You are browsing the archive for Sarean.

Ivan Ilitxen irakaspenak

%x %A in Dolua, Literaturan, Sarean

tolstoi130 urte igaro dira Lev Tolstoi-k klasiko handi hau idatzi zuenetik, eta orduko medikuek hilurren dauden gaixoengan erakusten zituzten jarrera urrunak ez dira hain desberdinak gaur egun. Senideen artean isiltasunaren konspirazioa ere nahiko antzekoa. Eta bitartean gorriak ikusten bakardadean, morfina bai baina giza berorik ez…

Tolstoiren liburutik Andu Lertxundiren blogera: Baldar gabiltza dolumin hitz egokiak asmatu nahian. Formula zaharrekin eroso ez, eta azkenean doluan dagoenarengana hurbiltzeko adorerik gabe. Batzuetan, zorionez, umore beltzak desblokeatzen du kontua, eta berba egokiak baino erabat lekuz kanpo dagoen zerbait botatzen dugu, irribarrea ekarri dezakeena behintzat. Esate baterako, “Gaitz erdi!” Mundiala!

Heriotza errituekin ere blokeatuta xamar gaude azken urteotan, “monoteismoan fedea galdu genuenetik” hain zuzen ere, Hedoi Etxarte-k zutabe bikainean apuntatzen zuenean bezala, bidenabar hileta zibil baten adibide ederra konpartituz.

Denen ixtorioak, Joxerra Garzia-k ederki idatzitakoa: “Heriotzari buruzko gure esan-idatziak topiko errepikatuak izan litezke, baina gertuko heriotza batek eragiten dizkigun sentipenak aldiro berriak dira.”

“Topikoak topiko, hainbeste zor diegu gure hildako kuttunei”. Hain zuzen ere, Joxerra.

Komedia beltza (II)

%x %A in Sarean

aitziberkike“Batek daki” Aitziber Garmendiak berezko modu bihurrian aurkeztutako telebista saioa da, haize freskoa lehenengo kanalerako. Aurreko astean, gai zailagoari ekin zioten, ‘heriotza’ hain zuzen ere, ikuspuntu batzuetatik: Felix Zubia medikuarekin tunel amaierako argirik ba ote dagoen, Kike Amonarriz-ekin umore beltzaz, Mikel Markez abeslariarekin heriotzaren doinuaren bila, irakasle batekin zelan tratatu behar den gaia haurrekin, tanatorio bateko langile batekin hiltzeak zenbat kostatzen duen eta medium eta igarle bategaz alde esoterikoa jorratu zuten.

Kikeren esaldi batekin gelditzen naiz: “Irria da minaren antidotorik onena”. Ederra benetan. Ondo egindako lana.

On-line saioa ikus-entzuteko.

Gaurtzaroan

%x %A in Beste terapia batzuk, Bizi gara!, Sarean

orainaldiaBizitzera gonbidatuta, horrela gaude Jose Mari Pastorrek ederki gogorarazten digun bezala gaurko egunkarian. Orain eta hemen bizi, semea kirolean larunbat goizean ikusi, lagun duzun bertako abeslari baten azken diskoaren aurkezpen kontzertura joan larunbat arratsaldean, konpainia onean. Mendira edo itsaso aldera joan. Kiroldegira joan, terapia moduan, Samara Veltek ere gaurkoan idatzi digunez. Heriotzaren beldurrari aurre egin heldulekuen bidez. Alboko Esklerosi Amiotrofikoaren aurrean edo gaixotasunik gabe ere.

Haurtzaroan baino gaurtzaroan bizi, Zakilixutek iradoki digunez aste honetan. Badagoelako zoriontasuna umezarotik at ere bai. Triste bizi gaitezkeelako edo erdi pozik, bide bi, lagun duzun bertako abeslariak kantatzen digunez.

 

Zainketa aringarri goiztiarrak

%x %A in Onkologikoak, Sarean

nuñezolarteJuan Manuel Núñez Olartek (argazkian), hainbat kolaboratzailerekin batera, artikulu bikaina argitaratu du “Medicina Paliativa” aldizkariaren azken zenbakian (2016ko urtarrila-martxoa). Incorporación de los cuidados paliativos precoces en la actividad de una consulta externa de cuidados paliativos en un centro oncológico terciario” izenburupean, Gregorio Marañón ospitalean egindako ikerketa plazaratzen du, eredu estatubatuar bati jarraituz.

Laburbilduta, lau taldetako gaixoak kontuan hartu dituzte:

  1. Metastasiak dituztenak eta kimioterapia jasotzen.
  2. Metastasiak dituztenak baina kimioterapiatik zainketa aringarrietarako trantsizioan.
  3. Kasu berriak Tumoreen Batzordetik bidalita, tratamendu aktiborik hartuko ez dituztenak.
  4. Metastasiak dituztenak eta egoera terminalean.

Aipagarria da, hasteko, zelan planteatzen dieten pazienteei Z.A.-etako kontsulta bidaltzen dituztenean, izena erabiliz (Z.A.) edota “sostengu kontsulta” eufemismoa. Bestela, ideia da aldi berean onkologoek eta paliatibistek lan egitea, beldurrak kentzen joateko eta sintomen kontrola hobetzeko.

Emaitzei dagokienez, kontsulta goiztiar hauekin ikusten da zelan igotzen diren programatutako ingresoak eta jaitsi Larrialdietarako bisitak. Halaber, etxerako altak ugariagoak dira, baita egonaldi ertain edo luzeko zentroetarakoak.

Azkenik, bizitzaren azken urtean jasotako kimioterapiari buruzko atal oso interesgarria idatzi dute. Aldeko eta kontrako argudioekin, azken hauen artean bizitza kalitateari buruz benetako daturik ez dagoela eta funtzionaltasun eskasa duten pazienteengan biziraupen handiagorik ez dagoela. Baita ere, aztertzen dituzten gaixo eta senideen espektatibak zelakoak diren, nork bere burua engainatuz, baikortasun faltsua eta abar.

Eta, amaitzeko, zein zaila den geure lan aringarria, itxaropena eta egiaren arteko oreka konplikatuan.

Konstrukzio masiboko armak

%x %A in Dolua, Onkologikoak ez direnak, Sarean

gutunakGabi Heras mediku intentsibista da, Latinoamerikan eta Afrikan ibilitakoa eta Medikuntzaren humanizaziorako harra barruan daramana. Bere espezialitatearen arloan aplikatzeko egitasmoa da HU-CI, eta aurtengo maiatzean aurkeztu zuen Torrejónen (Madril) egindako Osasuna Humanizatzeko XX. jardunaldietan, Camilo erlijiosoen eskutik besteak beste.

Dolumin gutunek eragin handia eduki dezaketen ekintza mediko errazak dira, konstrukzio masiboko armak, umorea ere horietako bat den modu berean. Eta Gabi Herasek bere blogean eskutitz bat konpartitu du, oso modu pertsonalizatuan idatzitako “Carta para la familia por la muerte de su padre”. Pertsona baten heriotzarekin ez delako gure jarduna amaitzen.

Zainketa aringarriak Mozambiken

%x %A in Onkologikoak ez direnak, Sarean

amcpDouleurs Sans Frontières Frantziako GKE da, 1996an sortua eta minaren aurkako borroka ardatz duena. Munduko sei herrialdetan zabalduta dago, Mozambiken tartean. Hasieran, helburu nagusia lur azpiko lehergailuek eragindako traumatismoen mina tratatzea zen. Gerra zibil luzearen (1975-1992) ondorio latzenetakoa alegia, pobrezia gorri kronikoarekin batera.

Azken urtetoan bestela, bertako Osasun Ministerioa (MISAU) eta Zainketa Aringarrietako elkartearekin (MOPCA) batera Etxeko zainketak emateko taldeak, arreta psiko-soziala bereziki umeei eskainita eta HIESaren inguruko atentzioa jarduera garrantzitsuenak ditu erakunde frantziarrak. Izan ere,  minbiziaren prebalentzia ezaguna HIEsarena baino baxuagoa omen da, baita hilkortasun tasa ere, Afrikako beste herrialde batzuetan bezala. Beraz onkologikoak ez diren pazienteek esparru paliatiboan pisu handiagoa daukate, Mendebaldeko jendarteekin konparatuta.

2012an Nazio Batuen Erakundeak dosier zabala argitaratu zuen HIESak Mozambiken ekarritako egoerari buruzkoa. Malnutrizioa, tuberkulosia eta umezurtz presentzia handia dira faktore larrienetarikoak.  Halaber, interesgarria da adineko jendearekin (>50 urte) egindako lana, sektore horrek ere pandemiaren ondorioak pairatzen dituenez.

Era o asilo dos velhos. Nele se albergava gente idosa, sem lugar nem aconchego. Velhos das todas raças passeavam sombras, pastoreando memórias pelos obscuros recantos. No vazio dos seus destinos eles se igualavam, partilhando da trémula  fronteira que nos separa da imobilidade.

“Cronicando” Mia Couto, 2002.

 

 

Hondar higikorrak

%x %A in Literaturan, Sarean

hondarhigikorrakOrain dela astebete hil zen Henning Mankell suediar idazle ezaguna. Minbizia diagnostikatu ziotenetik, hilabetez hilabete zutabeak idazten ibili zen prentsa idatzian, eta bizipen horietatik bere pentsamendua eta hausnarketak bildu zituen “Hondar higikorrak” (2015) izenburuko eleberrian ere bai.

Berri txarrak jaso berriak, modu ezin grafikoagoan idatzi zuen bizitza txikitu egion zitzaiola, ideiak eskastu, burua basamotu bihurtuz. Etorkizunean ezin pentsatu, eta orduan “behin eta berriz haurtzarora itzultzen nintzen“. Halaber, bera lagunduta egoteko suertea eduki zuen arren, oso sentikor azaldu zen trantze hauetatik bakarrik egoten diren pertsonenganantz. Gauetan sarritan sentitzen diren angustia eta paniko horien aurrean bakar-bakarrik.

Eta medikazioaz gain, komunikazioa (eta egia) zein garrantzitsua den azpimarratu zuen: “Ba al dago ezer inportanteagorik minbizidun gaixo batentzat egia esaten digutela konbentzituta egotea baino? Entzuten ditugun hitzak sinestu ditzakegula?

Azkenik, iluntasunaz betetako egunei buruz ere idatzi zuen: “Egun haietan egin dezakezun bakarra da hortzak estutu eta nire burua behartu beste gauza batean pentsatzeko. Normalean funtzionatzen du. Egun gutxi batzuetan beldurrak partida irabazten du.”

Maisu-maistrak

%x %A in Osatzaile zauritua, Sarean

sacksNoizean behin, pertsona batzuei esker jendarte honekiko itxaropena berreskuratzen dugu edo, hobeto, gizaki guztiak izaki maltzurrak ez direla gogorarazten digute pertsona miresgarri batzuk.

Pasa den otsailean, Oliver Sacks neurologo famatuak iragarri zuen bere terminaltasuna, bere gizakitasuna:

“It is up to me now to choose how to live out the months that remain to me. I have to live in the richest, deepest, most productive way I can.”

Medikua, idazlea eta gizakia. Maisuak gogorarazten digu geu guztion esku dagoela zelan bizi aurrean dugun geure bizitza. Ahalik eta modurik aberatsenean, sakonenean eta eraginkorrenean.

Pasa den otsailean ama hil zitzaigun. Urte erdia pasa da eta bere xumean desio bat transmititu zigun, anai bion artean adiskidetasuna berreskuratzea alegia.

Atzotik aurrera desioa errealitate bihurtzeko bidean dago. Geu guztion esku dagoelako zelan bizi aurrean dugun geure bizitza.

Oso eskertuta nago.

Espezialistarik zaurituenak

%x %A in Osatzaile zauritua, Sarean

FamiliaMedikuntzaVirginia Ruiz lankide eta blogari ezagunak konpartitutako artikulua komentatzera nator uztaila inauguratzeko. Hain zuzen ere, “Redacción Médica”-k sareratutakoa Las 7 especialidades médicas que más llevan a la depresión y la ansiedad” izenburuarekin.

Horren arabera, familia medikuak zaurituenak dira, alde handiz. Eta horien ostean, pediatrak eta anestesistak, ustekaberik ez orain arte nire ustez. Geroxeago psikiatrak, internistak, traumatologoak eta zirujau orokorrak datoz, lehenengo 7 espezialitate horien rankina osatzeko.

Ginekologoak ere aipatzen dituzte artikuluan, eta intentsibistak. Baina arrastorik ez onkologo, erradioterapeuta eta paliatibistei buruz. Deigarria benetan.

Komedia beltza

%x %A in Literaturan, Sarean

DeadEndAndré Breton artista surrealistak “Anthologie de l’humour noir”  idatzi zuen 1940an, 45 idazleren testuak jasoz, baina liburuaren banaketa berehala debekatu zuen Philippe Pétainen gobernuak, naziek okupatutako Frantzian. 1966an berriro argitaratu zuen Bretonek, “izen gehiago ipintzeko tentazioari eutsiz”.

Umore beltza debekatu, eskandaluzkotzat jo. Gai delikatuekin jolastu. Sentimenduak zauritu. Adibideak eta adibideak daude, eta orain dela gutxi Espainiako hiriburuan honekin lotutako zerbait gertatu da, badakizuenez, eta umore edo satiraren mugei buruzko eztabaida interesgarria piztu du. Frantziako hiriburuan ere badakite honi buruz. Baita Danimarkakoan ere.

Hausnartu bitartean umorea ez dugu galduko: Top Ten Dark Comedy Movies.

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

跳至工具栏