You are browsing the archive for Onkologikoak.

Ematen didazun hori

%A %B %e%q, %Y in Onkologikoak, Zineman

paudonesBeldurrarekin ez bizi, beldurrak askatasuna mugatzen digu. Ederki ikasi dugu hori martxotik, gizarte moduan. Aspalditik dakigun kontua da, hala ere. Eta Pau Donések, dokumental honetan, ematen digun mezu argi eta zuzenetako bat da. Ez dauka artifiziorik dokumentalak, estetikoki xumea da, zirrara nagusia sentitu nuen nik behintzat hasieran, abeslaria lehenengo aldiz agertzen denean, itxura inpaktante horrekin (hiltzen ari den pertsona batena, ez gehiago, ez gutxiago). Eta amaiera aldera, Pau kantuka agertzen denean. Jarraian, filma amaitu egiten da eta jatorrizko abestia entzuten dugu, kredituekin batera.

Egin kontu Jordi Evolek elkarrizketa egin eta 2 asteetara Pau hil zela. Orduan berak ez zekien zenbat denbora zeukan aurrean, baina asmo argia bai: Orainaldia bizitzea. Damuren bat ere erakusten du, aitatasunaren inguruan adibidez. Kontatzen duenez, hilabete batzuk eman zituen alabarekin bizitzen AEBetan. Asko disfrutatu zutela. Maitasuna adierazteko modu ederra, agurraren zati bat. Barkamena eskatzea eta ematea bezala, beste zati bat. Eta eskerrak ematea bezala. Hauek guztiak aipatzen ditu abeslariak dokumentalean. Bai eta umorearen garrantzia ere.

Val d’Aran aukeratu zuen Pauk bertan haren bizitzaren azken asteak bakean emateko. Tiziano Terzani kazetariak beste paradisu bat aukeratu zuen azken hilabeteak pasatzeko, Toscanako Apenino mendietan. Ez baduzue irakurri bere liburua (“El fin es mi principio”, gazteleraz), edo hartan oinarritutako pelikula ikusi, erabat gomendagarriak dira. Dokumental hau ikusita, beste pelikula horretaz gogoratu naiz, aberatsa benetan.

 

 

(Eskerrik asko, Ana).

Miguelen alaba

%A %B %e%q, %Y in Bizi gara!, Humanizazioa, Onkologikoak, Onkologikoak ez direnak

vietnamcomicAtzo premiazko moduan paziente bat ikusi nuen kontsultan (zorionez ez du ezer larririk ematen). Lehenengo begi kolpean, maskaren azpian, ezagutu ninduen, eta bere burua aurkeztu zuen aspaldiko paziente baten alaba bezala. Miguel aitaz gogoratzen naiz, aurpegia modu lausoan etortzen zaidan arren. Hurrengo kontsulta egunean ekarriko dizkidala argazkiak esan dit.

Horra hor aurrez aurreko kontsulten garrantzia. Elkar ikustearen garrantzia, eta beste modu batean hitz egin ahal izatearena. Pandemiaren garai gogorrenetan ere mantendu nuen gutxieneko arreta kontsultan aurrez aurre (Paliatiboetan bereziki), eta hemendik aurrera horrela jarraitzeko asmo osoa daukat. Onurak begi-bistakoak dira, hitzez hitz.

Eta aurrekarien garrantziaz idatzi nahi nuen post honetan, halaber. Besteak beste familia aurrekariak, nondik gatozen jakiteko, noren zainketan ibili zaren aurreko urteetan, zein dolu edo doluak dituzun, noren alaba zaren. Badago esaldi bikain bat esaten duena adeitasunez tratatzeko jende guztia, aurrean daukazunak zer zauriak dituen ez dakizulako.

Egun hauetan komiki bat irakurtzen nabil (zenbat pozten naiz Zarauzko liburutegia berriro martxan dagoela!): “The Best We Could Do: An Illustrated Memoir” (Thi Bui, 2017), gazteleraz “Todo lo que pudimos”. Bertan, egileak kontatzen du haren istorioa AEBetan etorkin moduan, Vietnamdik joandako familia baten alaba izanik. Aurreko hamarkadetan jatorrizko herrialdean gertatutako egoera latz guztiak, Frantziako Indotxina zenetik AEBetako Vietnamgo inbasioa arte (Bidenabar, ondo datorrena historia garaikidea errepasatzeko).

Nondik gatozen, noren zainketan ibili garen, noren seme-alabak garen edo ginen. Denok ahal duguna egiten dugulako.

Zuhaitzak besarkatzen zituen gizona

%A %B %e%q, %Y in Onkologikoak

zuhaitzakbesarkatzenZehazki Udalaitzeko tontorrerantz dagoen azken zuhaitza besarkatzen zuen gizona ezagutu dut, hilabete arraro hauetan. Baserri inguruetan oraindik desberdin bizi eta hil egiten da jendea. Horren lekuko bagara, eta gauza ederra da.

Mundu zahar idealizatuetatik kanpo, errealitatea da herriak husten ari direla, baserri asko abandonatuta gelditzen eta erortzen, eta eredu mistoak nagusitzen ari direla, erdi kaletarrak erdi baserritarrak. Zehazki, post honen protagonista ingurune misto horietako batean bizi zen, industriaguneetatik gertu, errepide eta errotonda baten ondo-ondoan, ortua duen baserri batean.

JT ezagutu nuenean, oraindik gai zen Udalaitzera igotzeko eta kotxea gidatzeko. Gainbehera nahikoa azkarra izan da, sufrimendurik eta botikarik apenas, zainketak etxean bermatuta. Azken bisita baserrian izan zen, urteak betetzen zituen egunean. Hitz gutxi, begirada adierazkorrak, egia esan sendotasun horietara ez gaude ohituta. Nik beti esaten dut beste belaunaldi horiek (eta aurrekoak) egur bereziz egindakoak direla (zirela). Gaztainondozkoak, gaur egungo aglomeratuen ordez.

JT ixilik hil zen, zuhaitzek kontatutakoa berarentzat gordeta, edo akaso etxekoei zerbait esanda. Geure lan honetan tarteka biografia liluragarrien lekukoak gara, zirrikitutik antzematen ditugun pasarteak gogoratzekoak dira. Eta beti eskertzekoa lurralde sakratu haetan sartu ahal izatea, alboan egoteko bada ere.

 

PD.- Jon Maiaren dokumentala ikus-entzun duzue?

Katanga

%A %B %e%q, %Y in Dolua, Humanizazioa, Onkologikoak

UdazkenaUdagoienik udazkenena izaten ari da aurtengoa. Azken urteotako miraria, uraz blai, berdeek, gorriek, horiek, laranjek eta marroiek mozkortuta. Emankorra. Poz-pozik.

Debagoieneko ospitalea ere udagoienak hartu du. Bata bertzearen atzetik ospitaleratu eta hil dira aspaldiko gaixoak eta aste hauetan ezagututakoak. Onkologikoak eta ez direnak. Tartean, rokero zahar bat baino gehiago. Tarteka, batzuk etxean bertan hiltzen dira, besteak geurean. Sagarrez sagar. Galdetzen badidazue ea geuk zelan kudeatzen dugun emozionalki hau guztia, erantzuna argi dago. Norberak ahal duen moduan.

Esperientziak laguntzen du, nire kasuan, eta kontuari aurrez aurre begiratzeak. Eta aitortzeak nik ere dolua egin behar dudala pazienteekin, batzuekin lan handiagoa eskatzen didala, edukitako harremanaren arabera, prozesua zelakoa izan denaren arabera, zenbat iraun duen, agurrik egon den ala ez. Abiatzen gara errealitate batetik: Sagarrak baino pertsonak direla (garela). Batzuk gorriak, bertze batzuk berdeak, horiak, laranjak edo marroiak. Humanizazioak hau dakar, sentitzen dugula, existitzen garela.

Katanga Kongoko hegoaldearen eskualdea da, Zaire izandakoa. 1960-1970eko hamarkadetan independentziaren aldeko mugimendua egon zen, mugakidea den Angolarekin lotutakoa. Akaso honengatik edo auskalo zergatik, Arrasaten Katanga izeneko taberna egon zen. Ez dut ezagutu, suposatzen ari naiz desagertu egin zela. Baina ezagutu dudana bertako familia kide bat izan da, lankidea ere izandakoa. Saltsa askotako perrexila, bertzeak beste Mondragoeko danborradarena. Errealzale leiala, alaia, limurzalea. Urte onetan berarekin ospitalean gurutzatzeak zekartzan loreak, hitz ederrak eta muxuak. Bizipoza.

Haren alboan egoteko zoriona eduki dut, haren azken egunetan. Asteak pasatu dira hil denetik, baina orain etorri zait barrukoa husteko aukera. Eskerrik asko R, bihotzez, konfiantzagatik.

 

 

Hondar higikorrak (2)

%A %B %e%q, %Y in Humanizazioa, Literaturan, Onkologikoak, Osatzetik Arintzera, Zarautz Errukitsua

HenningMankellUdako irakurketen artean aurten sartu dut aspalditik zintzilik neukan liburu hau. Eta Ingalaterra aldean dastatu ahal izan dut azkenean uda honetan, atsegin handiz, gaztelerazko itzulpenean.

Henning Mankell idazleari minbizia antzeman zioten 2013ko abenduan, eta “Hondar higikorrak” (“Kvicksand”) liburuan 2014ko maiatza arte egindako hausnarketak ta oroitzapen autobiografikoak elkarbanatu zituen 67 atal laburretan zehar, gehi epilogo are laburrago bat. Irakurraldi udatiar erraza suertatzen da, gai korapilotsua izan arren, nahiz eta irakurlea ur handitan murgiltzen den idazlearekin batera.

Izan ere, oporretan ere bizitzak aurrera darrai, udan ere jendea bizitzaren amaieran sartzen da. Heriotzaren presentzia bereziki deserosoa da urteko sasoi honetan, batik bat kostaldean. Death Cafeak eten egiten ditugu oporrak direla-eta, hondartzako eta kaleko giro honengatik. Beroak ez du laguntzen, noski, baina esaldi bikain horietako bat irakurri dut HUCIren webgunean aste honetan: “La vida debe ser un equilibrio constante entre el movimiento y el descanso”.

2015eko urrian hil zen Mankell suediar dramaturgoa.

Ahoa itxita kantatzen duzu, eta nik hil arte bizi nahiko dut. Konturatu naiz zaila dela ahaztea, uso guztiak otso direla baso ilunetan.

(Nøgen –  “Liv til døden’’).

Jx

%A %B %e%q, %Y in Dolua, Onkologikoak, Zaintzaileak, Zarautz Errukitsua


0148-2-Beriain-elurretanEgunak pasatzea nahiago izan dut ganorazko zerbait idazteko. Bitartean, liburu bat oparitu didate lanean (eskerrik asko, A!): “22”. Adin horrekin minbiziak jotako biografia baten urte oso bat lehenengo pertsonan kontatzen duena. Paule San Salvador del Valleren autobiografia onkologikoa, gorak eta beherak, itxaropenak, desesperazioa, umorea, maitasuna, pasadizo sexualak, hausnarketa sakonak, gorrotoa, pasarte kannabikoak. Humanitatea letra handiz. Neska durangar honen berri eduki dut urte hauetan, baina hain zuzen egunotan ekin diot bere hitzak irakurtzeari. Ondo dago konturatzea zelan ikusten gaituzten medikuok beste aldetik. Zoragarria da biziminez bizitako existentzia honi buruz irakurri izana. Eta zoragarria epilogoa. Esaldi bakar batekin gelditu behar baldin banintz, Paulek jasotako honekin geldituko nintzateke (Pepe Mujicarena):

“El hombre es un animal muy fuerte, es mucho lo que puede soportar”

Anboto aldetik Pagoeta aldera itzulita, arrano buruzuriaren hegaldi dotoreaz, biziminez egindako abentura baten amaierara iritsi gara. Aitortzen dut doluan nagoela, hutsunea sentitzen dudala. Beste batzuetan baino gehiago kostatzen ari zait agur esatea. Asko eta asko dira lanean ezagututako gaixo terminalak, hildakoak, asko da ikasitakoa. 12 urte izango dira laster aita hil zenetik, 2007ko uztail hartatik (hain urruti, hain gertu). Hala ere, hau benetan zaila da ondo adieraztea.

Agur esan nahi diot maisu bati, botak jantzita zendu den gizon bati, ia-ia nire kintakoa. Izaki espiritual bati, azken Gabon gauean ezagutu nuena eta egun hartan bertan esan zidana: “Nire bizitzaren onena oraindik etortzear dator”. Medikuoi asko kostatzen zaigu gauza batzuetan sinestea, mirariak onartzea, geure Medikuntzatik kanpo dagoena eta ukiezina eta ulertezina denari aurrez aurre begiratzea. Baina egia da, bizitzaren onena izan daiteke anabasa baten erdian oreka topatzea eta zure neska-lagunarekin ezkontzea. La Perlan bainu hori hartzea. Umorea piztuta mantentzea. Irribarria eta Urrutikoetxearen arteko pilota finala ez galtzea. Irribarrea ez galtzea.

Zergatik neurtu mendiak (Anboto, Pagoeta…) metrotan eta ez edertasunean? Zergatik neurtu bizitza urteetan eta ez gauzatutako ametsetan eta urratutako bidearen dotorezian? Behin eta berriz bueltatzen naiz hitz hauetara, Felix Iñurrategiri dedikatu zizkiotenak. Datorren urteko uztailean 20 urte izango dira Felix Himalaietan hil zelarik. Felix izan zen Euskal Herriko pertsona askorentzat lehengusu bat bezala, familiakorik inolaz ere izan ez arren. Dolu kolektibo handia izan zen.

Zurekin antzeko bat gertatu zait, familiakorik izan ez arren. 7 hilabeteko adiskidetasun eta bizilaguntasun trinkoa, gupidatsua. Zoragarria izan da hainbeste intentsitatez bizitako zeure existentzia ezagutu izana, Jx. Liburu potolo bat, dokumental bat egin zitekeen zeure mundu honekin guztiarekin. 

Ezinezkoa da zu ez maitatzea. 

 

 

 

Pertsonen eskubideak bizitzaren amaieran

%A %B %e%q, %Y in Dolua, Humanizazioa, Onkologikoak, Onkologikoak ez direnak, Zaintzaileak, Zarautz Errukitsua

ArartekoUztailaren 4 eta 5ean izenburu horren uda ikastaroan egon naiz Miramar jauregi donostiarrean, Arartekok antolatutakoa. Zainketa Aringarriak Giza Eskubide moduan. Gu guztion bizitzetan plazerra, gozamena eta zoriona zelan tartekatzen diren mina eta sufrimenduarekin.

Mabel Marijuan-en hasiera indartsua izan zen. Eskubideak (eta arauak) baloreetan sustatuta egon behar direla, eta ez alderantziz. Esparru honi “azken egunetako lurraldea” deitu zion, lurralde zehazgabea, kartografiatu ezin dena. Norberaren lurraldea edo besteena. Ziurgabetasunak estutzen gaitu, aurreikusteko gaitasunik eza. Heriotzaren beldurrak zoriona oztopatzen du, eta horren aurrean antsietatea saihestezina da.

Asko gustatu zitzaidan Mabelek erabilitako metafora bat: Heriotzari begiratzea da eguzkiari so egitea bezala, bakarrik tarte laburraz egin daitekeela. Baita hiru kontzeptuekin egindako hausnarketa ere: Denbora, bakea eta askatasuna. Horietatik bat ere ez dagoela heriotza biolentoen kasuetan, edo bestelako bat-bateko heriotza goiztiarretan. Bere hitzetan, besteen azken egunetako lurraldea gurea ere bada “por imperativo real“. Bestela, benetako hiru errelato mota daudela: Bidaiariarena, nekazariarena eta hiltzear dagoenarena. Hitz egin behar dugula aurretiaz gauzetaz. Eta amaitzeko, aspaldiko hiru kontzeptu: Askatasuna, anaitasuna (arrebatasuna…) eta berdintasuna.

Rafa Motak gurea Medikuntza humanista dela gogorarazi zigun. Zelan eman bizitza bizitzaren amaieran? Z.A.-etako estigmaz, “amore ematearena”. XXI. mendeko paradigma aldaketak. Komunikazio eraginkorraren (eta afektiboa: efectiva/afectiva) garrantziaz. Arreta goiztiar eta sinkronikoarena.

Pepe Quintas-ek API (Arreta Plan Indibidualizatua) eta Innopal-i buruz hitz egin zigun, eta azken honetan gaixo eta senideentzat diseinatu duten koadernoaz. Halaber, formakuntza eta kapazitazioaz.

Julio Gomez hasi zen desira eta errealitatea ez nahasteko aholkatzen. Batzuetan ezin dugula lagundu, baina bai hor egon. Eta bertako datu batzuk EAEn eman zizkigun: Urtean 20.000 pertsona hiltzen direla, %70a >74 urtekoak, %54a ospitaleetan. Hiru kontzeptu: Ospitalitatea (abegikorra izatea), presentzia (bizipen trinkoa da) eta errukia (enpatiatik egitea, mugitzea). Arintzen duena harremana delako. Paul Ekman aipatu zuen. Eta GES galdetegia, espiritualtasunaren arloan. 

Brigida Argotek gogorarazi zigun heriotzen 3/4ak gaixo kronikoengatik datozela. Gaitasun profesionalen artean jakitea, egoten jakitea eta izaten jakitea daudela. Eta autonomia eta erabakitzeko eskubidea azpimarratu zituen.

Marijo Goikoetxearen txandan, harreman simetrikoen alde egin zuen. Esparru pribatuan erabakiak zailak direla, eta errespetuaz eta tratu onaz jokatu behar dugula. Denok gardu batean edo bestean hauskorrak eta menpekoak garela, “autoinsuficientes”. “Con-vivir” kontzeptutik “con-morir”-era. Biografia osatu behar duela hiltzear dagoenak, berkonfigurazioa. Profesionalon gaitasunak hala teknikoak nola etikoak izan behar direla. Desberdindu behar ditugula emozio puntualak eta kontrolatuak aldi batetik, eta bestetik etengabekoak, sufrimendua eragiten dutenak.

Iñaki Saralegik aurretiazko borondateen dokumentua etorri behar dela hausnarketatik nabarmendu zuen. Esparru hau garrantzitsua dela senide bakoitzaren rola identifikatzen laguntzeko eta dolua errazteko. Kontsulta sakratuen kontzeptua konpartitu zuen halaber.

Pablo Iglesias medikuak, erabakiak hartzeko, profesionalok ezagutzatik eta gaixoek eta senideek baloreetatik abiatzen garela aipatu zuen. Zientzia eta etikaren arteko oreka dela. Proportzionaltasuna goraipatu zuen, basakeria eta utzikeria terapeutikoaren artean. Eta heriotza ahalbidetzeak ez duela esan nahi heriotza eragitea. Teknologiaren gatibuak garela. “Futility” kontzeptua azpimarratu zuen. Osteguneko arratsaldean, “Los demás días” (Carlos Agulló, 2018) dokumentala konpartitu genuen, Iglesias protagonista bertan zegoelarik.

Peter Tyndall Irlandako Ombudsmanek,ostiraleko goiza zabaldu zuen. “A Good Death: Progress Report” argitalpenaren berri eman zigun. Bestetik, kexa gehienak komunikazio arazoak direla aipatu zuen. Baita arretarik ez egotea 24/7/365. Eta “End of Life coordinator” figura interesgarria ospitale mailakoa nabarmendu zuen.

Lori Thompson “Ponte en su lugar” bideoarekin hasi zen, Matia Fundazioan egindakoa, enpatiaz eta gaixoa erdigunean kokatzeaz. Psikologia humanista nabarmendu zuen, Carl Rogers-en lanarekin.

Marina Martinez-ek, bestela, duintasun terapiari buruz ederki jardun zuen, Harvey Chochinoven lanaz. Sufrimendu psikologikoaz eta existentzialaz. Eta gogorarazpen bat: Oinarrizko gauzak sarritan garrantzitsuenak direla.

Silvia Fernandez-ek meditazio teknika bat azaldu zigun, “bizkar sendoa, bihotz leuna” (John Hallifax). Eta mindfulnessen osagariak: Presentzia, arreta osoa, entzumen aktiboa.

Amaitzeko, komunitate errukitsuei buruzko mahai ingurua konpartitu genuen Julio Gomezek (Santurtzi hiri zaintzailea), Estibaliz Gutierrezek (Vivir con voz propia), Maider Grajalesek (Getxo Zurekin) eta laurok, ikastaroari amaiera ederra emanez.

 

PD.- Egun haietan, aldi eta leku berean, suizidioaren inguruko beste uda ikastaro mamitsua eskaini zuten.

Arrano buruzuria

%A %B %e%q, %Y in Bizi gara!, Onkologikoak, Zaintzaileak, Zarautz Errukitsua

BaldEagleIngelesezko izena gora-behera, ez da arrano burusoila, buruzuria baino. Ipar Amerikako hegazti harrapari hau arrantzalea da nagusiki eta, desagertzeko arriskuan egon bada ere, haren presentzia egonkortu egin da Alaskan, Kanadan, Quebecen eta AEBetan.

Biziminaz zoritxarraren aurrean idatzi nuen duela 4 hilabete, abenduaren hondarretan ezagutu nuen bizilagunaren istorioak txundituta. Hitz jokoa eginez gero, “bald eagle”-tik “bold eagle”-ra pasa gaitezke. Burusoila. Ausarta. Kementsua. Natura sendagaia izan daitekeela gogorarazten digun artikuluan, Felix Zubiak aipatzen zuen oinarrizko puntua: Gizakiok ondo sentitzen gara naturan animaliak garelako finean.

Animaliak. Arranoak. Arrainak. Basoan, itsasoan edo lurraren barrunbeetan. Bizilagun buruzuriak. Herri zaintzailea, errukitsua, gupidakorra. Zarauzko geure ekimenak urtebetea egin du, urtebete bizitzaren amaieraren gaia gizarteratzen.

Zeuri dedikatuta, J.

 

Info+: Diario Vascon eta Erlo Telebistan.

 

Europako atlas aringarria

%A %B %e%q, %Y in Onkologikoak, Onkologikoak ez direnak, Sarean

EAPCAtlasPasa den astean, Iruñean egon nintzen Berlinen izandako EAPCren kongresuaren laburpenean. Carlos Centenok eta lantaldeak bertan aurkeztu zuten Europako atlasa zainketa aringarrien (ZA) inguruan, 3. edizioa hain zuzen ere. Azken urte hauetan Afrika, Latinoamerika eta Mediterraneoko Ekialdeko herrialdeen egoerara hurbiltzeko ahalegina egin dute egileek, eta oraingo honetan geure kontinentearen datuak aztertu dituzte.

Izan ere, urtero 4 milioi pertsona inguru hiltzen dira Europan gaixotasun larriekin lotuta, horietatik 140.000 inguru haurrak direlarik (gehienak gaixo kronikoak, neurologikoak eta kongenitoak). 2014an, %38a minbiziak jota hil zen, %25a zirkulazio gaixotasunengatik, %11a istripu zerebrobaskularrengatik, eta beste hainbeste birikako eritasunengatik.

Atlas honetan 51 herrialderen informazioa jaso dute, eta 4 multzotan sailkatu dituzte: Lehenengoan, arreta hoberena eskaintzen dutenak daudelarik, Irlanda eta Erresuma Batua topatu ditzakegu, besteak beste, eta buruan Austria. Bigarrenean, Frantzia eta Portugal. Hirugarrenean, Espainia eta Errusia. Azkenekoan Turkia eta Grezia.

Zortzi herrialdek, bestela, lege nazionalak dituzte ZA inguruan: Frantzia, Belgika, Luxenburgo, Italia, Portugal, Albania, Alemania eta Armeniak. Beste 8k derrigorrezko unibertsitate ikasketak jasotzen dituzte Medikuntza fakultateetan (Alemania, Frantzia, Erresuma Batua, Belgika, Suitza, Estonia, Luxenburgo eta Moldavia), eta 4k Erizaintza eskoletan (Frantzia, Polonia, Austria eta Kirgizistanek).

Mina arintzea da ZAetako zutabea (Lancet, 2018), eta morfina botikarik egokiena. Opioideen kontsumo tasaren arabera, beste 4 multzotan sailkatu dituzte herrialdeak: Lehehengoan Espainia eta Irlanda (eta buruan Austria), bigarrenean Erresuma Batua, Frantzia eta Portugal, hirugarrenean Estonia eta Polonia eta laugarrenean Errusia eta Turkia.

Amaitzeko, 51 herrialdeetatik 44k elkarte nazionalak dituzte: Lehendabizikoa Erresuma Batukoa (APM)  izan zen 1985ean, 1988an EAPC sortu zuten,   1990ean Danimarkakoa (Palliativ), Frantziakoa (SFAP), Espainiakoa (SECPAL) eta Luxenburgokoa (Omega 90), 1994an Alemaniakoa (DGP), 1995ean Portugalgoa (APCP), 1999an Austriakoa (OPG) eta 2002an Poloniakoa (PTMP), besteak beste.

Info+: https://eapcnet.wordpress.com/2019/05/24/new-edition-of-eapc-atlas-of-palliative-care-in-europe-launches-at-16th-eapc-world-congress-in-berlin/

Botak jantzita

%A %B %e%q, %Y in Onkologikoak, Osatzaile zauritua, Osatzetik Arintzera, Zaintzaileak

WithHisBootsOnBatzuetan ez da erraza Barne-Medikuntzaren zerbitzu batean zainketa aringarriak egitea. Zuretzat argi dauden oinarrizko gauzak ez daude antza hain argi. Ez dut esaten Traumatologian edo Ginekologian, Barne-Medikuntzan baizik. “Ghetto” edo “sekta” aringarritik kanpo basamortuan predikatzea da zentzu batean. Bakardade sentsazioa.

Honen guztiaren erdigunean, edozein modutan, gaixoak eta senideak daude. Eta ez genuen ahaztu behar izango. Oinarrizko gauza horietakoa da, are gehiago, kontu sakratua izango beharko litzateke. Eta erdigune horretan arretaz begiratu eta entzuten dugunean, biografia desberdin eta mamitsuak topatzen ditugu. Zaratatik kanpo eta presarik gabe eseritzen garenean, zenbat kontu…

Beste behin ere Custer jeneralaren moduko bat ezagutu ahal izan dut, botak jantzita hiltzen den horietako bat: JM. Progresio ona egin duen kasu horietako bat, familiaren babes ederra eduki duena, bizitza modu onean amaituz. Bere biografiarekin modu koherentean. Borobildutako bizitza bat, antzeko katebegiak mundu honetan laga dituena. Zailtasunen aurrean zutunik, Errol Flynnen moduan.

Heriotza ona zer da? JM-ek eduki duena, zalantzarik gabe. Eta aste hauetan M-k eta MJ-k ere eduki dutena, beste gaixo batzuen artean.

Botak jantzita.

 

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

Skip to toolbar