun urtegiaren hondoan gelditu den etxe hartan sortu ziren seme-alabak. Mikel baserrian berarekin bizi da, Usoa karrikan. Ehiztariekin nahiko lan ez, eta hilarri borobilak lantzen ere dabil semea, hain ezagunak eta erretratatuak diren horiek. Alabak anitz urte hiriburuan eman zuen, baina gauzak dauden moduan egonda herrirat itzuli da.
Bizitzaren neguan dago Sara, herioaren muga horretan. Bilobak orain gehiagotan igotzen dira, zorionez Ainhoa mendizale amorratua da eta sarritan biltzen da supazter-txokorat, hortik ibili ondoren. Bota eta galtzerdi bustiak lehortzen jarri eta amatxiren istorioak entzutera aulki baxu horretan eserita. Unairekin berriz baserri inguruan paseo txikiak ematea anitz gustatzen zaio Sarari. Ahal izanen duen bitartean, ohantzeak ez jaten saiatuko da. Ainhoa xelebrea eta are barregarria da, baina pazientziarik ez du. Unaik bai, ordea. Horri esker hainbertze errezeta eta sekretu bereganatu ditu.
Txakurra ere ez da oso urruti ibiltzen. Mikelekin edo Ainhoarekin batera basoan zehar ibiltzea da munduan gehien gustatzen zaiona, baina azken garaiotan Sararen ondoan egoten da, zerbait usaintzen du. Ardiak kendu zituztenean, gainera, langabezian gelditu da. Usoa batzuetan damutzen da, faltan botatzen du amak egindako gasna, baina erabakia argi zegoen. Datorrena argi dago, bakoitzak haren modutara egiten dio aitzin. Aitarena azkarra izan zen, ez zuten aitatxi ezagutu bilobek. Amarena polikiago dator. Hirirat ez dute joan beharko aitarekin bezala, ospitalerat, gauzak ongi.
Sara Etxalar azken elurtearen zain dago, bare eta ixilik. Ia dena erranda dago. Unai da haren aitor-entzulea. Eta erretorea, latinoamerikarra bera, ongi bidean doana hizkuntzarekin. Agindu dio bera jada egonen ez denean ere jarraituko duela ikasten, eta elizako organoari nota eder horiek ateratzen. Adineko emakumeak ez du nahi bera lurperatzea, agindu die erraustea eta ontzi batean senarraren hilobiaren ondoan paratzea, eta harrian zera zizelkatzea: “Pertsona ona izaten saiatu zen. Ez zuen beti lortu”.
Bitartean, euria ari du, kanpoan behelainoa eta barrenean epel. Egur gehiago bota du norbaitek sutara.
Amatxiri dedikaturik.
近期评论