Hamarkada bat

%x %A in Bizi gara!, Dolua, Oroimenean

lindholmhojeGustua bidaiak prestatzeko, bizitzeko eta gogoratzeko, hiru momentuak dastatzea. Hizkuntzak erabiltzea, janari ezohikoak dastatzea eta usaintzea, lekuetako irratiak entzutea, giza patroi desberdinei begiratzea. Hala baseliza txikiak nola katedrala erraldoiak bisitatzea. Monasterioetako edo klaustroetako babesa sentitzea. Eta lainoekin eta euriarekin ez izutzea, are gehiago maitatzen ikastea.

Txikitako bidaia luze horiek, Gaztelatik Euskal Herrira eta alderantziz, leihoetatik zeru horiek, errepidean kamioiak eta kamioiak. Eta musika klasikoa*, ezaugarri nagusia, aukeran barrokoa. Mocedades eta  Oskorri ere bai, haurtzaroko diasporako soinu banda. Geure umeentzat, bidaien oroitzapen musikalak Petti eta Ruper Ordorika izango dira beharbada, eta klasikoa ere fondoko teloian ibiliko da, katearen jarraipena.

Hori guztia eta hainbat gauza gehiago utzi zidan bizi ondare moduan aitak. Oroitzapen moduan betiko eramango ditut nirekin, aurten Danimarkaraino. Baloreak ere txertatuta ditut eta eurak ere beti nirekin eramaten saiatzen naiz. Eta horietako batzuk hain zuzen ere pelikula daniar batekin islatzen dira. Nazioarteko kooperazioa adibidez, filmean agertzen den dramatismorik gabe, zorionez. Mediku profesioa, minbizia eta heriotzarekiko harremana, dolu pertsonalak kudeatzea, aita moduan sarritan daukagun lan nekeza. Ederki islatzen dira “Haevnen / In a better world” Oscar saridunean (Susanne Bier, 2010). Minbizia eta heriotza, uztailaren 22an hamar urte bete dira. Ordutik bi jaiotza, Ilazki eta Aiorarenak etorri dira, eta beste heriotza bat, amarena, minbiziarengatik berriro ere.

Badago beste pelikula danimarkar bat zerrendan, honekin guztiarekin bat egiten duena eta hango paisaiak eta isiltasunak ondo islatzen dituena, “Stille hjerte / Silent heart” (Bille August, 2014), eutanasiaren ingurukoa eta Donostiako Zinemaldian urte hartan aurkeztu zutena.

Alberto Peña Iturria (1942-2007). In memoriam.

PD.- Argazkian, Lindholm Hoje hilerri bikingoa. Aalborg inguruan.

*Adibidez Carl Nielsen, Symphony 4. Daniar ezagun bat aukeratzeagatik.

 

 

Leave a reply

电子邮件地址不会被公开。 必填项已用*标注

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

跳至工具栏