You are browsing the archive for MikroIpuinak.

Euri horia (mikrobertsioa)

%x %A in MikroIpuinak

APlebiaAmariellaVicenta Pesués zaharrak ez zuen eguerdia arte jakingo. Betiko moduan, amortzua hartu bitartean, eltzekaria prestatzeari ekin zion, lapikoa sutan ipinita xuabe-xuabe. Mantso zihoan denbora beretzat, leihoan jarrita euriari begira. Data horietan ez zuen seniderik espero, eta bestelako bisitaririk ere ez zen herrixkan agertuko, eguzkirik gabe normalean oso gutxi ziren animatzen zirenak behintzat. Benetako mendizaleak bakarrik, baina egun hartan ezta horiek ere. Aitortu behar izango balu, kanpotarrak gustuko zituela esango luke. Gustura begiratzen zituen leihotik, edo balkoitik, edo etxearen atari ondoan harrizko eserlekutik. Entretenigarria zen. Bitxiak ziren txano eta arropa horiekin, tramankulu haiei begira, hizkuntza horietan mintzatzen. Onarturik bera ere exotiko xamarra izango zela kanpotar haientzat, oinetan egurrezko eskalapoi horiekin, bakardade egoskor horretan.

Herrian zutik zirauten dozena erdi bat etxek eta elizak, baina bizi Santiago Mimbres eta bera bakarrik bizi ziren bertan. Bakoitza bere etxean, aspaldiko desioak apalduta eta alarguntasun solidario onean. Urtez urte eraikitako elkarbizitza armonikoan. Ibarreko okinak, furgonetan okela, arrautzak, barazkiak eta bestelako jakiak ere eramaten zizkien andreak, ezin zuen sinetsi agure eta atso horiek nola posible zuten hor goian horrela bizi. Nola ez ziren zahar egoitza batean amaitu ibarreko beste hainbat bezala. Aurrerabidean, hainbat gauza eta pertsona bazterrera bota. Galtzadak, zuhaitzak, etxeak, geure bidean zeudenak. Eta euren bien familiak kenduta, okina bera, larunbatero abadea, lantzean behin postaria, urtebetetzeetan kazetariak eta eguraldiak gehiegi baldintzatutako kanpotarrak ziren hurbiltzen bakarrak. Egia esan senideak arduratzen ziren, baina egun haietan Santiagoren familia ere ez zen etorriko, lan kontuak zirela-eta.

Eguerdian, Vicentak buruan zapi beltza ipini zuen, lapikoa esku batean hartu eta bestean makila. Etxetik irten eta apurka-apurka aldatza igo zuen, betiko moduan Santiagoren tximiniatik kea ateratzen zela konprobatuta. Kanpoko atea bultzatu eta barrura sartu zen. Senideek kontrakoa iradoki arren, ez zeukan zentzurik giltzak erabiltzea hor goian. Eskileretatik gora mantso, ordulari zaharrak zutunik hamabi aldiz jo zuen. Goiko solairua zapaltzean, oholek betiko krakada leunak egin zituzten eta, ezkaratzeko supazterrean, enborrek txinpartekin emeki erantzuten zuten. Orduan jakin zuen, Santiagok ez ziola erantzuten eta besaulkian albo batera okertuta zegoela konturatu zenean. Orduan jakin zuen herriko azken biztanlea zela.

 

Eguberri urdinak

%x %A in Dolua, MikroIpuinak, Oroimenean, Osatzaile zauritua

gabonakubanZaila izango da aurten Gabonak ospatzea. Eguberria zerbait baldin bada umezaroa da, geure hirurona aspaldian atzean gelditu zen eta Igorrek eta Pellok euren haurtzaroaren etapa hori gainditu dute jada. Etxeko sutondo barik aulki hutsak garrantzitsuegiak dira aurten, geure artekoa apurtu da eta, kristalezko puskak batzeko makurtu bagara ere, gaitza izango da anaitasunari eustea.

Euria egingo bazuen sikiera, hotza, freskura, behelainoa. Baina ez, eguraldiak ere momentuz ez du batere laguntzen. Ezer ez da berdin ezta kontu horietan ere. Eta urri, azaro eta abenduko hilabeteak atzera nork itzuliko dizkigu ez dakigu gainera, inoiz gertatzekotan.

Galerak pisutusuegiak dira batzuetan, oskarbi urdinarekin batera arima ere dundu kolorekoa dagoenean. Badakigu elurra egin behar duela, zerua itsaso zikin bat izango dela berriro. Batzuetan gertatzen dira horiek ere.

Sutondoaren bila mendebalderantz aurten. Agian ura ere topatuko dugu azkenean.

 

Buzzin’ in my head: Euriaren zain.

Zer deuko honek Botxok ez deukonik?

%x %A in MikroIpuinak, Osatzaile zauritua

zarautz

M: Tira, itsas ondoan dagoela.

I: Noski, eta hondartz oso polita, baina horretaz gain zer?

M: Euskara Jendea.

I: Hara bestea! Jakina!! Han normala da kalean entzutea bazterrik bazter. Baina itsas ondoan egoteaz, eta hondartz politaz eta Euskara Jendeaz gain, zer deuko Zarautzek Bilbok ez deukonik?

M: Bizitza kalitatea.

I: Bizitza kalitatea, bizitza kalitatea? Hori bai pijokeria!

M: Aizu, honek Monty Pythonen gidoi bat ematen du! Originaltasun pixka bat ipintzen badezu, ederki!!

I: Bueno, egia esan Zarautzek ez deuko gauza bat Bilbok badeukona. Baina lotsa emoten deusta…

M: Zer baina?

I: Zezen plazarik ez deuko.

M: …

Dendariarena

%x %A in MikroIpuinak

oldshopJendetsua eta euritsua joan zen goiza Zazpi Kaleetako arropa eta osagarrien denda zaharrean. Hainbeste erosleri arreta eman ostean, eten horrek gogora ekarri zion bertan bezero berezi hura, aspaldian topatu gabekoa. Bera baino nagusiagoa zen andrea, hiriburutik kanpo bizi zen, kostaldean, alarguna zen eta hirira seme-alabak bisitatzera etortzen zen. Foulard, jertse edo beste osagarriren bat erosten zuen puntual, bere burua apaintzea gustoko zuen andreak.

Bihozkada batek bultzaturik, mostradore azpian zuen egunkarira jo eta hil-mezuen atala arakatu zuen dendariak. Izena ez zekien, baina argazkiko aurpegia berehala ezagutu zuen. Lankideak erreleboa eman eta gero bazkaltzera joan zen etxera, burumakur, kalean malkoek euriarekin bat eginda.

Gaua ondoezak jota eman zuen, begiak ondo ezin bildu, makal jaiki eta goibel abiatu zen arropa eta osagarrien denda zaharrera. Harritu zion karriketan ez jenderik ez euririk topo egitea. Pertsiana altxatu eta harrigarria egin zitzaion argirik ezin piztea. Pareko liburu-dendan sartu eta egunkaria erosi zuen goizero bezala eta, dendako iluntasunean, ez zen estonatu eskelen artean bere burua argazkian eta azpian bere izen-abizenak ikustean.

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

跳至工具栏