You are browsing the archive for Oroimenean.

Lekeitioak

%x %A in Antropologia apunteak, Literaturan, Oroimenean

KurikUdarekin eta haurtzaroarekin lotzen dut nik Lekeitio. Otoio, Karraspio, uhartea, itsasargia, olatu-horma. Lopez izozkiak, Aralde liburudenda, Antzar Eguna, Itxas Soinua, kaxarranka. Mendexa, Amoroto, Oleta. “La muerte de Mikel“. Nostalgia. Gaur egun urtean behin edo birritan egiten dudan bidaia iraganaldira. Ez dauden pertsona askoren paisaia, ez dauden pertsona horiei esker ezagututakoa. Hizkuntzarekin (euskalkiarekin) kontzientzia piztu eta sendotu zidan herria. Orain dauden eta gero etortzen joan diren pertsonekin konpartitzen ditudan Lekeitio hauek guztiak.

Azken urte hauetan martxan ipini dute Lekeition aldizkari bat, inoizkari bat, kontu historiko eta kulturalak ekartzen dituena modu informal baina zehatz eta txukunean. “Kurik” ezagutarazi didan pertsona “gero etortzen joan diren” horietako bat da, Oier Gorosabel eibarnauta mutilmedia. Hirugarren eta azken zenbakiak kanposantuko kontuak, elizako hilobiak (“ars moriendi”), herriko lurperatzaileak, Izpazterreko hilketak, izurrite beltza Lekeition eta abar luzea ekartzen ditu. Mamitsua eta interesgarria guztiz.

Eta gainera, borobiltzeko, herriarekin (eta heriotzarekin) oso lotutako liburu bat erori zait eskuetara: “Erreka haizea”, Sonia Gonzalezena. Lekeitioekin txunditutako Bilboaldeko beste pertsona bat.

Badaukat oporren bigarren zati honetarako material ederra.

 

 

Zinemagile existentzialista

%x %A in Oroimenean, Sarean, Zineman

Zazpigarren zigiluaUztailean Suedian jaioa eta uztailean Suedian hilda, gaur 100 urte dira Ingmar Bergmanen jaiotza egunetik, egunkarian abisatu diguten bezala.

Maisua zineman, inoizko handienetarikoa, existentzialismoaren inguruan jardun zuen klasikoak diren maisu lanean baino gehiagotan. “Marrubi basatiak” (“Smultronstället“, 1957), “Zazpigarren zigilua” (Det sjunde inseglet“, 1957; argazkian) eta “Garrasiak eta xuxurlak” (Viskningar och rop , 1972) dira pelikula horietakoak, bizitza eta heriotza, zahartzaroa eta izpiritualtasuna ardatz eduki zituztenak. Zerrendan agertzen direnak, beste film aholkagarri batzuekin batera.

Hilabete honek beste urteurren bat ekarriko digu gure etxera. Hamaikagarrena aita hil zenetik, uztailaren 22an, Donostian. 2007an, Ingmar Bergman bezalaxe.

Beti gogoan, aita. Eta hain eskertuta.

Mendiak hilerri

%x %A in Antropologia apunteak, Oroimenean

hernioEdo mendiak bidegurutze, Nagore Etxeberriak gaurko egunkarian ederki idatzi duen moduan. Duela lau urte Gipuzkoako Foru Aldundiak mendi tontorretan dauden gurutzeen ondoan bestelako gurutzeen presentzia arautzen hasi zen. Begi bistakoak dira ondorioak. Hernion adibidez lehenagoko irudia post honen argazkian dagoena zen. Gaur egun dexente aldatu da kontua.

Hildako mendizaleen alde eginiko omenaldiak modu askotara egin daitezke, eta egia da politenetarikoa eta iraunkorrenetarikoa zuhaitz bat landatzea dela, plaka txiki batekin batera. Gaia arras interesgarria, kultura askotan ikusten dena eta gainera antzinatik datorrena, hildakoak mendietan omentzearena. Errautsak botatzearenak ere bere arauak eduki baditu. Azken finean lekua guztiontzat badago, baina hemen ere zibismoa erakustea are politago eta iraunkorrago bihurtzen ditu geure keinuak eta erritoak.

Espero dezagun seme-alabak sasoian egotea geuri tokatuko zaigunean.

PD.-Literatura gomendioa: “Mendi-joak” (Aingeru Epaltza). Aspaldian ez nuen hainbeste disfrutatzen liburu batekin. Urtebetetze oparia gainera, eskerrik asko familia!

 

Gazte

%x %A in Bizi gara!, Oroimenean

felixEz nuen ezagutzen Paule durangarraren bizitza (eskerrik asko Rebeka). Amaia zallarra ekarri dit gogora eta bihotzera. Antzekoak adinari dagokionez, eta ziur aski beste ezaugarri batzuk ere kontuan hartuta. Gazte bizi, gazte hil. Bizitzari aurrez aurre begiratzen, irribarrez, negarrez, duin, dotore.

Eta ezinbestean, Felix atxabaltarraren oroimena ere berritu dit:

“Zergatik neurtu mendiak metrotan, eta ez edertasunean. Zergatik neurtu bizitza urtetan, eta ez ilusio gauzatuetan edo urratutako bidearen dotorezian?”.

.

 

Hamarkada bat

%x %A in Bizi gara!, Dolua, Oroimenean

lindholmhojeGustua bidaiak prestatzeko, bizitzeko eta gogoratzeko, hiru momentuak dastatzea. Hizkuntzak erabiltzea, janari ezohikoak dastatzea eta usaintzea, lekuetako irratiak entzutea, giza patroi desberdinei begiratzea. Hala baseliza txikiak nola katedrala erraldoiak bisitatzea. Monasterioetako edo klaustroetako babesa sentitzea. Eta lainoekin eta euriarekin ez izutzea, are gehiago maitatzen ikastea.

Txikitako bidaia luze horiek, Gaztelatik Euskal Herrira eta alderantziz, leihoetatik zeru horiek, errepidean kamioiak eta kamioiak. Eta musika klasikoa*, ezaugarri nagusia, aukeran barrokoa. Mocedades eta  Oskorri ere bai, haurtzaroko diasporako soinu banda. Geure umeentzat, bidaien oroitzapen musikalak Petti eta Ruper Ordorika izango dira beharbada, eta klasikoa ere fondoko teloian ibiliko da, katearen jarraipena.

Hori guztia eta hainbat gauza gehiago utzi zidan bizi ondare moduan aitak. Oroitzapen moduan betiko eramango ditut nirekin, aurten Danimarkaraino. Baloreak ere txertatuta ditut eta eurak ere beti nirekin eramaten saiatzen naiz. Eta horietako batzuk hain zuzen ere pelikula daniar batekin islatzen dira. Nazioarteko kooperazioa adibidez, filmean agertzen den dramatismorik gabe, zorionez. Mediku profesioa, minbizia eta heriotzarekiko harremana, dolu pertsonalak kudeatzea, aita moduan sarritan daukagun lan nekeza. Ederki islatzen dira “Haevnen / In a better world” Oscar saridunean (Susanne Bier, 2010). Minbizia eta heriotza, uztailaren 22an hamar urte bete dira. Ordutik bi jaiotza, Ilazki eta Aiorarenak etorri dira, eta beste heriotza bat, amarena, minbiziarengatik berriro ere.

Badago beste pelikula danimarkar bat zerrendan, honekin guztiarekin bat egiten duena eta hango paisaiak eta isiltasunak ondo islatzen dituena, “Stille hjerte / Silent heart” (Bille August, 2014), eutanasiaren ingurukoa eta Donostiako Zinemaldian urte hartan aurkeztu zutena.

Alberto Peña Iturria (1942-2007). In memoriam.

PD.- Argazkian, Lindholm Hoje hilerri bikingoa. Aalborg inguruan.

*Adibidez Carl Nielsen, Symphony 4. Daniar ezagun bat aukeratzeagatik.

 

 

Aitajauna

%x %A in Antropologia apunteak, Oroimenean, Zaintzaileak

ikazkinaMenditerapia: Naturan zeharkaldiekin gozatu, tontorrez tontor gorputza eta arima elikatuz. Gauza gutxi bururatzen zaizkit hau baino betegarriagoak, laneko geure ur handietatik kanpo.

Beste garai batean, mendia bera zen ogibide. Eguraldi kontuak gaurko modu obsesiboan begiratu barik, benetako hotza, benetako lainoak eta benetako elurra eta euria zeudenean. Hori guztia egunez eta gauez, txondorra zaintzen adarrekin eta belarrarekin egindako etxoletan lo egiten (edo), orain ditugun arropa termikoak eduki barik.

Hizkuntzak ikasteko, hegazkin batean montatu ordez, mandoa hartu eta Elgeako mendilerroa zeharkatu Araba aldean gaztelania deskubritzeko. Elizmutil, abeltzain, ikazkin, senarra, aita, anaia… Desberdin bizi eta hiltzen da hirietan eta herrietan, ospitalean edo etxean, kalean edo baserrian. Kasu batzuetan oraindik ere horrela gertatzen da, zorionez. Familia alboan eta bikain zainduta, herriko medikuaren laguntzaz, historian beti izan den moduan. Baretasunez, naturaltasun osoz, dotoreziaz. Bizi izan zaren moduan hil, zirkulua osatuz.

Gainera maiatzaren egun seinalatu batean. Bestela ere ez ginen ahaztuko, baina horrela are gutxiago.

 

Bigarrena

%x %A in Bizi gara!, Dolua, Oroimenean, Osatzaile zauritua, Zineman

lalalandTxikitako oroitzapenak ekartzen dizkidan lehenengo bi pelikula musikalak “Sonrisas y lágrimas” (Do, re, mi…) eta “El violinista en el tejado” (If I were a rich man, doobi, doobi,…) izango dira ziur aski. Horiekin batera “Jesucristo Superstar” dago, noski, urte haietan ere egindakoa. Eta “Grease”.

Holako batean antzokietara hasi ginen joaten, Madrilgo Gran Viako antzoki erraldoi horietara, “Les Miserables” bizpairu aldiz ikus-entzun nituen, “La Bella y la Bestia” geroago. Ederra izaten zen halaber Arriaga antzokira joateko ohitura, Gabon inguruetan, neguko garai honetan. Gogoratzen naiz euriaz ere, Bilbon garai hartan egiten zuenaz, antzokira sartzera are gehiago gonbidatzen zintuena. Gurasoekin joateko ohitura hori, guztiz zoragarria.

Gaur betetzen dira 2 urte ama hil zenetik (eta uztailean aitaren 10. urteurrena izango da). Eta gaixotasunaren urteetan eta lehenago ere ohitura hori mantendu genuen. Arriagan egon izan zen Oteizari buruzko emanaldi musikal bat, nahikoa zaila zena interpretatzen, baina gustura ikus-entzun genuena, aita ere bizirik zegoela oroitzen naiz. Geroago beste antzeko emanaldi bat egon zen euskal dantza garaikidearena, Kukai konpainiarena usted ut, hor amarekin bakarrik joan nintzen. Gozatzeko modukoa ere bai, Donostiako Antzoki Zaharrean. Azken urtean izango zen, Arriagan berriro, oraingo honetan ama 4 ilobekin Geronimo Stilton-en musikal batera joan zen, makal-makal baina poz-pozik.

“La La Land” oraindik ez dut ikus-entzun, baina itxura on-ona dauka. Amaren omenez eta musikalekin zuen zaletasun handiagatik soilik erakartzen nau. Pantaila handian ikusteko gainera, DVDn etxean aukeran ez. Malkoak disimulatu beharko ditut, orduan, edo ez…

PD.- Atzo arrebaren urtebetetzea izan da. Bizi gara!

Adeitasuna

%x %A in Bizi gara!, Onkologikoak ez direnak, Oroimenean

gardelGabonetan James Stewart blogera ekarri genuen, 1940ko hamarkadako pelikula eguberritar eta gogoangarri harengatik, “It’s a wonderful life” alegia, “¡Qué bello es vivir!” gaztelerazko itzulpenean. Stewartek aktore dotore eta adeitsuaren rola eduki zuela esan dezakegu, Carlos Gardelek (argazkian) musikaren munduan hartu zuen antzeko moduan. Garaikideak izan ziren biak ala biak, bata hegoamerikarra eta bestea iparamerikarra.

Hego Amerikatik ere itzuli zen aspaldian gurera L., ospitale honetan ezagutu nuen eta urteak betetzen joan da, gaixotasun asko gaindituz edo haietara egokituz. Aparteko gasolina zuen gaixoa zen, zalantzarik gabe, familia ingurune bikainetik hasita, kalean lagunartea, futbolaren zaletasuna, eta gauza guztien gainetik jendetasuna, adeitasuna edo gizalegea erakusten zuen modu nabarmenean L.-ek. Neure belaunaldiko jendeak galtzear dugun balorea (belaunaldi berriek hiztegian begiratuta ere kontzeptua arrarotzat hartuko dutena). Pertsona baten barruko dotorezia erakusten duen balorea, beste garai batekoa tamalez.

Atzo amaitu zen Espainiako football Ligako lehen itzulia Lehen Mailan, eta L.-en eta neure taldeak zenbaki ezin hobeak sinatu ditu, kualitatiboki hainbat partida gogoangarri eginda, ikusle moduan disfrutatzeko modukoak. Horrela hil zen gaur zortzi L. jaioterrian, 90 urte baino gehiagoko bizi-ibilbide gogoangarria atzean utzita, dotore, adeitsu, zaratarik atera barik. Heriotza onartuta eta bakean.

Chapeau!

Eten barik

%x %A in Oroimenean

lesakaHelmuga, abiapuntua eta topagunea. Hiruetatik apur bat dauka herri honek niretzat (guretzat). Atzoko topaketa antolatu duenak argi zeukan hiletetatik haratago bazegoela biltzea, elkarrekin egotea eta aurrez joandakoak oroitzea. Transmititutako guztiarekin eten egin gabe. Bizitzan aurrera, zirimiri azpian Zubigainekoa dantzatzen neguaren amaieran, zergatik ez?

Eta oroitzea, bai noski. Alzheimertar proposamenen aurrean entzungor, ez dugulako ahaztu behar, ez dugulako ahaztu nahi. Erabat alderantziz, oroimena delako barne-bakerako bidea. Elkarbizitzaren giltza.

Aitaren eguna izan zen atzo, eta gure artean oso present egon zen gure aita, norbaitek esplizituki aipatu zuen moduan. Ondorengoei ondarea transmititzea tokatzen zaigu (zait), martxoaren 19a egunero delako. Esker onekoak garelako.

Stille hjerte

%x %A in Onkologikoak ez direnak, Oroimenean, Zineman

stillehjerteDaniar film hau 2014ko Zinemaldian estreinatu zuten, eta ordutik ikusteko gogoekin egon naiz, lankide batek biziki gomendaturik. Aukera etorri zait azkenean Gasteizko zineforum baten bitartez, duintasunez hiltzeko eskubidea defendatzen duen elkarte baten bidez, eutanasia eta lagundutako suizidioaren aldekoa.

Hori da hain zuzen ere pelikularen muina, eta inguruko mataza osatzen dute familia baten barruko harremanek, Alboko Esklerosi Amiotrofikoak jotako emakume baten duintasun sendoak, maitasunak gidatutako erabakiek, Danimarkako bazter bakarti eta idilikoak. Hasiera-hasieratik ama ikusi dut islatuta pantailan, aita, arreba, anaia, emaztea, geure seme nagusia eta neure burua bera. Ez zuzenean pelikulako pertsonaiekin lotuta banan-banan, baina bai bakoitzetik apur bat.

Asko dago hausnartzeko hau bezalako lana ikusi eta gero, “Mar Adentro” (2004) edo “Miele” (2013)  pelikulen ildo beretik. Zein berde dagoen gure jendartea, eta atzetik zein berde legeak eta politika. Munduko oso toki gutxitan legeztatuta daude praktika hauek, ezta Danimarkan ere, eta beti ere Lehen Munduan. Baina hori baino askoz lehenago guztiz txundigarria da  morfinaren eskugaragarritasunari dagokionez mapamundia ikustea. Klik eginda ondo ikusten da munduko herrialde gehien-gehienetan morfina ez dela iristen mila miloika herritarrengana.

Bihotz isil gehiegik ez dute aukerarik ezta duintasun pittin bat edukitzeko ere, ezta bizitzaren amaieran ere.

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

跳至工具栏