You are browsing the archive for Sin categoría.

Agurraren lezioa

%x %A in Dolua, Sin categoría

AdioKukaiKukai dantza konpainiak eskainiko du gaur “Adio” ikuskizuna  Arantzazuko santutegian (sarrerak agortuta), Donostiako Musika Hamabostaldiaren barruan. Obra honekin, berriki hildako Iñaki Beristain eta Bitoriano Gandiaga fraide frantziskotarrei omenaldia egingo diete. “Ariketa espiritual” hau aurrera ateratzeko, Landarbaso abesbatzak (Errenteria), Iñaki Salvador piano joleak, Oñatz dantza taldeak (Oñati) eta Pello Zabala frantziskotarrak parte hartuko dute.

Agur esatea arte bat da. Ez da erraza sarritan. Nik neuk ere garai batean esaten nuen esaldi errepikatu hura, “agur esatea ez zait gustatzen”. Eta gustatu-gustatu, segitzen dut atsegin barik, baina honen garrantziaz ondo jabetu naiz. Oñatiko maisuak ondo deskribatzen du ataka zail hau aspaldiko abesti honetan:

Agurraren lezio hori ikasteko
Ahazten jakin behar
Lezio hori ez dago ikasterik
(Hala esaten dizuet nik)

Ruper Ordorika

Hau guztia dator bi hileta elizkizun eduki dudalako denbora gutxian, Eibarren eta Oñatin. Horietako batean, hildakoak bidea samurtu egin zion familiari haren bizitzaren azken asteetan, dena argi utzita, serenitatearekin.

Agurraren lezio bat.

Doktorea: Ez egin ahal duzun guztia!

%x %A in Sin categoría

BloodRedGoldEspektro handia dago “dena” egitetik “ezer ez” egitera. Bi muturretan daude, goitik basakeria, ankerkeria edo egoskorkeria terapeutikoa, eta behetik utzikeria terapeutikoa edo pertsonaren abandonua. Baina zer da “amore ematea”? Non daude mugak sendatzetik zaintzera igarotzeko bidean? Mamitsua da “¡Doctor, no haga todo lo posible! De la limitación a la prudencia terapéutica” liburua, (Pablo Requena, Ed. Comares 2017). SECPAL 2018an harrapatutako ehizakia, oheburuan dudana.

Esparru zabala da hau, ahalegin terapeutikoaren mugatze edo egokitzearena. Hainbat faktore daukagu aurrean, eta horietatik guztietatik bat odol-transfusioa da. Mahai gainean dagoen gai eztabaidagarria da, goitik (“dena” egiten) dabiltzanek zalantzarik agertzen ez badute ere. Pertsonei baino analisiei  begiratzeak dakarrena horixe da, hemoglobina kopuruak goratzea lehenik eta behin, eta gero (akaso) pentsatzea. Zenbaki okerrak zuzentzea azken finean, kontuan hartu barik horrek bizi-kalitatean onura edo asaldura ekarriko dion gaixoari. Sintomak arinduko dituen transfusioak (indar falta, arnasestua, makalaldi orokorra…), edo bakarrik gure kontzientzia lasaituko duen. Hemoglobina 8tik behera berriro jaitsiko den arte.

Osakidetzak medikuoi inkesta bat bidali digu, hain zuzen ere, honi buruz. MAPBM (Maturity Asessment Model in Patient Blood Management) izena dauka egitasmoak, eta euren webgunean esaten duten moduan: “Patient Blood Management (PBM) estrategiarik hoberena da ospitaleetan egiten diren transfusioak prebenitzeko edo ebitatzeko, eta OMEk 2010etik egiten duen gomendioa da, eta 2017tik Europar Batasunak. PBM egitaraua martxan ipintzea transbertsala da erakunde guztian, eta antolatze kultura eraldatzea dakar”.

Hizkuntza ulergarrian, profesionaloi eskatzen digute sintomak kontuan hartzeko paziente bat transfunditu baino lehen, analisietako baloreak errelatibizatuz. Hau da, arnasesturik edo asteniarik ez badago, jarduera fisikorik baldin ez badago, gaixoa oheraturik dagoelako edo aulkitik ezin delako jaiki, gaitasun kognitiboa galduta baldin badauka, transfunditzen tematzea alferrikakoa izateaz gain basakeria terapeutikoa da. Izan ere, baliabide urria eta balio handikoa da odola, “garestia” nahi baduzue.

Odola urrea da.

Errukiz eta irrikaz

%x %A in Beste terapia batzuk, Humanizazioa, Onkologikoak, Onkologikoak ez direnak, Sin categoría

BatzordeAntolatzaileaSECPAL2018Ez gaude denok argazkian, baina gauden denok bagara SECPAL 2018ko batzorde antolatzailearen kideak. Aurreko post batean komnetatzen nuen zein esperientzia ederra izan diren biltzarraren aurreko asteak eta antolatutako kultura ekitaldiak eta bestelako jarduerak. Bada kongresoa bera ere disfrutatzekoa izan da.

Hasten baldin bazara musikoterapiaren ikastaro on batekin, Patxi del Camporekin. Segitzen baldin baduzu Eduardo Brueraren ongi etorriko hitzaldiaren, hasierako euskarazko hitz haiekin Bruce Springsteenen moduan, ganoraz, ez “gabon” edo “kaixo” herabe soilekin. Ederra forman eta edukian, betiko moduan, ezinbesteko ezaugarriarekin batera: umorea.

Arinduz.

Jarraitzen baldin baduzu kooperazioari buruzko mahai inguru batekin, Arinduz 2017ko hariari jarraituz, Liliana de Lima eta Tania Pastranaren eskutik, Latinamerika Europa jauregira ekarrita. Geroago osatzen baduzu hiri errukitsuen inguruko mahai inguru eder batekin, Silvia Librada, Xavier Gómez-Batiste eta Patxi del Camporekin. Kateatzen baldin baduzu Phil Larkinen hitzaldiarekin, gure esparruan erizainek duten protagonismoa azpimarratu zuena. Borobiltzen baldin baduzu zainketa intentsiboak eta aringarriak ederki lotzen zituen mahai inguruarekin. Eta azkenik errematatzen baldin baduzu Rafa Motaren “Metamorfosia” dokumentalarekin eta ZAetan boluntarioek egiten duten lanari buruzko hitzaldiarekin.

Errukiz.

Gehitzen baldin badiezu Famobilen Clickekin egindako diorama bat, bizitzaren azken fasearen tarteak ondo deskribatzen zituena. Gasteiz Big Band-en ostiraleko kontzertu zoragarria. Leku askotako lankide eta lagunekin izandako topaketak. Eta, biltzarretik kanpo bada ere, Baskoniaren arrakasta saskibaloiaren ligan.

Irrikaz.

 

 

Komunikazioa-Inkomunikazioa

%x %A in Humanizazioa, Onkologikoak ez direnak, Sin categoría

apostoles-arantzazuOstegunetik atzo arte, gai zentral hau hartuta, ehun bat osasungile komunikatzen ibili gara Arantzazuko paradisuan, Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak antolatutako 28. biltzarrean. 2010ean egin bezala, Arantzazuko bidegurutze geografikoa aukeratu dugu egoitza moduan, eta horrekin ere asmatu dugula badirudi. Egitaraua ondo hornituta, luzaroan pozik egoteko moduan gelditu garela esango nuke. Urtean behin lankide (eta lagun) batzuk topatzeko, lanean jarraitzeko akuilu moduan, jende berria ezagutzeko, ezagutza konpartitzeko gune hau finkatzen joan gara ia 30 urte hauetan. Bejondeigula.

Ertz asko dauka (in)komunikazioak, eta zabaltasun horren ikuspuntu batzuk jaso ahal izan ditugu egun hauetan. Horien guztien artean bizitzaren amaieraren inguruan. Heriotzaren inguruko beldurrak ezarritako isiltasun konspirazioaz. Itoaldi existentzialak bultzatutako blokeoaz. Izan ere, heriotza horma ala atea da? Minez eta hutsuneetaz. Duintasunak eraikitako biografietaz. Maitasunez egindako zainketetaz. Errukiak ekarritako bakeaz. Isiltasunaren garrantziaz. Betetasunaz. Humanitateaz hitz batean.

Minbiziatik haratago, badaude onkologikoak ez diren gaixo hauek, gaizki lo egiten dutenak arnasestuagatik ez ezik kezkengatik eta burutazioengatik ere. Aldartea aztertzen ez diegunak. Pseudomonas karkaxean bilatu bai, eta buru belarri tratatzen saiatu ere bai. Psikea, ordea, zenbatetan hartzen dugu kontutan? Ps-z hasten dira bi hitzak, baina faktoreen orekatik urrun gaude. Bronkitiko kronikoekin morfina (eta inkluso bentzodiazepinak) erabiltzeari beldurra kentzen hasiak gara. Falta zaigu bronkopatekin (kardiopatekin, nefropatekin, hepatopatekin…) eta euren senideekin gai nagusiei buruz gehiago hitz egitea. Galdera potoloei buruz.

Hausnarketa hauek egiteko, Oñatiko paraje hauek erabat egokiak dira, eta zorte ikaragarria daukagu hain gertu edukita. Oteizaren apostoluen artean bezala, ondo konektatzen, idazten, isilarazten, komunikatzen saiatzen, isiltzen, abesten, keinuak egiten edo elkarri irakurtzen jarraituko dugu.

Gasteiz errukitsua

%x %A in Aulki Hutsak, Bizi gara!, Humanizazioa, Sin categoría, Suminetik bakera, Zarautz Errukitsua

gasteizerrukitsuaHiri berdea, hiri zaharra, hiri jazz zalea, hiri saskibaloi zalea, hiri gupidakorra, hiri berria, hiriburua. Aurten SECPAL 2018 nazioarteko zainketa aringarrien biltzarra Gasteizen antolatzen ari dira (gara), Europa jauregian, ekainaren 7tik 9ra.

Mila inguru osasun profesional bildu baino lehen, Gasteizko hiritarrei begira hainbat ekitaldi antolatzen ari dira (gara) hirian zehar, baita hiru probintzietako beste udalerri batzuetan ere. Maiatz honetan zehar, hiria bete-betean izaerarik errukitsuena hartzen ari da. Lehenengo urratsa Zine Foruma izan da, lau pelikula lau astetan, Florida zinema areto zentrikoetan: “Aulki Hutsak” gurea, “Arrugas“, “Wit” eta “Los Demás Días“, hurrenkera honetan. Hauekin batera, poesia (“Poetas en mayo“),  antzerkia (“El sendero de las emociones“) eta elkarrizketa (“Mendian hil, hirian hil. Jorge Nagorerekin solasean”). “Vivir con Voz Propia” ekimena dago ekitaldi hauen gehien-gehien atzean. Eta borobiltzeko, maiatzaren 29an Death Cafe masiboa antolatu dute Gasteizko toki batean baino gehiagotan, baita Getxon, Orion, Donostian, Arrasaten eta Zarautzen ere.

Eta amaitzeko, errukiaren esanahiarekin bat egiten duen bestelako emanaldi bat antolatu dute (dugu) beste kontestu batean Oihaneder zentroan, hiriko erdigunean. Maiatzaren 20an, 19:00etan, plazer baduzue: “S(u/a)minetik bakera”. Koldo gasteiztarra eta Naia zeanuritarraren eskutik, Mudoh-ren musikarekin. Doluaren bideekin bat egiten duen obra eszenikoa, indarkeriak eragindako heriotzekin, bestearen begiradarekin. Martxoaren 3ko bost eraildakoen, Fernando Buesaren eta gainontzeko 37 biktima gazteiztarren hutsuneekin. Iñaki Etxaberen eta Isaias Carrasco arrasatearren aulki hutsekin.

Gainontzeko egunak

%x %A in Sin categoría, Zaintzaileak, Zineman

LosdemasdiasPasa den ostegunean Donostiako Principe zinemetan ikus-entzun ahal izan genuen Carlos Agulló zuzendariak egindako dokumentala, “Los demás días”Amaia Gozategi nekaezinak antolatu zuen pasea, Orioko Mandalara Taldearen bidez. Zarautzeko urte hauetan behin baino gehiagotan eduki dut Amaiarekin egoteko plazerra, beti ere saltsa hauetan, eta ostegunean Izaskun Andonegi (Bidegin), Lori Thompson (Matia) eta hirurokin moderatu zuen pelikularen osteko solasaldia.

Dokumentala bera zentratuta dago zainketa aringarriak, ospitalekoak eta etxekoak, modu dibulgatiboan zer diren kaleko jendeari azaltzen. Oso era egokian islatzen du, egia esan, zertara dedikatzen garen erizain, psikologo, mediku eta abar batzuk. Gainera, protagonista den Pablo Iglesias medikua publikoari oso erakargarria suertatzen zaiola ohartu ginen lehengo eguneko proiekzioan. Baina, gauza guztien gainetik, nabarmenena da zuzendariak lortutako testigantzak, hala pazienteenak nola senide edo zaintzaileenak. Horrek sekulako indarra ematen dio lanari, benekotasunarena, eta horrelakoak lortzeko dauden zailtasunak kontuan hartuta, txalogarria da benetan.

Modu hain esplizitoan egindakoa azken 12 urteotan izan da, eta dokumental honek nolabait “Las alas de la vida” (2006), “El último viaje” (2008), “Quimio” (2009), “La travesía” (2011), “Compañeros de viaje” (2013), “Au-delà de la colline et la brousse” (2014), “Cancer: the emperor of all malladies” (2015) eta “El viatge definitiu” (2016) lanak osatzen ditu.

Badakizue, egunen batean hilko gara, baina gainontzeko egunetan ez.

 

Atlas of Palliative Care in Africa

%x %A in Sin categoría

apcaJohn Y. Rhee, Emmanuel Luyirika, Eve Namisango, Richard A. Powell, Eduardo Garralda, Juan José Pons-Izquierdo, Liliana de Lima eta Carlos Centeno-Cortés-ek sinatzen dute  lan erraldoi hau, Nafarroako Unibertsitateak sostengatua “Atlantes” programaren bidez. 48 herrialde afrikarren baliabide aringarriak aztertu dituzte 2016-17an, eta Carlos Centenok berak zizkigun datu nagusiak pasa den asteazkenean Arinduz 2017 jardunaldian, Donostian:

  • Uganda, Hegoafrika eta Kenya dira arlo honetan garapen handiena daukaten herrialdeak, alde handiz. Hirurak ala hirurak mundu anglosaxoiak eragindakoak. Aldea nabaritzen da beraz frankofoniako, lusofoniako eta beste esparruetako herrialdeekin.
  • Morfinaren batez besteko kontsumoa biztanleko eta urteko 1 mg ingurukoa da. Europan 120 mg-koa. Diferentzia ikaragarria da eta azaleratzen du arazo handi bat: nahiz eta morfina oso botika merkea izan, eskuragarritasuna oso baxua da Afrikan eta opiofobia faktore kultural garrantzitsua da kontinente hartan.
  • 1.216 miloi biztanle duen kontinenteak 646 programa dauka zainketa aringarrien inguruan. Erresuma Batuak,  65 miloi biztanlerekin, 969 programa garatu ditu bitartean.
  • 21/48 herrialdek zainketa aringarrien hezkuntza jasotzen du modu batean edo bestean unibertsitate mailan.
  • 23/48 herrialdek HIESaren inguruko plangintza daukate, zainketa aringarrien atala barne. Gogoan hartu behar dugu sindrome honek gaur egun ere eragiten duen hilkortasun tasa handia Afrikan, minbiziak berak baino garrantzia handiagoa izanda.

Lan bikaina zinez, eta plazer itzela geure jardunaldian aztertzeko aukera eduki izana.

 

 

 

Azaroa

%x %A in Bizi gara!, Sin categoría, Suminetik bakera

AzaroaHilabete ona da jaiotzeko. Nostalgiarako ere aproposa da, edo oso aproposa azaroa. Klima aldaketa gora-behera, udazkena oraindik sasoi egokia da mendian ibiltzeko lainoen artean, honetaz eta hortaz hausnartzeko. Ez daudenei buruz gogoratzeko eta hitz egiteko. Daudenekin egoteko eta bizitzaz disfrutatzeko. Agindua serio hartzeko eta topera bizitzeko.

Garai honetan urteroko jardunaldia antolatzen du Arinduz elkarteak, aurten Donostian izango da eta kooperazioa izango da gai nagusia. Bihar jardunaldia, Gipuzkoako sendagileen elkargoan. Eta etzi, erizainen elkargoan zainketa aringarriei eta etxeko ospitalizazioari buruz egongo naiz Amaia Artzerekin. Death Cafe-ak Zarautzen antolatzen Amaiak eta biok tandem majoa egin dugu egia esan, hurrengoa datorren hilabetean.

Eta datorren hilabetean ere ate joka daukagu SB obra berriaren estreinaldia Amaia Antzokian, Arrasaten. Jo eta ke gabiltza muntaketa lanetan, entseguekin, musikarekin, kartelarekin.

Azaroa hil ona da lagun eta lankide bergarar-zarauztar on bati agur esateko. Ostiralean izango da, Bergaran, eta ezkontza itxura hartuko du Pedro Otazuaren omenaldiak. Jaiotzak, heriotzak, erretiroak, denak gogoratu behar dira eta aintzat hartu. Kasu honetan erretreta.

Bizi gara!

 

Barne paisaiak

%x %A in Onkologikoak, Onkologikoak ez direnak, Sin categoría

BarnepaisaiakZeure ingurunea etxea eta etxekoak dira. Zeure ohea, zeure arropa eta zeure soinuak. Baita zeure zarata ere, baita zeure gurasoen arteko ohiko eztabaidek ere etxearen sentsazioa eman ahal dizute. Normaltasuna ere hori bada batzuetan. Azken momentua arte.

Ospitaletik batzuetan lortzen dugu gaixoak etxera eramatea bertan azken uneak igarotzeko, hala eurentzat nola geuretzat erabat gogobetegarria dena. Batzuetan, naipe dorrea eraikitzen denbora eman eta bihotza ipini eta gero, kanpoko norbaitek karta bat ukitu eta dena lurrera erortzen da instant batean.

Beste batzuetan ospitalea bera izan daiteke lekurik hoberena hiltzeko, gezurra badirudi ere. Eta gauez ospitaleetan ateratzen dugun zarata, medikazioaren gurdiekin, geure arteko barreekin, hainbatetan hain desatseginak direnak, konpainiaren esanahia izan daiteke bakarrik dagoenarentzat. Bizitzarekin azken lotura.

Baina hori baino askoz atseginagoa izan gaitezke ospitalean, minbizia tartean egon edo bestelako gaixotasun sendaezina, eta sua piztu barik barne paisaian epeltasuna ematea ere badaukagu.

PD.- Urriaren 14a, Zainketa Aringarrien Nazioarteko Eguna

.

 

Morfinari uko egitea

%x %A in Literaturan, Sin categoría

ionaheathMari Karmenetaz gogoratu naiz, ezinbestean. Eta gogora etorri zait Maider ere bai, eta itzuli naiz jaiotza eta heriotzaren arteko paralelismoetara. Epiduralari uko egitea erditzearen kontrola edukitzeko, sentsazio guztien jabe izateko, bizitzan oso gutxitan (behin, birritan, hiru aldiz?) gertatu ahal zaizun bizipen kardinal hau %100ean sentitzea… Bizitzaren hasieran planteamendu hau ez da gehienek aukeratzen dutena geure Lehen Munduan, mina kentzeko bide azkarra eta arrisku txikikoa daukagunetik emakume mendebaldar gehienek epidurala hautatzen dute.

Eta bizitzaren amaieran? Iona Heath  familia mediku britainiarrak (argazkian) antzeko zerbait proposatzen du “Ayudar a morir”* (Katz, 2008) liburuan, “Vivos hasta la muerte” atalean: behin bakarrik hiltzen gara, eta aukera eduki behar dugu bizipen garrantzitsu hau nahi dugun moduan edukitzeko, baita morfinari uko egiteko ere. Mina sentitzea bizirik sentitzea denez, eta ezabatutako minak ordea adimen zentzu asko desagerraraztea dakarrenez. Beste aukera bat da, egia esan neuk orain arte oso kasu bakanetan somatu dudana. Beste aukera bat, eutanasia edo lagundutako suizidioarena bezala, planteatzen duena mina eta sufrimendu handiak sentitzen hasi baino lehen, autonomia funtzionala galdu baino lehen, bizitzarekin amaitzea. Oso klabe ezberdina, bistan denez.

Izan daiteke, eta planteamendu hauen aurrean zabalik eta prest egon behar gara, soseguz hartutako erabaki guztiak errespetatzeko betebeharra dugunez. Neure ustez gutxiengo batek planteatuko dizkigute horrelakoak, hala batzuk nola besteak, eta gaixo eta familia gehienekin zainketa aringarrien filosofiarekin lan egin ahal izango dugula normalean. Beraz, zergatik eduki behar diogu beldurra eztabaida honi?

“Kenyan gaixoek azaltzen dute euren nahia hiltzeko euren buruak minetatik askatzeko, bitartean Eskoziako gaixoen hil nahia lotuta zegoen tratamendu medikoaren alboko eraginekin.”

(“Dying from cancer in developed and developing countries”. S.A. Murray et al.BMJ, 2003. Vol. 236; 368-371.)

Esker mila, Nerea, liburua uzteagatik. Ikasten jarraitzen dugu.

 

*”Jatorrizko izenburua: “Matters of life and death. Key writings”.

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

跳至工具栏