You are browsing the archive for Onkologikoak ez direnak.

Azken hitzaren jabe

%x %A in Bizi gara!, Onkologikoak ez direnak, Sarean

 

berriaautonomiaAste honetan Arantxa Iraola kazetariak artikulu sorta bikaina ekarri digu “Berria”-n pazienteen autonomiaz, aurretiazko borondateen dokumentuaz, zainketa aringarrietaz orokorrean, doluaz, elbarritasunaz, eutanasiaz… Interesgarria izan da kaleko jendearen iritziak ekarri izana, gaixoena eta senideena, bereziki prozesu onkologikoak ez direnak pairatzen dituztenak (Alboko Esklerosi Amiotrofikoa, Alzheimer,…). Baita ez gaixorik ezta gaixoen senidea ere ez den pertsona batena, etorkizunari begira argi daukana osasungileek berarekin zer egitea nahi duen eta zer ez. Azkeneko honen adibidea da Felix Ibáñez gasteiztarra (argazkian).

Gasteiztik ere Alberto Melendez paliatibistaren hitzak jaso dituzte, “Arinduz” elkartearen presidentea eta Araba ESIn koordinatzaile lanak egiten dituena alegia. Hiri hartatik ere Iñaki Saralegi intentsibistarekin egindako elkarrizketa gomendagarria da.

Bioetikan adituak, Koldo Martinez eta Mabel Marijuanen aportazioekin ekin zioten testu sorta honi, Nafarroatik eta Bizkaitik. Eta azken artikuluan beste bioetika aditu ezagun baten iritziak irakur ditzakegu, Marije Goikoetxearenak hain zuzen ere. Amaitzeko, Lurdes Zurbanobeaskoetxeak zahartzeaz hitz egin du, puzzlea ederki osatuz.

 

PD.- Astea ondo borobiltzeko, gainera, igandeko egunkarian Arantxa Iraolak Felix Zubia medikua eta Anjel Lertxundi idazleekin egindako elkarrizketa mamitsua ekarri digute. Astelehen on!

 

 

 

 

 

Anochece en la India

%x %A in Onkologikoak ez direnak, Zineman

anocheceenlaindiaJuan Diegok haragiztaturiko elbarritasuna, bakardade opiomanoa, inpotentzia, dolua eta amodioa, iraganaldirako egindako barne bidaia. Eta hala ere zaintzaile samaritarra, Clara Voda errumaniarrak interpretatuta. Giza miseriei buruzko pelikula espainiar polifonikoa, gazteleraz eta errumanieraz, komunitate etorkin txinatarrarendako begirada batekin, Turkian eta Indian errodatutako pasarteekin. Chema Rodriguezek zuzenduta eta idatzita, zati bat Suediak diruz lagunduta.

Baleko lana, lagundutako suizidioa tartean jorratzen duena. Ez dago hainbeste film honi buruzkoak, eztabaida gizartean dagoen arren. Gure zainketa aringarriak ez dira pertsona guztiengana iristen, eta horrela gertatzen da pertsona batzuk ez dutelako geure modua hobesten, pertsona batzuk bestelako bideak aukeratzen dituztelako.

Info+.

Hasierarako itzulera

%x %A in MikroIpuinak, Onkologikoak ez direnak, Zaintzaileak

ilargiaGauero legez ogera lagundu eben, nahiz eta gau hori desbardina izan. Ilusio guztiagaz sartu zan ogean Begoña Bilbao, jausitako hortza burukoaren azpian kontu handiz lagata, beste hainbatetan egin bezala. Abizen arrunteko aspaldiko sagua orduan, teilatuko Maritxu gona gorriduna gaur: “Eutsi hagin zaharra”, mantra baten moduan, “eta ekarri barrixe”, lokartu arte errepikatu, “eutsi hagin zaharra”, behin eta barriz, “eta ekarri barrixe”, ostera be…

Lo, Izaskun Ibarra zaintzaileak hurrengo goizean horrela topatu eban, irribarrea ezpainetan. Arretaz pakete txiki bat almohadapean utzi eta hortz zaharra eroan. Burua ez da erabat galtzen, beti gelditzen da guardian neuronaren bat, zubi lanak egiten iraganaldiagaz, edo hori esaten dau behintzat Itziar Deba medikuak.

Horregaitik musika.

Psikologia, errehabilitazioa, etxeko ospitalizazioa eta zainketa aringarriak Neumologian

%x %A in Onkologikoak ez direnak

COPDMasterclassNeumologian ere gauzak aldatzen ari dira. Aspaldiko partez mota honetako foroetara joan barik, ostiral eta larunbatean Madrilen egon naiz BGBK-ren inguruko ikastaro batean, Europa mailako adituek emandakoa. Besteak beste, bi hitzaldi interesgarri ikus-entzun ahal izan nituen “zainketa aringarriak” modu agerian aipatuz.

Alde batetik, Mark Elliott (Leeds, UK) neumologoak “Non-invasive ventilation in the acute and stable COPD patients: for whom, when and how”  hitzaldia eman zuen, eta bertan ahalegin terapeutikoa murriztea edo egokitzea  naturaltasunez planteatu zuen kasu batzuetarako(“sometimes enough is enough”), baita honi buruzko artikulu bat konpartitu ere.

Aurreko egunean, halaber, Josep Roca (Barcelona, CAT) ildo beretik ibili zen (“How to detect exacerbations?”), plan kliniko integralak, telemedikuntza, errehabilitazioa, etxeko ospitalizazioa eta zainketa aringarriak nabarmenduz. Izan ere, NEXES project izeneko egitasmoa abian ipini dute nagusiki Katalunian, Grezian eta Norvegian, KronikGuneren zuzendaria ere bertan dagoelarik. Halaber, Dr. Roca-k “Pulmonary rehabilitation before, during and after exacerbations”  eman zuen tailer moduan ikastaroan, eta beste pare bat interesgarriak izan dira egun hauetan: “Hospital-at-home for COPD exacerbations” (Claus Vogelmeier, Marburg/D) eta “Physical and psychological consequences of exacerbations” (Nicolas Roche, Paris/F eta José Luis López-Campos, Sevilla/E).

Egia esan, oso pozgarria da sintomei eta arlo psikologikoari buruz ere ikus-entzutea foro hauetan, eskala pronostikoak eskuragarri edukitzea (BODE), identifikatiboak (NECPAL), disnearen neurtzaileak (MMRC), bizitza-kalitaeari buruzko galdetegiak (SGRQ) eta abar. Telemedikuntzari dagokionez, Gurutzetako Etxeko Ospitalizazioan egon nintzenean “TELEPOC” proiektuaren nondik norakoak ezagutzeko aukera eduki nuen adibidez, Errehabilitazioa eta Neumologiaren artean burututakoa bertan eta Galdakaon.

Ezagunak dira halaber Donostia Ospitalean azken urteotan abiatutako taldea  Ebidentzian Oinarritutako Medikuntzaren inguruan, Joxe Artetxe eta kolaboratzaileena Barne-Medikuntzaren barruan, BGBK duten gaixoak barne. Halaber geroxeago martxan ipinitako paziente pluripatologikoen programak EAE-n zehar, azken finean bizitza-kalitatea bilatzen dutenak eta gaixotasun kronikoen fase aurreratuetan aplikatutakoak kasu gehienetan, BGBK duten gaixoak barne.

Gauzak eta pertsonak mugitzen ari dira.

Info+: Recomendaciones sobre Atención al final de la vida en pacientes con EPOC.” (Normativa SEPAR 2009).

Ez onkologikoen erronkak

%x %A in Onkologikoak ez direnak

sevillasecpal16Sevillan izan da SECPAL-en XI. kongresua. Jende mordoa,  500 poster baino gehiago aurkeztuta eta horrelako biltzarretan pasatzen den moduan, bi lekutan batera ezin egoteko sentsazioa eta batzuetan zeozer interesgarria galdu behar.

Mahai-inguru mamitsu batean ez nuen hutsik egin, eta zorionez egon ahal izan nintzen onkologikoak ez diren pazienteei buruzkoan hain zuzen ere: Hasteko, Jordi Amblàs (UCP Hosp. Vic) NECPAL eskalaren azken 3.0 bertsioaz aritu zen, aurten burututakoa. Pronostikoaz ere jardun zuen, argi utzita ez dela punturik garrantzitsuena gaixoen fase aurreratuetan, eta horren gainetik gaixo hauek ondo identifikatuta eduki eta gero zein fasetan dauden zehazteko aurkeztu zigun “Fragil-VIG” izeneko indizea, Katalunian diseinatutakoa.

Daniel Gainza-k (ESAD Madrid Norte), jarraian, batez ere BGBK eta Birikako Fibrosia dituzten pazienteak artatzeko egitasmoaz hitz egin zigun, gaixotasun mota biei buruzko ikerketekin (HOLD eta FPI hurrenez hurren). Lehenengoan, 64 hilabeteko biziraupenak topatu dituztela (5 urte baino zertxobait luzeagoak), eta bigarrenean argi eta garbi azaldu zigun morfina behar izan duten paziente fibrotikoen portzentajea, kasuen %100a alegia.

Amaitzeko, Juan Pablo Leiva (CUDECA) Giltzurrun Gutxiegitasun Kronikoaren azken fasean dauden pazienteetaz ibili zen. Dialisia bertan behera uzteko faktoreak komentatu zituen. Baita horrekin lotutako artikulu interesgarriaren aipua ere: “Palliative care: misconceptions that limit access for patients with chronic renal disease” (A. Jablonski, 2007).

Lorentzo

%x %A in Onkologikoak ez direnak

txabolaBuruak gauza bat agintzen duenean eta gorputzak abiadura berean ezin duenean  erantzun. Bizitzan hainbatetan mendian zure kasa ibiltzen ohituta eta laurogeita urte asko beteta errealitate krudel baten barruan gatibu. Etxea laga eta zahar egoitza batean bizi behar, egokitu ezinik.

Bergaran bizi zenean duela urte batzuk ezagutu nuen, mendian libre ibiltzen zelarik. Orain elkar berriro topatu dugu, Aretxabaletan bizitzaren azken aroa igarotzen ari denean. Lehengo egunean ez zuela aurrera egingo sinetsita geunden ospitalean, baina oker nengoen, gaztainondo sendoaz eginda dago eta, gauzak ondo, datorren hilabetean berriro egongo gara kontsultan. “Nire paziente faboritoa zara”, esan nion, faboritoenetakoa bada.

Irribarre ederra dauka, senideekin tarteka jenio bizikoa izan arren, izan ere iraganeko familia kontu latzak jakin izan ditut azken ingreso honetan, alabak kontatuta, ez nekizkienak. Eta jakin dut txabola txukuna daukala hor nonbait, Bergara, Antzuola eta Oñati artean. Orain bakarrik amestu dezake berataz. Gustura baino gusturago emango zuen azken osteratxoa hortik. Pena ematen digu ezin elkarrekin joan, hankak nekatu, zahatoa astindu eta bihotza alaitu.

Lorentzo ez da bere benetako izena. Argazkikoa ez da bere txabola. Eta ez, zainketa aringarriak ez da bakarrik pazienteak sedatzea.

Stille hjerte

%x %A in Onkologikoak ez direnak, Oroimenean, Zineman

stillehjerteDaniar film hau 2014ko Zinemaldian estreinatu zuten, eta ordutik ikusteko gogoekin egon naiz, lankide batek biziki gomendaturik. Aukera etorri zait azkenean Gasteizko zineforum baten bitartez, duintasunez hiltzeko eskubidea defendatzen duen elkarte baten bidez, eutanasia eta lagundutako suizidioaren aldekoa.

Hori da hain zuzen ere pelikularen muina, eta inguruko mataza osatzen dute familia baten barruko harremanek, Alboko Esklerosi Amiotrofikoak jotako emakume baten duintasun sendoak, maitasunak gidatutako erabakiek, Danimarkako bazter bakarti eta idilikoak. Hasiera-hasieratik ama ikusi dut islatuta pantailan, aita, arreba, anaia, emaztea, geure seme nagusia eta neure burua bera. Ez zuzenean pelikulako pertsonaiekin lotuta banan-banan, baina bai bakoitzetik apur bat.

Asko dago hausnartzeko hau bezalako lana ikusi eta gero, “Mar Adentro” (2004) edo “Miele” (2013)  pelikulen ildo beretik. Zein berde dagoen gure jendartea, eta atzetik zein berde legeak eta politika. Munduko oso toki gutxitan legeztatuta daude praktika hauek, ezta Danimarkan ere, eta beti ere Lehen Munduan. Baina hori baino askoz lehenago guztiz txundigarria da  morfinaren eskugaragarritasunari dagokionez mapamundia ikustea. Klik eginda ondo ikusten da munduko herrialde gehien-gehienetan morfina ez dela iristen mila miloika herritarrengana.

Bihotz isil gehiegik ez dute aukerarik ezta duintasun pittin bat edukitzeko ere, ezta bizitzaren amaieran ere.

Martina

%x %A in Antropologia apunteak, Onkologikoak ez direnak

martinaBeste garai bateko emakumea da, lurralde honetakoa bai baina desagertzear dagoen mundu batekoa, zirimiriarena, Zubiaurretar margolariena. Hain zuzen ere mundu honekin interesa galdu duela ematen du, “off” botoia sakatu duela eta badoala. Ez dauka minbizirik edo Alzheimerrik. Bihotz eta biriketako gaixotasun kronikoak ditu, baina hain ohikoak ez direnak. Urte mordoa ditu eta asko kontatzeko, baina hitz egiteko, jateko eta bizitzeko gogo eskasa.

Isil-isilik joango da, eta berarekin batera eramango du geure ondarearen puxka eder bat. Pozik egon gaitezke ezagutu zaitugulako. Zeu eta zeure kastakoak. Etxean neure amatxi propioa adibidez.

Zerbait ikasi dugula uste dut.

 

Konstrukzio masiboko armak

%x %A in Dolua, Onkologikoak ez direnak, Sarean

gutunakGabi Heras mediku intentsibista da, Latinoamerikan eta Afrikan ibilitakoa eta Medikuntzaren humanizaziorako harra barruan daramana. Bere espezialitatearen arloan aplikatzeko egitasmoa da HU-CI, eta aurtengo maiatzean aurkeztu zuen Torrejónen (Madril) egindako Osasuna Humanizatzeko XX. jardunaldietan, Camilo erlijiosoen eskutik besteak beste.

Dolumin gutunek eragin handia eduki dezaketen ekintza mediko errazak dira, konstrukzio masiboko armak, umorea ere horietako bat den modu berean. Eta Gabi Herasek bere blogean eskutitz bat konpartitu du, oso modu pertsonalizatuan idatzitako “Carta para la familia por la muerte de su padre”. Pertsona baten heriotzarekin ez delako gure jarduna amaitzen.

Zainketa aringarriak beste latitude batzuetan

%x %A in Bizi gara!, Onkologikoak ez direnak

BaobabArratseanFilosofia paliatibista Lehen Munduko kontua dela esan dezakegu, are gehiago herrialde anglosaxoietan sortu eta garatutakoa eta gizarte aberatsenetan gehien zabalduta dagoena. Baita modernoa dela ere. Nahiz eta hospizioen tradizioa historikoki luzea izan, are gehiago errukitasun balorea, gizakiaren hastapenetatik presentea dagoena.

Bestela, garapen bidean dauden herrialdeetako mapamundia eta zainketa aringarrietako presentziarena alderantzizkoak dira hein handi batean. Zenbat eta garapen gutxiago, hainbat eta medikuntza mendebaldar gutxiago. Nahiz eta medikuntza arintzailea denik eta merkeena izan, nahiz eta erabilitako botikak garestiak ez izan. Zainketa aringarriak eta “hospice” mugimendu modernoa oso mendebaldarrak direlako, eta eurekin batera heriotza duinaren aldeko mugimenduak eta eutanasiaren inguruko eztabaidak eurak ere.

Izan ere, azken puntu hori funtsezkoa da. Milaka urtetako tradizioen aurka talka egitea, heriotza, sufrimendu eta minari buruzko sinesmenak, opiofobia, matxismoa, horren guztiaren kontra egitea zail-zaila da. Geure mundu aberatsean horrela da, atera kontuak beste latitude batzuetan zelan izango den.

Saharaz hegoaldeko Afrikan, adibidez, minbiziaren prebalentzia nagusiki ezezaguna da. HIES-aren errealitatea, tamalez, ezagunegia eta gordinegia dugu: Malnutrizioa, tuberkulosia, umezurtz kopuru eta hilkortasun tasa handiak. Pandemiak eragindako sufrimendua arintzeko, faktore sozioekonomikoen aurka ez ezik sineskeriei eta txarto ulertutako erlijio estrukturei aurre egin behar da. Harrigarria da HIES-aren negazionisten artean zenbat buruzagi garrantzitsu egon izan diren, Thabo Mbeki Hego Afrikako aurreko presidentea besteak beste.

Zorionez, ondo praktikatutako erlijioaren adibideak egon badaude, Desmond Tutu artzapezpikua buru, baita hainbat langile eta kooperante ere, laikoak izan ala ez. Hortik etorri daiteke itxaropena esparru paliatiborako, eta horren erakusgarri ona da “Más allá de la colina y la selva” / “Au-delà de la colline et la brousse” dokumental gomendagarria (Alfredo Torrescalles, 2014). Kamerunen egindakoa eta hemen aipatu ditugun puntu ugari jasotzen dituena. Lan honen protagonista batzuk Euskal Herrian egon ziren 2013ko ekain eta uztailean, Santurtziko San Juan de Dios Ospitalearen atentzio psiko-sozialaren ekipoa, Gurutzetako Etxeko Ospitalizazioa eta “Paliativos Sin Fronteras” GKE donostiarraren lankidetzan.

Amaitzeko, Afrika Beltzaren bizitzaren eguneroko pasarte ugari islatzen ditu beste lan aipagarri batek, zentzu positiboan eta umorez. “Aya de Yopougon” izenburupean, 6 komiki sorta honetan MargueriteAbouet eta ClémentOubrerie-k Boli Kostako paisaia garaikidea marraztu dute. Bizitzaren kontu arruntak bertako emakume baten ikuspegitik. Zilborkeria lehenmundistaren aurkako ekarpen eskergarria.

[“Osatuberri” aldizkariko hurrengo zenbakian argitaratuko den kolaborazioa.]

 

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

跳至工具栏