You are browsing the archive for Zineman.

Ematen didazun hori

%x %A in Onkologikoak, Zineman

paudonesBeldurrarekin ez bizi, beldurrak askatasuna mugatzen digu. Ederki ikasi dugu hori martxotik, gizarte moduan. Aspalditik dakigun kontua da, hala ere. Eta Pau Donések, dokumental honetan, ematen digun mezu argi eta zuzenetako bat da. Ez dauka artifiziorik dokumentalak, estetikoki xumea da, zirrara nagusia sentitu nuen nik behintzat hasieran, abeslaria lehenengo aldiz agertzen denean, itxura inpaktante horrekin (hiltzen ari den pertsona batena, ez gehiago, ez gutxiago). Eta amaiera aldera, Pau kantuka agertzen denean. Jarraian, filma amaitu egiten da eta jatorrizko abestia entzuten dugu, kredituekin batera.

Egin kontu Jordi Evolek elkarrizketa egin eta 2 asteetara Pau hil zela. Orduan berak ez zekien zenbat denbora zeukan aurrean, baina asmo argia bai: Orainaldia bizitzea. Damuren bat ere erakusten du, aitatasunaren inguruan adibidez. Kontatzen duenez, hilabete batzuk eman zituen alabarekin bizitzen AEBetan. Asko disfrutatu zutela. Maitasuna adierazteko modu ederra, agurraren zati bat. Barkamena eskatzea eta ematea bezala, beste zati bat. Eta eskerrak ematea bezala. Hauek guztiak aipatzen ditu abeslariak dokumentalean. Bai eta umorearen garrantzia ere.

Val d’Aran aukeratu zuen Pauk bertan haren bizitzaren azken asteak bakean emateko. Tiziano Terzani kazetariak beste paradisu bat aukeratu zuen azken hilabeteak pasatzeko, Toscanako Apenino mendietan. Ez baduzue irakurri bere liburua (“El fin es mi principio”, gazteleraz), edo hartan oinarritutako pelikula ikusi, erabat gomendagarriak dira. Dokumental hau ikusita, beste pelikula horretaz gogoratu naiz, aberatsa benetan.

 

 

(Eskerrik asko, Ana).

Mandarinak gudaren erdian

%x %A in Suminetik bakera, Zineman

TangerinesGeorgia da SESBetik sortutako errepublika bat, geografikoki Turkia eta Errusia artean kokatutakoa. Herrialdeko mendebaldean, Abkhaziako lurralde autonomoa dago, Itsaso Beltza eta Kaukasoko mendien artean. 1992 eta 1993 artean guda piztu zen independentziaren eta batasunaren aldekoen artean.

Estonia beste errepublika sobietar ohia da, Itsaso Baltikoaren kostaldean kokatutakoa, Finlandiatik gertu. 1.500 km dago bateko hiriburutik bestekora, Tallindik Tbilisira. Berez, distantzia handia kulturalki eta geografikoki. “Tangerines”  (Zaza Urushadze, 2013) herrialde bien artean ekoiztutako pelikula da, eta hain zuzen ere kontatzen du orduko gerraren erdian bi gizon baserritarren istorioa. Gatazka lehertu zenean, gutxiengo estoniar bat bizi zen abkhaziar lurralde haietan, eta euretako gehienek alde egin zuten ihesean. 

Filmeko bi protagonista, hala ere, bertan gelditu ziren. Eta, luze barik, euren bizimodu baketsua bete-betean astindu zuen gerrak. Bata arotza, eta bestea fruituzaintzailea (mandarinondoen zaintzailea, filmaren izenburua hortik dator-eta). Bando bateko eta besteko soldadu bana amaituko dira arotzaren etxean, zaurituta. Bi gizonen artean zainduko dituzte eta, errekuperatu bitartean, bi soldaduen artean tira-birak sortuko dira.

Bakearen aldeko filma da hau, gerraren absurdokeriak agerian uzten dituena. Zaila egiten da, momenturik gorenean, zeintzuk dira bando batekoak eta zeintzuk bestekoak ulertzea. “’71”  film irlandarra gogora ekartzen du, zentzu horretan. Pelikula xumea eta mezu zuzenekoa, musika doinu ederrak ekartzen dituena. 

Milesker Jabi B, gomendioagatik.

Doluaren trilogia

%x %A in Dolua, Mendian Hil Hirian Hil , Zineman

Otsagabia19Urte berria martxan dago, eta horrekin batera proiektu berriak. Eta ilusioa. “Aulki Hutsak” eta “S(u/a)minetik Bakera” lanen osagaia izango den hirugarren dokumentala buruan, doluaren trilogia osatuko duena. “Mendian hil, hirian hil” elkarrizketa hura, Jorge Nagorerekin batera Gasteizen 2018an edukitakoa da abiapuntua. Santiago de Compostelatik bueltan piztu zitzaidan bulkada 2019aren amaieran (merci pour la magie, Marisa). Eta hilabete hauetan joan naiz elikatzen egitasmoa pentsatutako parte hartzaileekin. Dozena bat pertsona, hilabete honetan ondo finkatzen saiatuko naiz. Izen ezagunak, hainbeste ez direnekin batera.

Aurtengo Mendi Film Festival ere guztiz argigarria izan da, horixe baita gure helburu nagusia. Arteman Komunikazioa izango da aurreko bi dokumentaletan bezala ekoiztetxea. Gipuzkoa eta Nafarroa izango dira kokaleku nagusiak. Nepalgo bazterrak ere ez dira urruti egongo. Annapurna, Cho Oyu, Pumori, K2… Badaukat bereziki nori dedikatu, gainera. Eta gauza gutxi gehiago kontatu dezaket.

Pista asko laga dizuet dagoeneko…

Lehoinabarraren aztarnak

%x %A in Dolua, Mendian Hil Hirian Hil , Zineman

IMG_20191210_194758Doluak pluralean datozen prozesuak dira. Galera bakar batek inguruan eragiten duena ez da emaitza bakarra eta berdina. Inguruan zenbat pertsona egon, hainbat dolu eragin. Bakoitzak bere moduan kudeatzen du emozionalki eta arrazionalki.

Andoni Ormazabalek berba egitearen aukera hartu zuen Xabier anaia hil zenean Himalaietan, Nepal eta Tibeten arteko mugetan, Cho Oyu mendian. 2004. urteko urria zen. Eta hurrengo urtean dokumental batez erditu zen (bai, gizonok ere haurdun gelditu gaitezke): “Lehoinabarraren aztarna”. Aspaldi-aspalditik ikus-entzun nahi nuen, eta atzo Bilbon azkenean iritsi zen unea, Mendi Film Festival-aren barruan. Bejondeigula aretoa bete genuenoi.  

Batzuentzat ez zen lehenengo aldia, noski, Andonirentzat adibidez. Baina zirrara hor zegoen, nabarmen, Jabi Baraiazarra-k ere isladatu zuen aurkezpenean. Gainera, etxeko bi eduki zituen publikoaren artean Andonik. Anaiak parte hartu zuen dokumentalean bere garaian, baina ez ziren animatu ez bera ezta arreba ere solasaldian ateratzen. Euren amak oraindik ez du ikusi ikus-entzunezkoa. Bakoitzak bere moduan eramaten du, bistan da. Batzuetan urteak eta urteak behar dira. 

Argi dagoena da elurretako lehoinabarraren aztarna ez dela bakarra izan, singularrean, baizik eta pluralean. Xabi ezagutu zutenentzat pluralean, baita ezagutu ez genuenontzat ere.

 

PD.- Betigazte? Gazte hil direnak betirako gazte gelditu dira eta horrela gogoratuko ditugu, Jabik atzo esan zuen moduan.

Borreroaren larruan

%x %A in Suminetik bakera, Zineman

OQueArdeMunstrokeria da infernua piztea, basoak sutan egotearen atzean gizaki baten eskua topatzea. Galizian, Portugalen. Urteak joan eta etorri. Krimen ekologikoa.

Eta meritua da borreroarekin enpatia piztea pelikularen hasieratik, Oliver Laxe gidoigile eta zuzendariaren meritua. Gizonaren humanitatearekin bat egitea hasierako irudietatik. Are gehiago, ama zaharraren etxe zaharrera iristen ikusten dugunean, kartzelatik aterata. Naturarekin eta animaliekin daukan lotura antzematen dugunean. Haren begiekin gauzak ikusten ditugunean.

Ariketa zaila da, ez delako erraza infernua ahaztea. Zuzendariak suaren hondamendia ez digu ezkutatzen gainera. Geure aurrean ipintzen dizkigu hala krimena nola kriminala. Eta munstroaren aurkako erreakzioa ulertzen dugun arren, pelikularen amaieran, ezin dugu zuzenean gorrotatu. Laxek lortzen du dikotomietan ez jaustea (borreroak/biktimak, ongia/gaizkia), eta ikus-entzulea ez du behartzen erabakitzen.

Borobiltzeko, musika pieza zoragarri hau oparitzen digu. Moitas grazas.

 

Ez dok/n hamahiru

%x %A in Dolua, Suminetik bakera, Zarautz Errukitsua, Zineman

ErromoKEIrailean ikasturte berriari ekinez, udako amaiera honetan martxa berreskuratu dugu eta “S(u/a)minetik bakera” (SB) ikus-entzunezkoaren hamahirugarren emanaldia eskaini genuen pasa den irailaren 12an Erromoko Kultur Etxe dotorean. Bizkaira itzuli gara horrela, eta oraingo honetan testuingurua berezia izan da. Antolatzailea “Getxo Zurekin” zen, Euskal Herrian sortutako lehenengo hiru hiri errukitsuetatik bat. Eta zer da hiri edo komunitate errukitsu bat? Lehenik eta behin, udalerri batean sortutako gune bat da, non heriotza, dolua, hauskortasuna, gaixo aurreratuak, gaixoen zaintzaileak eta lotutako beste gai batzuk saiatzen diren jorratzen ahalik eta modurik irekien eta naturalen. Badakizuenez, gai sorta hau ez dago normalean kalean gure arteko solasaldietan azaltzen. Bakarrik profesionalekin eta zirkunstantziek eraginda hitz egiten dugu tabu hauei buruz orokorrean, nekez familiarekin eta are zailagoa etxetik kanpo edo lagunekin. Adibidez, “Death Cafe” izeneko topaketak mundu mailan antolatzen dira, talde txikietan, hain zuzen ere gai hauei buruz hitz egiteko (eta entzuteko) beharra edo nahia duen jendeak horrelako espazioa eduki dezan herrian.

Hiri errukitsuena ere nazioarte mailako mugimendu bat da, eta EHn Getxorekin batera Gasteiz, Santurtzi, Zarautz eta Iruñea daude orain arte. Hain zuzen ere, SBren azken emanaldia Zarautzen izan zen maiatzean, hamabigarrena, dolua eta biolentzia testuinguru errukitsu horretan lehenengo aldiz sartu genituenean. Hamahirugarren emanaldi honetan errepikatu dugu ahalegina, modu are esplizituago batean, eta antolatzaile lanetan Naomi Hasson egon da, Debagoienean ezaguna izan den erizain paliatibista, duela urte batzuk “Saiatu” programa eskualdean (eta Gipuzkoako beste toki batzuetan) martxan ipini zuena. Maider Urtaran eduki genuen aurkezle lanetan Koldok, Naiak, Aitorrek eta laurok. Eta egia esan etorritako publikoak izugarri erraztu zion lana solasaldian, bizi-bizi parte hartzen eta nahikoa beteta zegoen aretoan giro ederra sortzen. Ustekabea izan zen, egia esan, oso ustekabe ederra. Aurpegi batzuk oso ezagunak ziren, are gehiago aspaldiko lagunak. Poz-pozik amaitu ginen.

Honen atzetik, espero dugu malefiziorik ez egotea eta beste hiri errukitsuren bat bisitatu ahal izatea: Santurtzi ziur aski, eta Iruñea baldintza politikoen arabera. Deustuko Unibertsitatetik ere interesa egon daiteke gure obra eszenikoa eramateko.  Eta “Gernika Gogoratuz” elkarterekin bilatzen ari gara modua han ere egin ahal izateko. Hain zuzen ere, Gernikan irailaren 21ean ekimen polit bat kaleratuko dute honen guztiaren inguruan elkarte horren bidez. Data hartan, Bakearen Nazioarteko Egunean, Michael Klant artista alemaniarrak Berlingo zerua irudikatuko duen margolana Gernikako zeruan. Modu horretan, berradiskidetzea “artibismotik” sinbolizatu nahi du, Alemania eta Euskal Herriaren artean. Izan ere, Klanten aita Condor legioko kidea izan zen 1937ko aireko eraso zital hartan. Aurtengo apirilaren 26an, bonbardaketaren urteurrenean, Gernikako zerua irudikatzen zuena eraman zuen Berlingo zerura. Eta orain irailean bueltako bidaia egin nahi du. Ederra benetan.

“Sormena baliatuz soilik heldu ahal izango gara bakera, eta bakea izango da gizakiaren artelan erraldoia”. Andreas Schäfter (Gernika Gogoratuz).

Beste alde batetik, SBren aurrekaria izan den “Aulki Hutsak” dokumentalak datorren abenduan beteko du 6 urte estreinalditik. 2014a izan zen urterik mugituena, ia astero proiekzio bat eduki genuenez, 42 guztira. Hurrengo hiru urteetan joan zen apaltzen interesa, naturala den moduan, baina 2018an eta 2019an “bigarren gaztaro” bat bizitzen ari da eta hamarnaka emanaldi eskaini ahal izango dugu, udazken honetan 3-4 tokitatik deitu digutenez. 6 urte hauetan beraz 90 emanaldi guztira eduki ditugu AH-ekin, zenbaki benetan polita. Eta horietatik 11 Euskal Herritik kanpo izan dira, azkena aurten bertan Avilan. Pozgarria benetan doluaren mezuarekin iritsi ahal izatea euskarazko ekoizpen batekin, beste behin ere probatuz hizkuntzak oztopoak direla hala izatea nahi dutenentzat soilik.

Eta amaitzeko, hirugarren proiektu bat ere egon daiteke zerumugan, doluaren trilogia bat osatuko zuena. Aurrera jarraituz gero toki honetan bertan kontatuko dizuet.

 

PD.- “S(u/a)minetik bakera” Literaturia 2019an: “Lizardiren baratza” irratsaioan (Euskadi Irratia)

Gasteiz M3

%x %A in Suminetik bakera, Zineman

GasteizM3Hiri honetara behin eta berriz itzultzen naiz, ez dakit zergatik baina fondoan, ziur aski, badakit. Trantsizio garaian jaio ginenok, gainera, iraganaldi hartara itzultzen gara tarteka. Neu behinik behin bai. Haurtzarora azken finean, gertakari latzak beste batzuk pairatzen zituzten bitartean gu goxo bizi ginen burbuila hartara.

Luis Peña Gantxegi arkitektoak diseinatu zuen San Frantzisko Asiskoaren eliza, Gasteizko sarraskiaren kokalekua. Besteak beste, Gasteizko Foru Enparantza, Donostiako Trinitate Plaza, Bilboko Itsas Museoa edo Zarauzko Vista Alegreko dorrearen egilea izan zen oñatiarra. Eta lotura berezia eduki zuen Bartzelonarekin, hain zuzen ere hango Arkitektura Eskolan irakasle ibili zen 1976 eta 1982 artean.

1976an, halaber, itzuli zen Lluís Llach Bartzelonara abestera, isilaldi bortxatuaren ostean. (Post)frankismo hark debekatu zion kantatzen gironarrari, eta (post)frankismo hark berak eragin zituen 5 hildakoak Gasteizen, 1976an.

Víctor Cabacok jaso ditu gertakari historiko haiek, Llachen hil-kanpaiak sorrarazi zituztenak. Hain urruti ez dagoen postfrankismo haren inpunitatea eta ahanzturaren politika gogorarazten dizkigun pelikularekin.

Suminetik gertuago beste ezer baino.

Desagertutakoak (3)

%x %A in Dolua, Suminetik bakera, Sarean, Zineman

desagertuakHodei Egiluzen kasuarekin abiatuta, desagertutakoen hari honi ekin nion blogean. 2017an topatu zuten galdakoztarraren gorpua, eta honek bidea eman zion behintzat familiari dolua itxi ahal izateko. Bestelako kasua da Borja Lazaro gasteiztarrarena, garai berean desagertu zena baina oraindik argitu gabekoa. Haren familiarekin eta Fernando Irigoien baztandarrarenarekin eta Miguel Angel Elorriaga iurretarrarenarekin osatu dute saio mamitsua “Ur Handitan”-en. Gomendagarria zinez.

Indarkeria politikoan murgiltzen bagara, indarrezko desagertuen arloan sartuko ginateke. Lur azpiko mundu erraldoia da, nazioartean historia garaikidean behin eta berriz tratatu izan dena 1970eko hamarkadatik hona. Argentinako guda zikina ziur aski adibiderik ezagunena eta latzena da, hango diktadurak ’70 eta ’80 urteetan eragindakoa, zineman luze eta zabal jorratutakoa (” La noche de los lápices” 1986an, “Ni vivo, ni muerto” 2001ean, “Kamchatka” 2002an, “Historias de aparecidos” 2005ean edo “El secreto de sus ojos” 2009an). Eta herrialde hartan bezala, Txilen, Kolonbian, El Salvadorren, Guatemalan, Mexikon, Espainian, Marokon, Aljerian, Palestinan, Iraken, Bosnian, Errusian, …

Euskal Herrian bueltan, oso aipatzekoa da Aranzadi Elkartean egindako lana memoria historikoaren inguruan, Italia, Polonia, Errumania eta Esloveniako erakundeekin batera. Ezaguna da Saharako desagertuen inguruan egindako lana. Eta tortura geurean xehe aztertzen egindakoa, hain lotuta desagerpenekin.

“Dancing with their fathers, dancing with their sons, dancing with their husbands, they dance alone” (Sting).

 

Adiorik Gabe (2)

%x %A in Antzerkian, Literaturan, Suminetik bakera, Zineman

Adiorik GabePasa den larunbatean, apirilaren 6an, Principal Antzokian aurkeztu zuten “Adiorik Gabe” ekimenaren laugarren ekitaldia. Inesa Ariztimuñok koordinatuta. Hain zuzen ere, DSS 2016ko hiriburutza kulturalaren haritik beste 3 ekitaldien jarraipena emanda. Gaur zortzi egindakoan, hiru izan ziren gogoratutako pertsonak: Jose Maria Elizegi “Mayi”, 1976an Donostian ETAk eraildakoa. Aiert Beobidek zuzendutako dantza saioa eskaini zioten. Gladys del Estal, bestela, Guardia Zibilak erail zuen 1979an Tuteran. Haren omenez, Koldo Almandozek zuzenduriko film laburra ikus-entzun genuen. Francisco Arratibel, azkenik, ETAk hil zuen Tolosako inauterietan 1997an. Juantxo Zeberiok zuzendu zuen haren omenezko pieza musikala. Mireia Galarza eta Isidoro Fernandez izan ziren haria josten batetik bestera ibili ziren aktoreak. Ekitaldi ederra, seme-alabekin konpartitzeko une hunkigarria.

Honekin oso lotuta, bereziki merezi duen testua publikatu zuen Pili Zabalak pasa den astean ere egunkarietan: “Sendabideak gure zauri kolektiboentzat”. Amu moduan lagatzen dizuet esaldi hau: “Indarkeriak kalte gehien egindako bost udalerrietan (Errenteria-Orereta, Arrasate-Mondragón, Elgoibar, Andoain eta Lasarte-Oria) akordioetara iritsi badira, Eusko Legebiltzarrean zergatik ez?”. Mikroan ahal da, baina makroan ezin.

Makroan, bitartean, posiblea izan da poliziaren abusuen biktimak aitortzeko legea aurrera ateratzea, hala Nafarroan nola Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere. Istilu artean atera ere, epaibideetara eramateko mehatxuekin lubaki batetik. Azken finean, besteen existentzia ukatuta, besteen humanitatea eta zauriei bizkarra emanda. Diagnostikoa bera ere (poliziek eragindako torturak eta erailketak) ukatzen baduzu, hurrengo urratsa blokeatzen duzu, sendabidea alegia. Zarataren erdian, zorionez, Maria Jauregi eta Iñaki Garcia Arrizabalaga desmarkatu dira Twitterren. Eider Hurtado telebistan “360 Grados” saioan. Edo Edurne Portela “El País”-en (“La caricia y la bofetada”).

Twitterren ere, Aitor Merinok ahotsa altxatu du TVEri ausardia gehiago eskatuz. “El silencio de otros” dokumental saritua (Almudena Carracedo eta Robert Bahar) eskaini dute telebistan egun hauetan, baina “Asier eta biok” ezinbestekoak blokeatuta jarraitzen du. Besteen existentzia ukatuta.

Ukazio eta blokeo horiei buruz zerbait badaki Harkaitz Canok ere, “Fakirraren ahotsa” (Susa, 2018) eleberrian jasotakoa, Imanol Larzabalen bizitza errealaren minetatik abiatuta. Bernardo Atxagak ere blokeoa pairatu behar izan zuen bere garaian “Soinujolarearen semea” (Pamiela, 2003) liburu bikainarengatik, orain zinemara eramandakoa. 

Adiorik gabe, gero eta gutxiago geratzen da “Suminetik eta saminetik bakera”  Zarautzen aurkezteko.

“Errealitatea ezagutzeko, errealitatea kargutzeaz eta errealitatea kargatzeaz gain, errealitatearen kargu ere egin behar da”. Ignacio Ellacuria.

Oparirik handiena

%x %A in Literaturan, Suminetik bakera, Zineman

elmayorregalo2018aren hondar hauetan, zubigile baten heriotzaren berria iritsi zaigu, olibondo eta errautsaren erresumatik. Amos Oz zendu da abenduaren 28an, Herodes errege juduak, Mesias delakoa akabatu nahian, hainbat ume errugabe hil zituenekoa  gogoratzen dugun egunean. Gaur egun “errege” judu berriek, Sharon eta Netanyahu horiek guztiek, ume errugabeak hiltzen jarraitzen dute. Eta, bien bitartean, Oz bezalakoak epeltzat, erdipurdikotzat eta traidoretzat jotzen dituzte. Oz bezala jerusalemdarrak diren Ada Yonath bake bilatzaileak. Hiri berekoa zen Isaak Rabin bezalakoa. Edo Kanadan jaiotako Yael Deckelbaum bezalakoa.

Urte honen amaieran ere, espainiar pelikula interesgarria ekarri digute zinema aretoetara: “El mayor regalo” (Juan Manuel Cotelo). Barkamenari buruzko filma da, barkatzen dutenei eta barkatuak direnei buruzkoa. Gatazka txikietatik hilketa eta atentatuetaraino. Tim Guénard frantziar boxeolari izandakoa, Irene Villa ETAren biktima izandakoa, Shane O’Doherty IRAren buruzagi izandakoa, Manuel Antonio Noriega panamar diktadore ohia eta Ismael Al Jatib hildako ume errugabea dira dokumentalaren protagonistak. Gorrotoaren apostoluek kritikatutako filma ikus-entzuteko irrikan nago. 2019an izango da. (Eskerrik asko Amaia!).

Urte berri on!

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

跳至工具栏